Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Izar Cutting Tools bisitatu du, enpresa esportatzen hasi zeneko 50. urteurrena dela eta

2019.eko uztailak 08

Iñigo Urkullu lehendakariak, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak lagunduta, Izar Cutting Tools bisitatu du, enpresa esportatzen hasi zeneko 50. urteurrena dela eta.

Izar Cutting Tools industrian erabiltzeko ebaketa-erreminten esparruko soluzioak eskaintzen dituen gizarte-ekonomiako enpresa da, zehazki barautsak eta erremintak fabrikatzen ditu, eta Zornotzan dago. Gaur egun kualifikazio handiko 215 langile ditu.

Izar Cutting Tools enpresako Administrazio Kontseiluarekin elkartu ondoren, lehendakariak enpresaren instalazioak bisitatu ditu, eta, besteak beste, bulego teknikoa, biltegia eta lantegia ikusi ditu. Behin bisita amaituta, hitz batzuk esan dituzte.

Lehendakariaren lehenengo hitzak 50 urte hauetan erakutsitako determinazioagatik eskerrak emateko izan dira; izan ere, horri esker, lehendakariaren esanetan, gaur egun IZAR Euskadin irmo errotuta dagoen eta aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzeko gai den multinazionala da. “Talde lanari eta ahaleginari esker oso lehiakorra den industria-sektore batean, ebaketarako erremintenean, gora egitea lortu duzue”, adierazi du.

Lehendakariak azpimarratu du IZAR erreferentziako enpresa dela zentzu askotan. Alde horretatik, nabarmendu nahi izan ditu gizarte-erantzukizun korporatiboa eta lan-integrazioa, bai eta, nazioartekotzearen aldeko apustua ere. “Aitzindariak izan zarete kanpoko merkatuetako bideak zabaltzen eta esportazioan”, erantsi du. Izar Cutting Tools enpresako esportazio-sailak atzerriko 90 merkaturekin lan egiten du, merkaturik aipagarrienak EBko herrialdeak eta AEB dira, eta Latinoamerikako herrialde gehien-gehienak. 

Bisitaz baliatuz, lehendakariak adierazi du “enplegu gehiago eta hobea sortzea” dela Eusko Jaurlaritzak, herrialde gisa, duen helburu nagusietako bat. Alde horretatik, lehendakariak nabarmendu du elkarrekin lanean jarraitzea dela giltza, egonkortasuna bermatuta eta proiektu berrietako inbertsioek gora egiteko eta merkatu berriak aurkitzeko baldintzak sortuta.

Euskadiko ekonomiaren aurtengo lehenengo seihilekoko adierazleei dagokienez, lehendakariak azpimarratu du positiboak izan direla, eta adierazi du estrategia partekatu baten eta garapenaren eta lehiakortasunaren oinarri gisa industrian errotuta dagoen hazkunde-eredu jasangarri baten emaitza direla. “Hazkundean, inbertsioan eta lehiakortasunean aurrera egitea denon helburua da”, adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak