Eu

Eusko Jaurlaritzak Merkatuari zuzendutako Aurretiazko lehenengo Kontsulta bideratu du, identifikatutako erronketarako soluzio berritzaileen bila

2019.eko uztailak 19
  • Aurretiazko Kontsulta, enpresa egituraren lehiakortasuna eta zentro teknologikoetan eta unibertsitateetan egindako ikerketa lanak merkatura heltzea bultzatzen duen Berrikuntzaren Erosketa Publikoaren (BEP-CPI) lehenengo fasea da.
  • Eusko Jaurlaritzak, ETSren bitartez, ezponden eta material mugikorraren sentsorizaziorako ideiak eta soluzioak bilatzen ditu, berak kudeatzen duen eta Euskotrenek ustiatzen duen sarean.
  • Kontsulta, ezponden kontrolean, material mugikorraren sentsorizazioan eta ondorengo datuen tratamenduan esperientzia funtzionala eta teknikoa duten enpresei dago zuzenduta. Arlo horietako ikerketa taldeei eta ezagutzaren eragileei ere badago zuzenduta.
  • Ekitaldia datorren astelehenenean, uztailaren 22an, egingo da, Bizkaia Eraikineko Auditorioan.

Eusko Jaurlaritzak, Berrikuntzaren Erosketa Publikoa bultzatzeko plana martxan jarri izana iragarri du, Euskadiko enpresetan eta Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sarean lehiakortasuna eta enpleguaren sorkuntza sustatzeko xedez.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila buru den ekimenaren jende aurreko aurkezpena astelehenean, uztailaren 22an, izango da Bilbon. Egingo den jardunaldi teknikoan Estíbaliz Hernáez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordeak eta Aitor Garitano Euskal Trenbide Sarea – Red Ferroviaria Vascako Zuzendari Nagusiak hartuko dute parte.

Lehenengo kontsulta horretan, Eusko Jaurlaritzak, ETS erakunde publikoaren bitartez, ETSk kudeatzen eta Euskotrenek ustiatzen duen sarean ezpondak eta material mugikorra sentsorizatzeko ideiak eta soluzioak bilatzen ditu. Horrela, Bizkaia Eraikineko Auditorioan egingo den jardunaldia, aipatutako arloan esperientzia funtzionala duten enpresei egongo da zuzenduta, baina baita gai horietako ikerketa taldeei eta ezagutzaren eragileei ere.

Berrikuntzaren Erosketa Publikoa

BEP-CPI prozesua, sektore publikoan konpondu barik dauden erronketan oinarrituz egituratzen da, eta enpresek eta ikerketa zentroek soluzio proposamenak aurkeztu beharko dituzte. Horrek guztiak, produktu eta zerbitzu berriak aurrera eramateko aukera eskainiko die, eta etorkizuneko erosleentzako merkataritza plataforma ere izango da.

BEP-CPI oso tresna zabaldua da hainbat herrialdetan, Estatu Batuetan adibidez, eta Europarekin duen lehiakortasun arloko arrakalaren gakoetako bat dela esaten da. Europar Batzordea, bere aldetik, horrelako prozesuak bultzatzen ari da, bere berrikuntza eta lehiakortasun tasak handitzen jarraitzeko xedez.

BEP-CPI plan hori baliagarria izango da, baita ere, berrikuntza irekia sustatzeko, erakunde publiko erosleetan erronkak identifikatzeko jardunbide sistematikoak sartzeko, eta baita soluzio posibleei buruz merkatuari kontsultak egiteko mekanismoak sortzeko ere. Horrez gain, soluzio berritzaileen erosketak, normalean sartzeko zailak zitzaizkien kontratazio publiko prozesuetan enpresa handien eta txikien partaidetza sustatzen du.

ETSren Merkatuari zuzendutako Aurretiazko Kontsulta

Merkatuari zuzendutako Aurretiazko Kontsulta, ETSk aurretik identifikatu dituen eta, gaur egun, merkatuan soluzio egokirik erakusten ez duten erronkei aurre egiteko soluzio berritzaileak hornitu ditzaketen enpresekin eta zentro teknologikoekin izan beharreko elkarrizketa prozesuaren hasiera baino ez da.

Asteleheneko jardunaldian lehenengo harremanak ezarriko dira enpresekin. Topaketan ETSko teknikariak izango dira identifikatutako erronkak zehaztasunez azalduko dituztenak, eta baita aurrekariak, beharrak, helburuak eta prozesuaren amaieran bilatzen diren emaitzak ere. Erakunde publikoak 2 milioi euroko aurrekontua du horretarako erreserbatuta.

Jardunaldian, Manuel Varela SILOko Sektore Publikoko Zuzendaria eta Berrikuntzaren Erosketa Publikoan COTEC adituak ere hartuko du parte, prozedura eta proposamen berritzaileak Kontsultara aplikatzea eta hurrengo pausoak azaltzeko.

Saioaren amaieran, erronkei edo Kontsulta prozedurari buruzko zalantzak argitzeko denbora utziko da.

Kontsultan parte hartzeko interesa duten erakundeek irailaren 10eko 23:59ak (bertako ordutegian) baino lehen bidali ahal izango dute euren proposamena, Euskadiko Kontratazio Publikoaren Kontratatzailearen Profilean argitaratuko diren deialdiaren oinarrietako jarraibideak jarraituz.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Manuel Varela (Director de Sector Público en SILO y experto COTEC en Compra Pública de Innovación)