Berriak Lehendakaritza
Eu

Emakundek indarkeriaren biktima diren emakumeen eskura dauden baliabideen eta zerbitzuen mapa geolokalizatua aurkeztu du

2019.eko uztailak 05

Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arretarako baliabide eta zerbitzuen mapa geolokalizatua aurkeztu du. Aurkezpena gaur goizean bildu den EAEn Etxeko tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei arreta hobea egiteko Erakundeen arteko II Akordioaren Jarraipen Batzordearen baitan egin du. EAEn gaur egun indarkeria matxistari erakundeak ematen ari diren erantzunen berri ematen du mapak.

Eskaintza publikoa erakusten du, eta barnean hartzen ditu emakumeen aurkako indarkeriaren biktima diren emakume eta adingabeentzako programak eta zerbitzuak, dela administrazioak berak zuzenean kudeatzen dituenak, dela erakunde pribatuekin egindako hitzarmenen bidez ematen direnak. 

Emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei arreta egiten dieten baliabide eta zerbitzu guztiei buruzko informazioa jaso da, genero indarkeria, familia barnekoa, sexu indarkeria, eta abar kontuan hartuta. Hala ere, kontuan hartuta zer nolako garrantzia eta eragin soziala duen genero-indarkeriak (bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriak), baliabide asko berariaz biktima horiei laguntzera bideratu dira.

Baliabideen mapa hau osatzen duten baliabideak eta zerbitzuak hautatzerakoan, Emakunderi informazioa emateko konpromisoa hartu duten erakundeen zerbitzuak edo baliabideak hartu dira erreferentziatzat; hori guztia “Etxeko tratu txarrak eta sexu-indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko II. Akordioaren” esparruan.

Erakunde informatzaileak izan dira Jaurlaritzako bost sail (Lan eta Justizia; Enplegu eta Gizarte Politikarako Saila; Lurralde, plangintza eta Etxebizitza; Osasun saila eta segurtasun saila); Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak; eta EAEko udalerri eta mankomunitateak.

Informazioa baliabide bakoitzak ematen duen laguntza motaren arabera sailkatu da: segurtasuna, informazioa eta orientazioa, arreta psikologikoa, laguntza juridikoa, laguntza ekonomikoa, bizitegi- edo etxebizitza-laguntza, osasun-laguntza eta beste batzuk.

Honekin batera, gaurko batzordean Jabetuz prestakuntza programari buruzko informazioa eskaini da: orain arte indarkeriaren biktimen arretarako 1.200 profesional prestatu dira programa honen bitartez eta irekita dago jada hurrengo ikastaro batean izena emateko epea datorren irailaren 16ra arte.

Honekin batera, gaurko bileran emakume eta gizonen berdintasunerako legearen bigarren aldaketa egiteko legearen aurreproiektuaren II zirriborroari egin zaizkion ekarpenak aurkeztu zaizkie batzordekideei.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Luisa Aguirretxe (Ararteko), Oscar Seco (DFB), Koldobike Olabide (EUDEL), Juana Balmaseda (Abokatuen Euskal Kontseilua)