Eu

Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza zuzen bana onartu du Bilboko Arte Ederren Museorako eta Artium Museorako (Gobernu Bilera 2019-07-16)

2019.eko uztailak 16
  • Bilboko pinakotekak 232.000 euro jasoko ditu inbertsioak egiteko eta gasteiztarrak, aldiz, 100.000 euro jasoko ditu; laguntza hauek Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ohiko babesa sendotzera datoz

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak dirulaguntza zuzen bana onartu du, bere gaurko bileran, Bilboko Arte Ederren Museorako eta Vitoria-Gasteizko Artium Museorako. Bilboko pinakotekaren kasuan, 232.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du inbertsioak egiteko. Museo gasteiztarrak, bere aldetik, 100.000 euro jasoko ditu proiektu berriak finantzatzeko.

Dirulaguntza hau aintzat hartuz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2,3 milioi eurotik gora bideratuko ditu aurten Bilboko Arte Ederren Museoa diruz laguntzeko. Eusko Jaurlaritzak gaur onartu dituen 232.000 euro horiei ohiko ekarpenari lotutako 2.037.000 euroak (iaz baino % 20 gehiago) gehitu behar zaizkie. Eusko Jaurlaritzaren ekarpenak izan duen gorakadaren arrazoia museo honen handitzea ahalbidetzeko erabakia da.

100.000 euroko gaurko ekarpenarekin, bestalde, Eusko Jaurlaritzak Artium museoari egiten dion ekarpena igo egin du aurtengoan ere: iaz emandako 725.000 euroetatik aurtengo 825.000 euroetara igaro da. Kopuru horri, jarduera-egitaraua sendotzeko helburuarekin 2018ko abenduan onartu ziren 75.000 euroak gehitu behar zaizkio. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Artium museoari ematen dion laguntza handitzen duen hirugarren urtea da jarraian.

Bi dirulaguntza hauek Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Artearen Euskal Sistemaren alde egin duen apustua sendotzera datoz, bi museo hauek pisu esanguratsua baitute eremu horren barruan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko