Eu

Jende aurreko informazio fasean dago Vitoria-Gasteizko sarbideei eta Datoko geltoki berriari buruzko informazio azterlana

2019.eko uztailak 05
  • Eusko Jaurlaritzak akordioak betetzeko orduan izandako atzerapenak salatu ondoren, Euskadiko abiadura handia betetzeko beharrezkoa den izapidea osatu du Sustapen Ministerioak.

Estatuko Aldizkari Ofizialak Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Orokorraren iragarkia argitaratu du gaurko edizioan. Horren bitartez, “Trenbidea Vitoria-Gasteizen integratzeari buruzko informazio azterlana” izenekoa jende aurrean aurkezten da.

Joan den astean Eusko Jaurlaritzak bere egonezina bideratu zuen, Euskadiko abiadura handia 2023rako osatzeko Sustapen Ministerioarekin adostutako konpromisoak eta egutegia bete gabe zeudelako –gehieneko epe gisa ekaina zegoen markatuta–. Beraz, uztailean jadanik, Vitoria-Gasteizerako informazio publiko izapidea iragarri izanak, hiriburu hori ezinbestean jartzen du abiadura handiaren mapan.

Ezaugarri teknikoak

Jarduketaren hasiera Jundizeko zentro logistikoaren ondoan dago, eta amaiera Euskal Y-aren hasieran, Arrazua/Ubarrundia-Legutio tartean, hain zuzen ere. Guztira, 14,3 kilometroko luzera izango du.

Abiadura handia Gasteizen sartzea zabalera estandarreko (UIC) bi trenbiderekin proiektatu da bidaiarientzat eta trenbide mistoarekin (hiru harikoa) merkantzien trafikorako eta distantzia ertainerako.

Dato kaleko geltoki berria egungo eraikinaren moldaketa gisa ulertzen da. Bolumen berria gehituko zaio 3.140 metro karratuko azalera erantsiz, eta lur azpiko bi solairu izango ditu.

Trenbideak hartzen duen hiru kilometro eta erdi baino gehiagoko tartea lur azpian sartzeak hiri erabileretarako libre utziko ditu gainazaleko 90.000 metro karratu, horietatik 44.000 geltokiaren ingurunean.

Tramitearen xede den azterlanean Arkauteko akademiaren ekialdetik eta Zurbano hegoaldetik doan alternatibari eusten zaio; baina, horrez gain, beste alternatiba bat ere gehitzen da, informazio azterlanaren lehen faseetan aztertutakoa, akademiaren mendebaldetik doana, Salburuatik gertuen dauden lurren gainetik hegan eginez, trazatu zuzenagoarekin.

Alegazio epealdia

Joan den uztailaren 3an, Azpiegitura Idazkaritza Nagusiak, aipatutako azterlana eta jende aurreko informazio eta administrazioen entzunaldi prozesua behin behinekoz onestea erabaki zuen.

Kasu honetan, udako oporrak direla eta, alegazioak aurkezteko epea 45 egunekoa da, astelehenetik (uztailak 8tik aurrera. Epealdi horretan, hala nahi duten pertsona edo kolektibo guztiek trazatuaren kontzepzio orokorrari buruzko oharrak egin ahal izango dituzte, interes orokorrari eta ingurumen eraginari buruzkoak.

Dokumentazio osoa Internetez kontsultatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.fomento.es/ferrocarriles/estudios-en-tramite/estudios-y-proyectos-en-tramite

Dokumentazio bera Sustapen Ministerioko Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Orokorraren bulegoko egun eta ordu baliodunetan kontsultatu ahal izango da (Plaza de los Sagrados Corazones, 7, Madrid), eta baita Gobernuak Araban duen Ordezkariordetzan ere (Olagibel kalea, 1, Vitoria-Gasteiz).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak