Berriak Lehendakaritza
qrcode

Kooperatibek Garapen Jasangarrirako Helburuekin hartuta duten konpromisoaren garrantzia azpimarratu du lehendakariak

2019-07-11

Iñigo Urkullu lehendakariak, Lan eta Justiziako sailburu Mª Jesús San Josék lagunduta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak antolatu duen Kooperatiben konpromisoa garapen iraunkorraren alde jardunaldian parte hartu du, eta azpimarratu du errekonozimendua eta konpromisoa aitortzeko jardunaldiak egiaztatzen duela Euskadiko ehun ekonomiko eta soziala aurreikuspenak eginda ari dela etorkizuna bideratzen.

Lehendakariak nabarmendu du kooperatibek Garapen Jasangarrirako Helburuekin hartuta duten konpromisoaren garrantzia, kooperatiben mugimenduaren izateko arrazoiarekin, hau da, hazkunde ekonomiko jasangarria eta kalitatezko enplegua lortzeko ahaleginarekin, estu lotuta dauden helburuak izanik, beti pertsona izanda jardueraren ardatza. Lehendakariak adierazi duenez, kooperatiba-eredua baliokoa da, eta egiaztatzen du pertsona ardatz bihurtzea dela merkatu globalean efizientzia eta lehiakortasun handiagoa izateko tresnarik onena. “Ereduak pertsona du ardatz, inbertsioa berriz iraultzen du ingurura eta hazkunde jasangarriaren esparruan ahalik eta ongizaterik handiena lortzea du helburu, bai ingurumenaren ikuspegitik, bai ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik, eta ikuspuntu globalarekin”, ñabartu du lehendakariak.

Jasangarritasunaren ikuspegitik, gizarte-balioaren kontzeptuak islatzen du erakunde batek gizarte osoari egiten dion ekarpena Garapen Jasangarrirako Helburuak gauzatzearen bitartez. Alde horretatik, lehendakariak azpimarratu du Agenda 2030ean bertan aitortzen dela kooperatibak direla helburu horiek lortzeko eragile nagusiak. Horrela, adierazi du Euskadik kooperatiba-ereduan oinarritutako enpresa inklusiboaren eta parte-hartzailearen eredu berria sustatzearekin konpromisoa hartuta duela.

Bestalde, Lan eta Justiziako sailburuak nabarmendu du kooperatibismoa balio demokratikoak dituen, gizakia lehenengo mailan jartzen duen eta garapen jasangarria eta gizartearen, ingurumenaren eta teknologiaren arloan berrikuntza sustatzen dituen ekonomia-modu bat dela.

Bestalde, lehendakariak gogoratu du Eusko Jaurlaritzak joan den abenduan onartu zuela kooperatiben lege-proiektu berria, eta adierazi du jada eratuta dagoela lege-proiektuaren tramitazioan aurrera egiteko batzorde-txostengilea. Alde horretatik, San José sailburuak ziurtatu du kooperatiben baloreak euskal gizarte osora hedatzeko lan egin dela eta lanean jarraitu behar dela.

“Aurreikusteko gaitasuna, gizakia ardatz izatea eta garapen jasangarria dira denon etorkizun-ikuspegiaren giltzak, eta ekitaldi honetan “kooperatibek Garapen Jasangarrirako Helburuekin hartuta duten konpromisoa adierazten duzue”, esan du amaitzeko lehendakariak.

Euskalduna Jauregian ospatu den ekitaldian Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko lehendakaria, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentea, Juan Mª Aburto Bilboko alkatea eta Cristina Gallach Espainiako Gobernuko 2030 Agendarako goi-komisarioa ere izan dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)