Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak 1.930.000 euro inbertituko dituzte 2019an Iparraldean euskararen aldeko proiektuak sustatzeko

2019-07-04
  • Lankidetzarako funts horren bitartez diruz lagunduko dira euskarazko irakaskuntza, euskaltegiak, euskarazko hedabideak edota aisialdiaren alorreko jarduerak.

 

Baiona, 2019/07/04           

Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak 1.930.000 euro inbertituko dituzte 2019an euskara Iparraldean sustatzeko. 2017-2022 epealdirako hitzarmen-markoaren baitan eta iragan apirilaren 3an Baionan sinatutako irizpidei jarraikiz, lankidetzarako funts horren bitartez euskarazko irakaskuntza, euskaltegiak, euskarazko hedabideak edota aisialdiaren alorreko jarduerak diruz lagunduko dira. Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro jarriko ditu eta Euskararen Erakunde Publikoak, berriz, 1.530.000 euro.

Euskararen Erakunde Publikoaren Baionako egoitzan egindako aurkezpen batean, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidenteak eta Bernadette Soule EEPko zuzendariak aurtengo ebazpenaren xehetasunak azaldu dituzte. “Euskararen lurraldeen arteko lankidetzari dagokionez, azken urteak bereziki oparoak izaten ari dira. Eusko Jaurlaritza beti egongo da Euskararen Erakunde Publikoarekin lankidetzan aritzeko prest, beti egongo gara euskara Iparraldean sustatzeko prest, baldin eta elkarlanerako borondatea erakusten bazaigu. Azken urteotan borondate hori argia izan da”, adierazi du Dobaranek.

Beñat Arrabitek, bere aldetik, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena eskertu du: “Hitzarmen-markoak gure partaidetzaren norabide nagusiak finkatzen baditu ere, urtero izenpetzen dugun eranskinak urteko elkarlana eta lan-programa zehazten ditu. Hemen bertan izenpetu genuen aurtengoa joan den apirilaren 3an. Eskertzekoa da Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta ekarpena, posible egingo baitu Ipar Euskal Herriko elkarte eta eragile pribatuek euskararen transmisioa eta erabilpenaren garatzeko dauzkaten proiektuak aurrera ateratzen laguntzea”.

Gaur ezagutzera emandako dirulaguntzak 2017-2022 epealdirako hitzarmen-markoan kokatzen dira. Urtero bezala, iragan udaberrian aurtengo ekitaldiari dagokion eranskina sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak, aurtengo lankidetzaren lan-ildoak zehazteko asmoz. Gaurkoan eranskinaren ebazpenaren xehetasun guztiak ezagutarazi dira.

Lankidetzarako fondoa bi dirutza multzotan banatua da:

  • 575.000 euroko dirutza multzoa (2018an baino 25.000 euro gehiago): Euskararen Erakunde Publikoa eta Eusko Jaurlaritzaren arteko sustapen-lerroekin bete-betean datozela ikusita, Ipar Euskal Herriko 9 eragile jakinentzako dirulaguntzak.
  • 355.000 euroko dirutza multzoa (iaz baino 25.000 euro gutxiago): Ipar Euskal Herriko beste hainbat eragile pribaturi zuzenduko zaio multzoa, hizkuntza jarduera Proiektu Deialdiaren bidez.

Aurtengo ebazpenari dagozkion datu guztian erantsitako dokumentuan kontsultatu daitezke.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)