Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak NBE-ren aurrean aurkeztuko ditu garapen jasangarriari eta Agenda 2030 ri buruzko euskal politiken aurrerapenak

2019.eko uztailak 12
  • Euskadi gonbidatu dute Agenda 2030en eta GJHen ezarpenean izandako aurrerapenak aurkeztera, euskal ekimenak aitzindariak baitira 
  • Iñigo Urkulluk Bonu Jasangarrien ekimena aurkeztuko du; horren bidez, Eusko Jaurlaritzak 1.100 milioi euro bereganatu ditu, gizarte- eta ingurumen-inbertsioetara bideratzeko

Iñigo Urkullu Lehendakariak, datorren astelehenean, uztailaren 15ean, bidaia ofiziala hasiko du New Yorkera, Nazio Batuen High Level Political Forum (HLPF) 2019an parte hartzeko; hartan, Euskadin garapen jasangarriaren arloan gertatzen ari diren aurrerapenak aurkeztea aurreikusten du. Lehendakaria nazioarteko foro horretan parte hartzen duen autonomia-erkidego bateko lehen presidentea da, eta, horretarako, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkaria eta Jorge Fernandez Euskadiren Estatu Batuetako ordezkariarekin batera bidaiatuko du.

Eusko Jaurlaritzak abiarazitako ekimen batzuk berritzailetzat eta aitzindaritzat jotzen direnez, Euskadi foro garrantzitsu horren zazpigarren edizioko bi paneletan parte hartzera gonbidatu dute. Foroa uztailaren 15ean eta 16an izango da, eta, hartan, mundu-mailan Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) ezartzean izan diren aurrerapenen berri emango da. Lehendakariaz gainera, beste batzuek ere hitz egitea aurreikusten da, besteak beste: Nazio Batuen agentzietako ordezkariak (UN Habitat, OIT,Global Compact..); EBko goi ordezkariak; eta Norvegiako, Suitzako, Tunezeko gobernuetako ordezkariak.

 

Zehazki, Iñigo Urkulluk estatuz kanpoko gobernuen zeregina defendatuko du, munduko erronka horretan, eta Agenda Euskadi Basque Country 2030 aurkeztuko du. Gainera, Bonu Jasangarrien ekimen aitzindariaren berri emango du; haren bidez, Eusko Jaurlaritzak guztira 1.100 milioi euro bereganatu ditu (bi jaulkipenetan), Agenda 2030ari lotutako gizarte- eta ingurumen-proiektuak finantzatu ahal izateko.

Lehendakariaren programan hainbat bilera jasotzen dira, besteak beste, Phil Thompson New Yorkeko alkateordearekin, Miguel Angel Moratinos Zibilizazioen Aliantzarako goi-ordezkariarekin, eta harrera-ekitaldia New Yorkeko euskal komunitatearekin.

Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritza, Jose Antonio Aguirre Lehendakariak 30.eko hamarkadan aurrekusi zuen, Estatu Batuetako politika, erlijio eta ekonomia arlotan pertsona ezagunaK zirenekin kontaktuak ezartzeko bide bezela. Gaur egun, eta 2007tik, Nazio Batuen egoitzaren alboan kokatuta dago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak