Eu

Euskadiko zazpi estuario eta lau urtegi, uren eutrofizazioa jasateko eremu kaltebera dira oraindik ere

2019.eko uztailak 17
  • Eremu babestuak eta horiek hiri- eta nekazaritza-isurien nutrienteek kutsatzea ekiditeko kontrolak eguneratzen dituen Dekretua onartu da.

 Gobernu Kontseiluak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hala proposatuta, Euskadin uren eutrofizazioa jasateko eremu kalteberak eguneratzeko Dekretua onartu du aste honetan. Eremu horiek barnealdeko arroak eta itsasaldekoak hartzen dituzte barne, eta horiek kutsatzea ekiditeko kontrolak eguneratu dira.

Dekretu berriaren arabera, eremu kaltebera izendatutako eremuak 2012ko urriko aurreko dekretuan aipatzen ziren berberak dira, egindako azterlan teknikoetan ez baita babestea behar duen eremu berririk hauteman. Eremu horiek Gipuzkoako lau urtegi txiki dira, eta zazpi ibaietako estuarioak: lau Bizkaian daude eta hiru Gipuzkoan. Urtegiak honako hauek dira: Aixola (Elgeta), Barrendiola (Oñati), Ibaieder (Azpeitia) eta Urkulu (Aretxabaleta). Estuarioak, berriz, honako hauek: Butroe (Plentzia), Oka (Gernika-Urdaibai), Lea (Lekeitio) eta Artibai (Ondarroa) Bizkaian, eta Inurritza (Zarautz), Oiartzun eta Bidasoa, Gipuzkoan.

Eremu kalteberak adieraztea 1991 urteko EBren Zuzentarau batek derrigortzen du; 1996 urtean egin zuen bere Espainiako legediak. Zuzentarauaren helburua da gehiegizko nutrienteak (nitrato eta fosfatoak, batez ere) dituzten ur-masak babestea. Nutriente horiek, orokorrean, hiri-aglomerazio edo nekazaritza-jardueren hondakin-uretatik datoz. Eutrofizazio deitzen zaio fenomeno horri, kutsadura kimiko mota bat da, eta alga, landare eta bestelako organismoak gehiegi hazten dira. Ondorioz, uren eta horien ekosistemen kalitatea kaltetzen da.

Tratamendu zorrotzagoak

Eremu horietan eragin dezaten isurien kontrola bereziki zorrotza da 10.000 biztanle baino gehiagoko hiri-aglomerazioek kaltetzen dutenean. Kasu honetan, eta EBren Uraren Esparru Jarraibidearen gomendioei jarraiki, dekretuan urtegietan isurtzen diren uren ibilbideen kokatutako isurietan fosforoa, eta estuario, badia eta ur hartu-eman urria duten gainerako itsas-guneetan nitrogenoa desagerrarazteko tratamenduak indartzea proposatzen da.

Helburu horri jarraiki, URA-Uraren Euskal Agentziak du eskubidea, partzuergoei eta hondakin-uren beste eragile kudeatzaileei ematen dizkien isuri-baimenetan nutriente horiek tratatzeko baldintza zorrotzagoak ezartzeko, ur-masetarako ezarritako ingurumen-kalitate mailak bermatze aldera.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko