Eu

52 euskal konpainia handik mundu osoko startupekin lan egingo dute BIND 4.0 programaren laugarren edizioan

2019.eko uztailak 05
  • Aurten lehenengoz parte hartuko dute Coca Cola, Eroski, Grupo Uvesco, Unilever, Angulas Aguinaga, EDP eta Avia Ferrovial bezalako enpresek.
  • Bere zifrak hiru ediziotan hirukoiztu ondoren, Industria Adimenduneko proiektuen azeleragailu publiko-pribatuak erroak bota ditu 4.0 Industriako berrikuntza irekiko erreferentziazko plataforma bezala.
  • Hirugarren edizioan teknologia berriekin lotutako 44 proiektu garatu ziren (iaz 40), 33 enpresa trakziogileren eta 32 startupen parte-hartzearekin (2018an 24 eta 27, hurrenez hurren).
  • Hauek dira laugarren edizioko nobedadeak: elikaduraren sektorearekin lotutako proiektuak babestuko dira eta orobat sortuko da Venture Club-a, azeleragailuaren zerbitzuak indartzeko eta enpresa berrien garapena babesteko eta sendotzeko inbertitzaile-kluba.
  • Ekimena gaur aurkeztu da Bilbon, Demo Day ekitaldian, 300dik gora enpresa, startup eta inbertitzaileren eta Ekonomi Garapen Saileko nahiz SPRI Taldeko ordezkarien parte-hartzearekin, Arantxa Tapia sailburua buru izan dutela.

Gaur egin da Euskalduna Jauregian BIND 4.0 DemoDay jardunaldia, eta bertan aurkeztu dira programaren hirugarren edizioaren balantzea eta garatutako proiektuak eta, bide batez, plataforma publiko-pribatuaren laugarren deialdia iragarri da, zeinaren helburua baita talentua atzematea eta Euskadiko industria adimenduna garatzea.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Saileko eta SPRI Taldeko arduradunek -Arantxa Tapia sailburua buru zutela-, enpresa eta startup parte-hartzaileetako ordezkariek eta inbertitzaileek (guztira 300dik gora parte-hartzaile) ekimen honen lorpenen balantzea egin dute eta bere nobedadeak aurkeztu dituzte, programak gero eta interes handiagoa pizten baitu startupen eta euskal konpainia trakziogile handien artean.

2016an abiarazi zen BIND 4.0, topagune izateko startup berritzaileentzat -ez bakarrik Euskadikoentzat, deialdia nazioartekoa baita- eta Euskadin kokatuta eta errotuta dauden enpresa handientzat. Aukera paregabea da euskal industriaren eraldaketa digitala bultzatzeko eta, aldi berean, ekimen berritzaileen finkapena azeleratzeko, benetako proiektuak garatuz erreferentziazko bezeroekin.

Gaur goizean eman da ezagutzera BIND 4.0 ekitaldiaren laugarren edizioaren nazioarteko deialdia, zeinak nobedade handiak baitakartza. Batetik, ez dira 40 enpresa trakziogile egongo, baizik eta 52. Hala, Euskadin kokatutako erreferentziazko konpainiak (Ferrovial, EDP, AVIA, SNA Europe edo Saralle) gehituko zaizkie beste izen garrantzitsu batzuei, hala nola, hauei: Mercedes-Benz, Arcelor, ABB, Iberdrola, Michelin, ITP Aero, CAF, BTI, Quirón edo Siemens Gamesa.

Bestetik, elikadura sektorea ere sartuko da deialdi berrian. Hala, Foodtech sektore gorakorrak bat egingo du BIND 4.0 programaren aurreko edizioetan landu diren beste hiru eremuekin: Fabrikazio Aurreratua, Energia eta Osasuna. Zentzu horretan, Euskadin kokatutako hainbat konpainiak aurten parte hartuko dute lehenengoz konpainia trakziogile bezala eta beren eraldaketa digitala bultzatuko dute startupekin batera lan eginaz. Hauek dira: Coca Cola, Unilever, Eroski, Grupo Uvesco, Angulas Aguinaga, Natra eta Okin.

Azkenik, jakinarazi da Bind 4.0 Venture Club sortuko dela, azeleragailuaren espezializazioarekin lerrokatutako inbertitzaileen klub bat, zeinak helburutzat izango baitu azeleragiluaren laguntza-zerbitzuak indartzea eta harremanak sustatzea programan parte hartzen duten startupen eta inbertsio-erakunde espezializatuen artean, finantzaketa-aukera berriak bultzatuz enpresa berrien garapena azeleratzeko.

Hirugarren edizioaren balantzea

BIND 4.0 programa honelako ekimenen erreferente bilakatu da bere hirugarren edizioan. Batetik, hazi egin dira ekitaldiaren zifra garrantzitsuenak: igo egin da startup parte-hartzaileen kopurua (27tik 32ra) eta garatutako proiektuena (azken edizio honetan 44, bigarrenean 40 eta lehenengoan 16). Bestalde, ugaritu egin dira baita ere programara aurkeztutako proiektuak (2018an 385 eta 2019an 524) eta %75 lau kontinentetako 64 herrialdetatik iritsi dira. Enpresa trakziogileen kopuruak ere gora egin du; hala, hirugarren edizioan 40 izan dira (bigarrenean 27).

Guztira, 69 euskal startupek aurkeztu zuten BIND 4.0 ekitaldiaren hirugarren edizioan parte hartzeko hautagaitza. Baina, horiekin batera, orobat aipatu behar dira Europako hainbat herrialdetako beste 150 proposamen, Ipar eta Hego Amerikako 65, Asiako 216, Afrikako 22 eta Ozeaniako 2.

Hautatuak izan ziren 32 enpresa gorakorrek proiektuak abiarazi dituzte 33 euskal konpainiatan, hala nola hauetan: Mercedes-Benz, Aernnova, Alcor, Batz, CAF, Danobat, Faes Farma, IMQ eta Quirón. Proiektu horiek esparru teknologiko hauetakoak dira: Big Data, errealitate birtual eta areagotua, Gauzen Interneta, fabrikazio gehigarria, sistema ziberfisikoak, zibersegurtasuna, dispositibo medikoak eta osasun digitala edo wearable gailuak.

Gaur Bilbon egin den BIND 4.0 DemoDay jardunaldian izan dira Arantxa Tapia sailburua eta bere Saileko hainbat arduradun, eta baita ere programako startup eta enpresa trakziogile parte-hartzaileak, inbertitzaileak eta eragile teknologikoak.

SPRIko zuzendari nagusi Alex Arriolak eginiko hasierako aurkezpenaren ostean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Saileko Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendari Aitor Urzelaik BIND 4.0 programaren hirugarren edizioko adierazle garrantzitsuenak azaldu ditu. Ekitaldiaren hurrengo atalean, bigarren edizioko CIN Advanced startupak eta EASO Ventures enpresak elkarrekin sinatutako inbertsio-akordio garrantzitsua aurkeztu da, horrela erakutsiz azeleragailuak potentzial eta inpaktu handia izan dezakeela startup parte-hartzaileen garapenean eta argi utziz erakunde pribatuak interesaturik daudela horrelako proiektuen finantzaketan. Jarraian, protagonistek eurek –enpresa trakziogileek eta startupek- aurkeztu dituzte beren gaitasunak eta gauzatu dituzten proiektuak. Ondoren, Aitor Urzelaik IV. edizioko nobedadeak aurkeztu ditu eta Arantxa Tapia sailburuak amaiera eman dio jardunaldiari.

Bind 4.0 programari buruz

Euskadin Laugarren Iraultza Industriala garatzearen aldeko apustuaren emaitza da BIND 4.0. Iraultza horren helburua da lantegiak digitalizatzea, talentua eta startup onenak erakartzeko mundu mailako lehiaren markoan. Helburu horrekin elkartu dira EAEko eragile publikoak (Eusko Jaurlaritza, SPRI Taldea, Foru Aldundiak eta BIC Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa enpresa eta berrikuntza zentroak) eta Euskadin kokatutako 40 korporazio pribatu garrantzitsu nahiz nazioarteko punta-puntako hainbat konpainia, hala nola, Siemens, Microsoft eta Amazon (programako kolaboratzaile teknologikoak).

Euskal enpresa handiak interesaturik daude konponbide teknologiko berriak eskain ditzaketen startupetan eta, interes horren osagarri, BIND 4.0 programak laguntza eskaintzen die startup horiei fakturazio arloan, merkatura sartzen laguntzen die izen handiko bezeroen bitartez eta inbertsioak edota finantzaketa lortzeko aukera ematen die beren garapenaren hasierako fasean. Hala, bi helburu konbinatzen dira: enpresa-proiektu gorakorrak azeleratzea eta konpainia sendoen eraldaketa digitala bultzatzea.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @JavierZarraona1
    2019.eko uztailak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 52 grandes firmas vascas trabajarán con startups de todo el mundo en la cuarta edición de BIND 4.0 ➡︎ https://t.co/dIcOLe4kOR

Ekitaldiko kargudunak