Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzak positiboki baloratu du Konstituzio Auzitegiak behin betiko artxibatu izana polizia gehiegikerien legea deiturikoaren aurka jarritako helegitea

2019.eko uztailak 09

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak Gobernu Bileraren ondorengo ohiko prentsaurrekoa eman du.

Josu Erkoreka sailburuak jakitera eman du Konstituzio Auzitegiak behin betiko artxibatu duela Mariano Rajoy presidente zuen PPko Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren Poliziaren Biktimen Legearen aurka jarritako konstituzio-kontrakotasun helegitea. Sailburuak esan duenez, erabakia hartu da Pedro Sánchezen Gobernuak errekurtso horretan atzera egin ostean Eusko Jaurlaritzarekin akordio batera iritsi ondoren legea aldatzeko. Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azpimarratu du Konstituzio Auzitegiak errekurtsoa, beste tramiterik gabe, artxibatu izana datu ona eta positiboa dela.

Lege honi dagokionez, Eusko Legebiltzarrak onartutako Legearen hainbat artikuluren erreformari Ciudadanosek Konstituzio Auzitegian jarritako helegiteari buruzko erabakia hartzea falta da. Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak gaitzetsi egin du Eusko Legebiltzarrean inolako ordezkaritzarik ez duen Ciudadanos alderdiak hainbesteko babesa izan zuen lege bati helegitea jarri izana. “Injerentzia bat da. Ziur gaude Konstituzio Auzitegiak arrazoia emango digula”, erantsi du.

MEMORIA HISTORIKOAREN LEGEA

Memoria Historikoaren Lege Proiektuari dagokionez, Erkoreka sailburuak azpimarratu du Euskadin asko aurreratu dela, eta adostuta, gainera, gai honetan. “Gauzak ongi egiten ari gara, eta, orain, lanari lege berri batekin emango diogu amaiera”, adierazi du. Horrela, sailburuak azaldu du Eusko Jaurlaritzak aurreratuta duela onartu, kontrastatu eta Legebiltzarrera bidaliko den testu artikulatua.

GOBERNU IREKIA

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakitera eman du Gobernu Bilerak 2018ko Balantzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren sektore publikoko gardentasunaren ezarpen-mailari buruzkoa" onartu duela. Erkorekak nabarmendu duenez, gardentasun-eredua finkatuta dago eta autoexijentzia handia da informazioa kalitatezkoa izan dadin. Alde horretatik, txostenean jasotakoari egin dio aipamena, eta adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak “gauzak ongi egiteaz gainera, gauza onak ere egiten ditu euskal gizartearentzat”. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azpimarratu du argitaratutako informazioa zehatza, osoa, garrantzizkoa, eguneratua, bere testuinguruan kokatua eta irekia dela, eta horrek berriz erabiltzeko aukera ematen duela. Erkoreka sailburuak aipatu du txostenean mugarri gisa aipatzen dela Euskadi Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzan (OGP) sartu izana.

Administrazio digitalari buruz, berriz, Erkorekak esan du, Ernst&Young aholkularitzak duela gutxi egindako txosten baten arabera, Euskadi aitzindaria dela administrazio digitalean. Horrela, azaldu du euskal administrazioak funtzionamendu digitalaren eskakizunen % 94,7 betetzen dituela: web-ataria, egoitza elektronikoa, herritarren eta enpresen arreta, identitate digitala eta sinadura elektronikoa, ordezkaritza eta erregistro elektronikoa eta komunikazioa eta jakinarazpenak. Horrez gainera, sailburuak nabarmendu du OpenData ataria aitzindaria dela Estatu osoko katalogoan dataset gehien argitaratzen dituen datu-iturri gisa.

Era berean, bozeramaileak gogoratu du Legebiltzarra Gardentasunari eta herritarren parte-hartzeari buruzko lege-proposamena tramitatzen ari dela. Erkorekaren esanetan, ekimen hori Euskadik informazio publikoa eskuratzearen, kontu ematearen eta herritarrek parte hartzearen arloetako eskubide berrietan berme eta segurtasun osoz aurrera egiteko behin betiko onespena izango da.

HEZKUNTZA

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak jakitera eman du Gobernu Bilerak bi deialdi onartu dituela 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planaren esparruan.

Alde batetik, Ikasiker Beken deialdia onartu du 2019-2020 ikasturterako. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile gisa egiaztatuta, ikerketa-taldeetan parte hartu nahi duten ikasleentzako 160 beka dira.

Beste alde batetik, STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategia ezartzeko Innobasquerekin hitzarmena egitea ere onartu da. Erkorekak azaldu duenez, helburua formakuntza zientifiko-teknikoa hezkuntzako etapa guztietan sustatzea da. “Gure ustez lehentasuna du giza kapitala sendotzeko lanak, eta adin goiztiarretatik hasita, gainera. Garrantzizkoa da gazteak teknologia, ingeniaritza eta matematikak zentzu, testuinguru eta sormenez erabiltzeko gero eta gaitasun handiagoa eskatzen duen lan-merkaturako prestatzea”. Era berean, sailburuak nabarmendu du STEAM Estrategia bereziki emakumezkoen bokazio zientifiko-teknologikoak suspertzera bideratuta dagoela.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)