Eu

UPV/EHUko ikasleen % 85ek prestakuntzari lotutako enplegua du titulazioa eskuratu eta hiru urtera

2019.eko uztailak 15
  • Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak, 2018ko unibertsitateko laneratzeari buruzko inkesta aurkeztu dute

  • 26.000 pertsonari egiten die inkesta urtero Lanbidek, euskal ikasleen laneratzearen adierazleen berri izateko

  • 2015eko UPV/EHUko promozioaren % 87k enplegua aurkitu du hiru urte geroago

  • Enplegu batera jotzeko batez bestekoa 11 hilekoa da, eta normalean prestakuntzari lotutako lanpostuetan

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikasleen laneratzeari buruzko azken inkestak, 2015eko promozioko ikasleenak, honako hau erakusten du: ikasle horien % 85ek prestakuntzari lotutako enplegua du (bere lanbide-gaikuntzari dagokion enplegua), titulazioa eskuratu eta hiru urtera. Eta lau ikasletik hiruk aldi berean graduko ikasketetara erabat egokitzen den enplegua aurkitu dute.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, gaur goizean, Lanbidek eginiko landa-lan horren emaitzak aurkeztu dituzte; hartan, 2015eko egresatuen % 72k parte hartu du, guztira, Euskal Herriko Unibertsitate Publikoko campusetako 6.981 gaztek.

Lanbidek inkesta bidez aztertzen du urtero hiru euskal unibertsitateetan (UPV/EHU, Deusto eta Mondragon) titulua lortzen duten 10.000 pertsonen laneratzea. Titulazioaren hiru urte geroago egiten du; izan ere, haren irizpideen arabera, nahikoa denbora da lanbide-karrera bat sektore edo lanbide zehatz batera bideratzeko.

Unibertsitateko promozioekin batera, lanbide-heziketa arautuak eta enplegurako edo okupaziorako prestakuntzak –azken hori zuzenean kudeatzen du Euskal Enplegu Zerbitzuak– eratutako Lanbide Heziketaren sistemako beste 16.000 pertsonari inkesta egiten die, urtero, Eusko Jaurlaritzak, euskal hezkuntza-sistemaren bi ate naturaletatik lan-merkatura doazen pertsonen laneratzeari buruzko adierazle nabarmeneak ezagutzeko.

“Informazio-sistema oso eta handi horren emaitzek –bakarra da Estatuan eta nabarmena Europan– hezkuntza-baliabideen plangintza eta kudeaketa hobetzen laguntzen dute, eta funtsezko inputa dira orientazio pedagogiko eta lan-orientazioko sareen lanerako”, nabarmendu du Artolazabalek, datuak balioestean.

Bestalde, UPV/EHUko errektorea pozik agertu da, honako emaitza hauengatik: “krisi ekonomiko oso gogorra gainditu dugu. 2015eko promozioaren laneratzeari buruzko datuak positiboak dira, baina gogoan dugu lanean jarritu behar dugula, datu horiek hobetzeko. Nolanahi ere, krisiaren unerik txarrenetan ere hautsi ez zen printzipioa berresten da: trebakuntza akademiko hobeak lanbide-asmo handiagoak dakartza, erantzukizun handiagoa eta ordainsari handiagoa. Zehazki, UPV/EHUko 2015eko promozioaren okupazio-tasa % 91,96koa da; horrek erakusten du gure unibertsitatean ikastea aukera ona dela lan-merkatura jotzeko”.

6.000 pertsona enpleguarekin

2018aren amaieran, Lanbidek kontsulta egin zuenean, UPV/EHUko 2015eko promozioko % 87k enplegua aurkitu zuen, 6.000 pertsona inguruk. Beste % 7k (500 pertsona) jarraitzen zuen lan-merkatuan lanbide-irteera bilatzen, eta gainerako % 6a (400 ikasle) graduondoa edo beste karrera bat ari zen ikasten inkesta egiteko unean.

Langabezia-tasa % 8koa izanik, 2015eko promozioak 2014ko unibertsitate-promozioak baino ehuneko 3,6 puntu gehiago izan du eta 2013koak baino 16 gehiago (serieko urterik txarrena). “Inkestaren datuak estrapolatuz, baiezta dezakegu unibertsitateko laneratzeak krisiaren aurreko aldiaren antzeko langabezia-tasak dituela”, esan du Beatriz Artolazabalek.

Enpleguari dagokionez unibertsitarioen egoerarik onena prestakuntzari lotutako enpleguaren gorakadan islatzen da; 2018an % 85ekoa izan zen. Are esanguratsuagoa da, ikuspuntu kualitatibotik, lau pertsonatik hiru beren ikasketetara egokitutako enplegu batean lanean jardutea, alegia, “beren arloan” zebiltzala lanean.

“Zenbat eta prestakuntza handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago lana aurkitzeko eta, batez ere, okupazioen maila altuenetan sartzeko”, esan du Artolazabal sailburuak. Beren unibertsitate-prestakuntzarekin bat datozen lanpostuetan lan egiten duten pertsonen % 80k euskal lurraldeko enpresetan egiten du.

