Jazarpen-indarkeria pairatutako zinegotziek jasan zuten bidegabekeriari buruzko txostena (1991-2011) aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak
-
Zinegotziei eragindako sufrimendu bidegabeari buruzko datu kuantitatiboak eta kualitatiboak jasotzen ditu txostenak
-
ETAk 24 zinegotzi (edo zinegotzi izandakoak) hil zituen. Mehatxua ez zen susmo hutsa; benetakoa zen
-
Jazarpenak sufrimendu itzela eragin zuen; eta sufrimendu hori senitartekoek ere pairatu behar izan zuten
- Txostenak zera nabarmentzen du: behar-beharrezkoa dela memoria konpontzailea eraikitzea eta enpatia sortzea biktimek pairatutako sufrimenduarekiko
Jazarpen-indarkeria pairatutako zinegotziek jasan zuten bidegabekeriari buruzko txostena (1991-2011) aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Legegintzaldi honetan, bai eta aurrekoan ere, zenbait txosten egin dira. Piezaka ordenatuta daude, eta haien xedea da, oro har, ekarpen bat egitea giza eskubideen urraketari eta biktimek pairatutako injustiziaren aitorpenerako eskubideari buruz egia ezagutzeko eskubideari. Txosten hau, hain zuzen, txosten multzo horren jarraipen gisa ulertu behar da. Zehazki, 2016ko martxoaren 31n aurkeztutako beste txosten bat garatzera dator, zinegotzien kolektiboa beren-beregi aztertuta. Txosten haren izena da ETAk mehatxatutako pertsonek jasan duten bidegabekeriari buruzko txostena (1990-2011).
2018. urtearen hasieran, Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuari enkargatu zion txosten bat egin zezan, zeinean azaldu eta aztertuko baitzuen Euskadiko udalerrietako zinegotziak izan eta ETAren jazarpen-indarkeria edo mehatxuak pairatu zituztenek jasan zuten bidegabekeria. Gehienbat, PSE-EE eta PP alderdietakoak ziren. Ilegalizatutako hautagaitzek beteko zituzten zinegotzi karguetan zeuden pertsonek 2003az geroztik pairatu zuten jazarpen espezifikoa ere aztertzen du txostenak.
Hala, 2017-2020 aldirako Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planean jasotakoa garatzen du txostenak. Plana 2017ko urrian onartu zen, eta, hain zuzen, iraganari buruzko hausnarketa kritikoa bultzatzen du 2. ekimenean, eta iragana argitzeko azterlanak eta txostenak egiten jarraitzea xedatzen du 2. ekimenean.
Jose Ramon Intxaurbe eta Gorka Urrutia dira txostenaren egileak, eta haiek arduratu dira edukia aurkezteaz.
Helburuak
ETAren indarkeriaren esparruan mehatxuak eta zuzeneko jazarpena jasan zuten zinegotziei eragindako sufrimendu bidegabearen deskribapen kuantitatibo eta kualitatiboa eskaintzen du txostenak. Halaber, txostenaren bidez, ondorio batzuetara iritsi nahi da bi gai hauetan: mehatxuaren bidez urratutako giza eskubideen argiketan eta halako biktimen erreparazioan.
Dokumentua, bada, Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak sustatu du, eta egiaren eta iragana argitzearen alde daukan konpromisoaren isla da. Ildo horretan, Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandezek adierazi du iragana argitzea giza eskubideen urraketaren esparruan ezinbestekoa dela bizikidetza eta memoria eraikitzeko. Izan ere, gaineratu du txosten hauek ez direla soilik datu kuantitatiboei buruzkoak. “Aitzitik, pertsona zehatzei buruz ari gara, familia osoei buruz, eta min handi eta luze bati buruz. Min horrek, gainera, ikusgarritasun txikia izan du”.
