Berriak Lehendakaritza
Eu

“14 izarren afaria”

2011.eko apirilak 05

Gasteizen Autore Sukaldaritzaren XVII. Kongresu Nazionala dela eta, lehendakariak Zilarrezko Txanoa eman dio René Redzepi daniarrari, munduko sukaldaririk onenari

Joan Rocak, Martín Berasategik, Pedro Subijanak, Quique Dacostak eta Patxi Oteizak beren "14 izarrak" batu dituzte René Redzepi munduko sukaldaririk onenaren lanarekin, inoiz ez bezalako afari bat eskaintzeko Gasteizko Zaldiaran jatetxeko sukaldean. Patxi López lehendakariak Arabako hiriburuan Autore Sukaldaritzaren XVII. Kongresu Nazionala eta Espainiako Chef gazteen VI. Txapelketa direla-eta egin den afaria zuzendu du. Afariaren bukaeran, lehendakariak Zilarrezko Txanoa entregatu dio René Redzepi daniarrari. Redzepi Kopenhageko Noma jatetxearen arduraduna da, baita munduko sukaldaririk onena ere askoren ustez.

 

Lehendakariak kongresua Gasteiz munduan ezagutzera emateko "erakusleiho unibertsal" gisa kalifikatu du, eta Euskadiren eta haren gastronomiaren aurkezpen-txartel onenetako bat dela esan du. Lópezek uste du Euskadik nazioartean arrakasta izan nahi badu "gure jardueraren esparru guztietan" "euskal sukaldarien paradigma" erabili behar duela: "geure produktua ondo zaindu, tradiziotik ikasi, berritu, ikertu eta beste ekarpen batzuk barne hartu, eta, horrekin guztiarekin, gure mugak gainditzeko eta nazioarteko erreferente bihurtzeko gai den kalitate bikaineko zerbait lortu".

Bere esku-hartzean, Lópezek euskal sukaldaritzaren esperientziak eta arrakastak partekatzera animatu du, baita Zaldiaranen egiten ari den kongresuarenak ere. Kongresua "gaur sukaldariak izateko ikasten duten eta prestatzen ari diren gazteekin egin da, dagoeneko beren negozioak kudeatzen dituzten gazte ekintzaileekin, baita ibilbide luzekoekin ere; eta, haiei esker, kanpotar batek Euskadin pentsatzen duenean, berehala esnatzen zaizkio urin gastrikoak".

Afarian, Patxi López lehendakariaz gain, Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, Xabier Agirre Arabako diputatu nagusia eta Juan Carlos Alonso Gasteizko alkateordea ere izan dira. Mahaikideen artean, prentsa gastronomikoko hainbat kide ere egon dira, besteak beste, Fernando Rubiato Espainia eta Portugaleko Michelin Giden zuzendaria, Rafael García Santos eta Rafael Ansón Gastronomia Akademiako Nazioarteko presidentea. Mahai nagusian Pepa Hernández, RNEko 2010eko Ondas saria, eta José Ribagorda Telecincoko kazetaria egon dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)