Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Erregistratutako langabezia igo egin da martxoan, Langairen eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren datu-baseak bateratzearen ondorioz

2011.eko apirilak 04

Administrazio-doikuntza horrengatik izan ez balitz, Euskadin langabetuen kopurua 1.405 pertsonatan jaitsiko zen. Gizarte Segurantzan afiliatuak 1.658 gehiago dira, eta horrek agerian uzten du ez dela enplegurik suntsitu

Lanbideren bulegoetan erregistratutako langabetuen kopurua administrazio-arrazoiengatik igo da martxoan; ez enplegua suntsitzeagatik. Martxoan Langai Euskal Lan Zerbitzua zenaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (EEZP) datu-baseak bateratu egin dira. Horren ondorioz, Egailanen inskribatuta, baina EEZPan erregistratu gabe, zeuden 7.500 pertsona orain Lanbiden zenbatu egiten dira.

Enplegu-eskatzaileak ofizialki erregistratzeko eskumenak bere gain hartuta, erregistratutako langabezia gisa zenbatu ditu Lanbidek, horretarako baldintza guztiak betetzen direlako. Horregatik, aurreko hilean baino 6.095 langabetu gehiago agertzen dira erregistratuta. Administrazio-egokitzapen hori izan ez balitz, martxoan 1.405 langabetu gutxiago egongo lirateke aurreko hilean baino, eta emaitza hori iazko martxokoa baino hobea da, orduan langabezia hazi egin baitzen, 982 langabetu gehiagorekin, hain zuzen ere.

Datu-baseen administrazio-egokitzapena alde batera utzita Euskadin martxoan lan‑merkatuak izan duen bilakaera onaren froga gisa, Gizarte Segurantzaren batez besteko afiliazioa hazi egin da otsailarekin alderatuta; izan ere, guztira 1.658 afiliatu gehiago baitaude, hau da, % 0,18.

Gipuzkoan hazi da afiliazioa gehien, % 0,32ko igoerarekin. Bizkaian igoera % 0,20koa izan da, eta Araban afiliatuak galdu egin dira, % 0,16, hain zuzen ere.

Javier Ruiz Plangintza eta Enpleguko sailburuordeak esan duenez, lan-merkatuak bilakaera ona izan du martxoan; izan ere, 1.405 langabetu gutxiago zenbatu baitira. "Langai eta EEZParen datu-baseen arteko administrazio-egokitzapenak ezkutuan zeuden 7.500 langabetu azaleratu ditu. Baina pertsona horiek langabezia zeuden, jada, urtarrilean eta iazko irailean, baita duela urtebete ere. Hau da, Langain erregistratuta eta EEZPan erregistratu gabe egon diren denbora guztian egon dira langabezian".

Horren ildotik, martxoan Gizarte Segurantzako afiliazioak izandako hazkundearen "garrantzia" apimarrtu du Ruiz sailburuordeak. "Datu horrek berresten du enplegua sortzen jarraitzen dela".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan