Eu

Gobernuak arreta goiztiarraren lanbide-gaikuntza egiaztatzeko titulu, ikasketa eta lanbide-gaitasunaren katalogoari buruzko dekretua onetsi du (Gobernu Bilera 2019-07-16)

2019.eko uztailak 16

Gobernu Kontseiluak, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, onetsi egin du honako hauek ezartzen dituen dekretu hau: batetik, arreta goiztiarraren lanbide-gaikuntza egiaztatu ahal izateko titulu, ikasketa eta lanbide-gaitasunaren katalogoa, eta, bestetik, arreta goiztiarreko prestakuntza espezializatua edo esperientzia espezializatua egiaztatu ahal izateko eskakizunak.

Dekretuan aurreikusitakoa Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentro guztiei zaie aplikagarri eta, zehazki, zentro horietako bakoitzak izan behar duen arreta goiztiarrean esku hartzeko taldeei, bai erantzukizun publikokoei -izan kudeaketa publikokoak edo kudeaketa pribatu hitzartu, kontratatu edo hitzarmendunak-, bai gizarte-zerbitzuen euskal sisteman integratuta ez dauden titulartasun eta kudeaketa pribatuetakoei.

Arreta goiztiarrean esku hartzeko taldean parte hartu nahi duten arreta goiztiarreko profesionalek egiaztatu beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoan arreta goiztiarreko esku-hartze integralerako eginkizunak betetzeko eta horietako bakoitzaren inguruan zehazten denaren arabera, unibertsitate-titulu ofiziala dutela, bai eta psikomotrizitateari dagokionez aipatzen den prestakuntza bereziaren akreditazioa ere. Bestela, psikologiaren inguruan aipatzen den osasun-arloko unibertsitate-masterra edo prestakuntza espezializatua. 

a) Psikomotrizitatea: Irakaskuntza Ikasketak, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Gorputz Hezkuntza, Gizarte Hezkuntza, Erizaintza, Fisioterapia, Medikuntza, Pedagogia, Psikopedagogia, Psikologia edo Terapia Okupazionala. Aurreko titulazioaz gainera, psikomotrizitateko prestakuntza berezia egiaztatu behar da, teoriko-praktikoa, gutxienez 30 ECTSkoa (edo baliokidea orduetan), hezkuntza-arloan agintaritza publiko eskudunak emandako baimen ofiziala duen unibertsitate-irakaskuntzako zentro batek edo elkargo profesional ofizialek emana.

Nolanahi ere, prestakuntzaren ploke praktikoak aurrez aurrekoa izan beharko du, eta ikaskuntza teorikoaren eduki guztiak esku hartzeko lanbide-eremuan praktikan jarri direla bermatu. b) Psikoterapia: Psikiatria, Osasun Psikologia Orokorra edo Psikologia Kllinikoa. c) Fisioterapia: Fisioterapia. d) Logopedia: Logopeda edo, hala badagokio, logopeda-lanetan jarduteko elkargo profesional ofizialek emandako gaikuntza ofiziala izatea. e) Gizarte Lana: Gizarte Lana.

Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko Esku Hartze Integralari buruzko Dekretuan (otsailaren 2ko 13/2016 Dekretua) aurreikusten diren arreta goiztiarreko zerbitzuak bakarrik eman ahalko dituzte aurreko paragrafoarekin zerikusia duen unibertsitate-titulazioren bat dutela egiaztatzen duten profesionalek; haiek, gainera, psikomotrizitateari dagokionean prestakuntza berezia izan beharko dute edo, hala badagokio, psikologiaren funtzioaren inguruan aipatzen den osasun-arloko unibertsitate-masterra edo prestakuntza espezializatua.

Atzerrian eskuratutako unibertsitate-tituluen aitorpenerako, Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentroetan aurreko artikuluan aurreikusitako eginkizunen batean jarduteko pertsonari gaikuntza emateko,  aurretik horiek behar bezala homologatuta egon beharko dute, horretarako estatuko ordenamendu juridikoan ezarritako arau eta prozedura bereziekin bat etorriz.

Arreta goiztiarreko profesionalek, beren diziplinari dagokion kualifikazioaz gainera, arreta goiztiarreko prestakuntza espezializatua izan beharko dute edo, bestela, gaiaren inguruko esperientzia espezializatua. Edukia dela eta, Dekretua 7 artikuluk, xedapen iragankor batek eta azken xedapen batek eratzen dute.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2019.eko uztailak 21

    Kaixo,

    Arreta Goiztiarrean esku-hartze psikomotorra egin ahal izateko, segidako baldintzak bete behar omen ditu profesionalak: "Psikomotrizitateko prestakuntza berezia egiaztatu behar da, teoriko-praktikoa, gutxienez 30 ECTSkoa (edo baliokidea orduetan), hezkuntza-arloan agintaritza publiko eskudunak emandako baimen ofiziala duen unibertsitate-irakaskuntzako zentro batek edo elkargo profesional ofizialek emana."

    Berdin al du psikomotrizitate prestakuntza berezi hori hezkuntza esparrukoa ala terapia esparrukoa izan? Nik ezetz esango nuke, Arreta Goiztiarrean jardun ahal izateko, ezinbestekoa dela terapia mailako formazioa izatea. Ni neu, esaterako, heziketa eta prebentzio mailako psikomotrizitate praktikan formatua naiz, baina jasotako formazioa sakona eta serioa izanagatik, ez naiz gai sentitzen Arreta Goiztiarrera datozen haurrei erantzun egoki bat emateko. Beraz, psikomotrizistoi Arreta Goiztiarrean lekua egitea eskertzekoa bada ere, hezkuntza edo prebentzio mailakoa baino formazio sakonagoa eskatuko nuke.

    Bestetik, Arreta Goiztiarreko prestakuntza espezializatua izatea eskatzen da. Bada, formazio horrek izan beharko lituzkeen ezaugarrien inguruko xehetasun gehiago nahi nuke.

    Bukatzeko, esan, komeniko litzatekeela Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentro guztiak bilduko lituzkeen webgune bat-edo sortzea edota, are hobeto, Arreta Goiztiarrari buruzko bat. Bizkaian badute eta EAE guztirako balioko lukeen bat sor liteke eredu hori hartuta: http://web.bizkaia.eus/eu/arreta-goiztiarra

    Bizkaian ez ezik, Katalunian ere badute: http://treballiaferssocials.gencat.cat/ca/ambits_tematics/infancia_i_adolescencia/infants_amb_trastorns_en_el_desenvolupament_o_amb_risc_de_patir-los/atencio_precoc/

Komunikabideek behera kargatzeko