Azterketa kuantitatiboa
Txostenean jasotzen da ETAk, guztira, 24 zinegotzi hil zituela. Zehazki, 8 hil zituen 1991ra arte, eta beste 16 1991tik 2011ra bitartean. Zinegotzien aurkako mehatxua ez zen izan susmo subjektibo hutsa. Aitzitik, errealitate objektiboa izan zen, eta ondorio iraunkorrak izan zituen zinegotzien bizitzetan eta euren familiengan.
Erreferentzia moduan, esaterako, 1991-2011 aldian Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jarritako bizkartzaina izan zuten zinegotzien kopurua ematen da. Horietatik gehienek eskolta eraman behar izan zuten urtebetetik 13 urtera bitarteko aldi batez.
Pertsona horietatik gehienek 1999an hasi behar izan zuten operatibo horiekin; horixe da inflexio-puntua, zinegotzien kolektiboa jazartzeko, beldurrarazteko eta are erailtzeko ere estrategia gogortu zen unea, zeina, aldi berean, bat baitator 1998ko su-etenaren amaierarekin.
Azterketa kualitatiboa
Txostenaren egileek 14 elkarrizketa egin dituzte, horretarako erdi-egituratutako galdetegi bat erabilita. Elkarrizketatu gehienek zinegotzi kargua bete zuten Euskadiko udalerrietan 1991tik 2015era. Halaber, kargu publiko horien senideen ikuspuntua jaso da, jazarpenak haiekin bizi zirenengan izan zuen eragina islatu nahi izan da-eta.
Mehatxuak etengabeak izan ziren, eta askotarikoak. Sarritan toki publikoetan jartzen zituzten, eta hartzaileak beldurtzeko helburu eztabaidaezina zuten, askotan zinegotzien izen-deiturak berariaz aipatzen baitziren.
Egunero-egunero, eta etenik gabe, pairatutako presio eta jazarpen horrek sufrimendu itzela eta sakona eragin zuen, eta isolamendu, bakardade eta mehatxuaren pertzepzio etengabea. Elkarrizketatu batzuek zera diote: mehatxuak jasotzen hasi eta gutxira hasi zirela gaixotzen, eta, beste batzuei, ordea, urte batzuen ostean diagnostikatu zietela trauma osteko estresa.
Badago, baita ere, etxean erasoak pairatu eta bere burua etxez aldatzera behartuta ikusi zuen lagunik, eta eskoltaturik egon behar izan zuena Euskaditik kanpoko bizitokian. Elkarrizketetan ikusi da antsietate handiena eragin ziena izan zela, hain zuzen, zinegotzien aurkako jazarpenak eta indarkeriak familiengan izan zuen eragina.
Eusko Jaurlaritzak ateratako ondorioa
Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandezek adierazi du txosten hauek ez direla soilik datu kuantitatiboei buruzkoak. “Aitzitik, pertsona zehatzei buruz ari gara, familia osoei buruz, eta min handi eta luze bati buruz. Min horrek, gainera, ikusgarritasun txikia izan du. Txosten honen bidez, zera adierazi nahi diegu zinegotzi izateagatik mehatxuak edo jazarpena pairatu zuten zinegotziei —eta gehienbat PSE eta PP alderdietakoak izan ziren—: (1) jasandako sufrimenduaren jakitun garela; (2) sufrimendu hura bidegabea izan zela eta (3), txosten honetan errealitate hori jaso nahi dela modu ofizialean, biktimekiko elkartasun keinu gisa, eta memoria eraikitzen lagunduko duela sinetsita”.
Txosten hau herritar ororentzat dago eskuragarri. Eta irakurtzeak aukera emango digu enpatiazko ariketa kolektibo bat egiteko, ulertu ahal izateko zer-nolako jazarpen fisiko, psikologiko, familiar eta humanoa jasan behar izan zuten pertsona hauek, egunero pairatu behar izan baitzuten modu biolento eta bidegabean hiltzeko mehatxuaren zama. Horregatik, eta aurrekoak bezalaxe, txosten hau gordailuan geratuko da Gogoran.