Lanaldi murriztuak

2015eko unibertsitate-promozioa lan-merkatura nolabaiteko erraztasunez jo zuen –11 hilabete, batez beste–, eta nagusiki prestakuntzari lotutako postuetara. 2018aren amaierako enplegua zuten 6.000 pertsona inguru horietatik, % 20k astean 20,5 orduko lanaldi murriztuan egiten zuen –% 27, emakumeen kasuan–.

Sistematikoki, neskek lanaldi murriztuen ehuneko handiagoak dituzte unibertsitateko laneratzeari buruzko inkestaren serie historikoan. “Lanaldi murriztua eragozpen bat da bizitza-proiektu pertsonala eta familiarra osotasunez garatzeko, eta horregatik ari gara handicap horiek saihesteko lanean”, nabarmendu du Artolazabal sailburuak.

Lanaldi partzialaren berehalako ondorioa soldata murriztuagoa da. 2015eko promozioko okupatuen % 25ek enpresa publikoan lan egiten duela aintzat hartuta, lanaldi murriztuan lan egiten dutenen batez besteko soldata 864 eurokoa da, eta lanaldi osokoa 1.560 garbikoa, 14 pagatan, 2009ko ordainsari-maila berak. Soldata hori % 8 murrizten da emakumeen kasuan.

Enpleguaren hobekuntzan eta lan-baldintzen kalitatean sakontzen jarraitu behar dugu, erabateko proiektu profesionala, pertsonala eta familiarra garatzeko eragozpenik ekarriko ez duten jardunaldi eta soldatekin”, esan du Artolazabal sailburuak.

Laneratzea zehazten duten faktoreak

Bestalde, UPV/EHUko errektorea euskal unibertsitate publikoko egresatuen kolektiboaren laneratzea zehazten duten faktoreez hitz egin du. “Inkesta erantzun duten pertsonen iritziz", esan du Balluerkak, “prestakuntza akademikoa funtsezko elementua izan da laneratzeko prozesuan. Lehenengo eta behin, graduko titulazio espezifikoan eragiten du, baina baita izaera akademikoko beste jarduera batzuetan ere, besteak beste, unibertsitate-praktiketan, graduondoren bateko espezializazioan edo atzerriko hizkuntzen ezagutzan”.

Gogoetak partekatu dituen kolektiboaren % 42ren iritziz, alderdi akademikoak erabakigarriak izan dira. Horrela ulertu dira, besteak beste, honako faktore hauek: aurretiko lan-esperientzia (% 31), gizarte-ingurunea eta ezaugarri pertsonalak (% 31) edo prestakuntza osasgarria (% 27). Inkesta bete duten pertsonen % 5ek “zortea” aipatu du, beren kasu zehatzeko faktore garrantzitsu gisa.

Hizkuntzen erabilera

Errektoreak, halaber, euskararen edo ingelesaren lanbide-erabilerari buruzko datuak eskaini ditu, ezagutza-eremuen arabera. Inkesta egin duten pertsonetatik, % 66k Gizarte Zientzietan egunero euskara erabiltzen duela adierazi du, % 55ek Giza Zientzietan, % 47k Zientzia Esperimentaletan, % 43k Osasun Zientzietan, % 31k Tekniketan eta % 30ek Zientzia Ekonomiko-Juridikoetan.

Ingelesa dela eta, honako hauek dira emaitzak: % 39k Tekniketan egunero ingelesa erabiltzen du, % 33k Zientzia Esperimentaletan, % 32k Giza Zientzietan, % 25ek Zientzia Ekonomiko-Juridikoetan, % 18k Gizarte Zientzietan eta % 7k Osasun Zientzietan.

Datu horiek honako hau berresten dute, errektorearen iritziz: “zuzen dabil UPV/EHU nazioartekotzearen aldeko apustuan; horrek hizkuntza- eta kultura-dimentsioa ere badu eta, beste alde batetik, gure unibertsitatearen izaera euskalduna haren identitatearen balio osagarria izateaz gainera, benetako gizarte- eta lan-beharren araberako erantzuna ere badela berresten du”.

Batez besteko soldatak

Prentsaurrekoan beste gai bat ere aztertu da, UPV/EHUko egresatuek titulazioa lortu eta hiru urtera eskuratzen duten soldataren ebaluazioa. Zehazki, batez besteko soldata garbiak (lanaldi osoan), ezagutza-arloen arabera, honako hauek dira: Zientzia Esperimentalak, 1.290€; Zientzia Ekonomiko-Juridikoak, 1.420€; Gizarte Zientziak, 1.448€; Giza Zientziak, 1.480€; Teknikak, 1.677€; eta, azkenik, Osasun Zientziak, 1.795€.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Roberto_Lak
    2019.eko uztailak 15

    Comentario de Twitter:
    Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea.
    https://t.co/c6sSEBALwS

  • @EnpleguGizaEJGV
    2019.eko uztailak 15

    Comentario de Twitter:
    #empleojuvenil https://t.co/FwOwBLcHSB Un 85% del alumnado de la UPV/EHU dispone de empleo encajado 3 años después… https://t.co/gablLZC4et

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Nekane Balluerka