Eu

IVAP-ek 1,3 milioi eurorekin Osakidetzan, Hezkuntzan, Arkauten eta UPV/EHU-n lan egiten duten langile publikoen prestakuntza-hitzarmenak berritu ditu (Gobernu Kontseilua 2019-07-16)

2019.eko uztailak 16
  • Aurrerantzean, erakunde horiek prestatzen dituzten prestakuntza-planek derrigorrean jaso beharko dute, gutxienez, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren arloko ikastaro bat 

Gobernu Kontseiluak onartu du, gaur, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) lau hitzarmen berritzea, Osakidetzako, Hezkuntzako, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako langile publikoen prestakuntzarako. Helburua lau erakunde horietan lan egiten duten langile publikoen planak eta prestakuntza-programak berritzea da, bai eta horien finantzaketa arautzea ere.

  • Hezkuntza Sailarekin hitzarmena: irakasleei prestakuntza emateko da, eta gehienez 525.000 euroko zuzkidura izango du.
  • Osakidetzarekin hitzarmena: pertsonal sanitarioari eta ez-sanitarioari zuzenduta, dela osasun-eremuan, dela osasun-kudeaketako eta -administrazioko arloetan. Horien prestakuntzarako bideratzen den zuzkidura gehienez 537.000 eurokoa izango da.
  • Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) hitzarmena: administrazioko eta zerbitzuetako langileei prestakuntza emateko da, eta gehienez 45.000 euroko zuzkidura izango du.
  • Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin (Arkaute) hitzarmena: langile publikoei zuzenduta, prestakuntza Arkauteren eskumenekoa denean. Sinatutako prestakuntzak gehienez 230.000 euroko zuzkidura izango du.

 

EMAKUME ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNEAN OINARRITUTAKO PRESTAKUNTZA

Gaur baimendutako lau hitzarmenek lehen aldiz jaso dute honako hau zehazten duen klausula bat: “gutxienez, programatutako prestakuntza-ekintza bat emakume eta gizonen berdintasunaren arlokoa izan behar da”. Eusko Jaurlaritzak, horrela, langile publikoei prestakuntza eman nahi die, gero herritarrei eskaintzen dieten zerbitzu publikora eraman ahal izateko berdintasun-politika horiek.

Berritutako lau hitzarmenek honako ekintza hauek jaso dituzte:

  • Prestakuntza-edukiak diseinatzea eta/edo prestatzea.
  • Ikaskuntza-sareak ezartzea, aldi baterakoak edo iraunkorrak.
  • Irakaskuntzako materiala diseinatzea, prestatzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.
  • Erakundeak garatutako prestakuntzaren inguruan aprobetxamenduaren, transferentziaren edo inpaktuaren ebaluazioarekin lotura duten ikasketak.

IVAP

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) helburuetako bat da Euskadiko administrazio publiko guztietako langileen prestakuntza eta euskalduntzea. Zehazki, IVAPen prestakuntza-zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren eta bere erakunde instituzionalen zerbitzura dauden langileen sarrerako prestakuntza-planak diseinatu, kudeatu eta ebaluatzen ditu, haien posturako eta lanbide-karrerarako. 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko