Berriak Lehendakaritza
Eu

Urtearen balorazioa egin du Etxepare Euskal Institutuak Patronatuaren bileran

2019.eko uztailak 19
  • Institutuko zuzendariak 2018ko urteko kontuak, kudeaketa txostena eta memoria aurkeztu ditu Lehendakariaren aurrean; baita 2019an jorratzen ari diren ildoen eta aurrekontuaren berri eman ere

Iñigo Urkullu lehendakaria izan du mahaiburu gaur goizean lehendakaritzaren egoitzan burutu den Etxepare Euskal Institutuaren patronatuaren bilerak. Institutuaren kudeaketarekin loturiko hainbat gairen berri ematearekin batera, 2018. urtean gauzatutako jarduerak azaldu eta 2019. urteko ekintza nagusien berri eman du bertan Institutuko zuzendari Irene Larrazak.

Lehendakariaren agurraren ostean eta aurreko bilerako akta ezagutzera eman eta gero, Institutuko zuzendariak, patronatuko kideei 2018. urteko kontuak eta kudeaketa txostena aurkeztu dizkie, baita 2018. urteko memoria ere. Horrekin batera, 2019. urteko aurrekontuen berri ere eman die: 3,04 milioi eurokoa da.

Halaber, urteko ildo nagusien aurkezpena egin du Larrazak. Alde batetik, bertako erakunde publiko eta kultur eragileekin koordinazio eta lankidetza hobetzeko, koordinazio eremuak identifikatu eta lan dinamika eraginkorragoak jarri ditu martxan Institutuak. Bestetik, hazkunde kualitatiboari eutsi dio Etxeparek, jada sortuak dauden sareak sendotuz eta beste erakunde batzuekin lankidetza sustatuz. Horrekin batera, diru-laguntza deialdietan hainbat aldaketa txertatu ditu kultur sektorearen beharrei hobeto erantzuteko. Besteak beste, aurreko urtean gauzatutako prozeduren digitalizazio prozesua sendotu egin da eta diru-laguntza berri bat sortu da nazioarteko liburu azoketan liburuaren sektoreko profesionalen parte hartzea bultzatzeko.

Bestalde, euskal kulturari nazioartean ikusgaitasun handiagoa emateko hainbat ekintza esanguratsu bultzatzen ari da Institutua.

Euskararen irakaskuntzaren alorrean aipatzekoa da, aurreko urtean Institutuak bere gain hartutako Euskara Munduan programak lehen fruituak eman dituela 2018-2019 ikasturtean zehar. Euskal Etxeetan euskararen irakaskuntza sustatzea helburu duen egitasmo hau HABEk kudeatzen zuen lehengo urtera arte, eta mundu osoko 75etik gora Euskal Etxek hartzen duten parte bertan. Mundu akademikoan eta irakaskuntzaren alorrean Etxepare Euskal Institutuak duen jarduna irakurletza eta katedra sarearekin osatzen da. Euskara eta euskal kultura klaseak ematen dira 18 herrialdetako 35 unibertsitatetan, 30 irakurleren bitartez, eta zortzi euskal ikasketen katedra daude beste hainbeste unibertsitatetan. Horrez gain, 2019-2020 ikasturterako beste katedra bat jarriko da martxan, Institutuak Argentinako CONICET erakundearekin duen elkarlanari esker.

Era berean, nazioartean euskal kulturaren irudi nabarmen bat proiektatzeko eta euskal sortzaileen eta hauen lanen ikusgaitasuna areagotzeko ekintza eta komunikazio estrategia berria garatzen ari da Institutua; eta horrek herrialde ezberdinetan urtero euskal leiho bat irekitzean du bere funtsa. 2018. urte amaieran hasi zen Etxepare Euskal Institutua estrategia horretan lehen jomuga izango zen lurraldearekin lan egiten: Eskozia. 2019. urtean zehar, Scotland Goes Basque proiektua garatu du bertan, eta euskal kultura eta arteek leku berezia izan dute urte guztian zehar Eskoziako kultur ekitaldirik garrantzitsuenetan. 2020. urtera begira, estrategia hori Quebeceko lurraldearekin errepikatzeko asmoa du Institutuak; eta jada hasi da horri begirako lehen pausuak ematen.

Azkenik, eta kultur diplomaziaren alorrari dagokionez, Etxeparek EUNICen (Europako Kultura Institutu Nazionalen sarea) duen eragina eta mugaz gaindiko kultura lankidetza areagotu ditu Institutuak.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AsierAranbarriU
    2019.eko uztailak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🔵 El Lehendakari @IUrkullu ha presidido la reunión del Patronato del Instituto Vasco @etxepareES ➡︎ https://t.co/wynLCAAwHt h…

Ekitaldiko kargudunak