Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak Euskadin pertsonek bizitzaren amaieran dituzten eskubideen inguruan egin diren jarduketak azaldu ditu

2019.eko uztailak 04

Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko sailburuordeak Arartekok antolatutako UPV/EHUren “pertsonen eskubideak bizitzaren amaieran” udako ikastaroan parte hartuko du

Ikastaroa gaur eta bihar izango da, eta helburu du gizartean eta medikuntzan jarrera positiboa sustatzea, gaixotasun aurreratua eta terminala duten pazienteen arretan eta zaintzan

 

Fátima Ansotegi Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko sailburuordeak eta José Luis Quintas Osasun Saileko Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendariordeak Arartekok antolatutako UPV/EHUren “pertsonen eskubideak bizitzaren amaieran” udako ikastaroan parte hartuko dute.

Gaur eta bihar, Donostia/San Sebastiángo Miramar jauregian, egungo esparru juridikora iritsi arte izan diren arau esanguratsuenak berrikusiko dituzte, bai eta azken hiru urteotan Euskadiko osasun-sisteman zainketa aringarrien inguruan egiten ari diren jarduketak ere.

Nahiz eta hutsetik ez abiatu, biek nabarmenduko dute “11/2016 Legea, Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzkoa" onesteak ekarri duen aurrerapenaren balioa.  Hura indarrean sartu zenetik, duela bi urte, Osasun Sailak eta Osakidetzak 46 ekintza berri planifikatu dituzte eta, horietatik, dagoeneko % 95 hasi edo ezarri dira.

Fátima Ansotegi sailburuordeak azalduko du lege horrek, pertsona horien duintasuna erabat eta eraginkortasunez bermatzeko, osasun-harremanen eta harreman soziosanitarioen erdigunean jartzen dituela.

Gainera, pertsonei beren bizitzaren amaierako prozesuan dagozkien eskubideak ezartzen ditu, eta berengan eragina duten erabakiak hartzean beren borondate askea erabat errespetatzea ere bermatzen du. Horrekin bat, arauak pertsona horiei arreta ematen dieten langileen eskakizunak ezartzen ditu, eta beren jarduketa-esparrua zehazten du, bai eta gizarte- eta osasun-erakundeek prozesuan zehar eman beharreko bermeak ere. Osasun Saileko sailburuordearen hitzen arabera, gaur egun esparru juridiko hori izateak “argi erakusten du gizarte-aurrerapen hori”.

Bestalde, José Luis Quintas Osasun Saileko Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendariordeak lege horren esparruan garatzen diren ekintzetako batzuk emango ditu ezagutzera. Horretarako, esku-hartzea hiru ataletan egituratuko du: makroa, alegia legearen emaitzak azalduko ditu; mesoa, alegia plan estrategikoak eta bere helburu nagusiek planteatzen duten antolamendu-eredua, eta, amaitzeko, mikroa, alegia Osakidetzan “INNOPAL” (berrikuntza zainketa aringarrietan) izenez ezagutzen dena.

Lege horrek eta Euskadiko Zainketa Aringarrien Planak pertsonen eta beren familien bizi-kalitatea hobetzea dute helburu, heriotza ekar dezakeen gaixotasunak dakartzan arazoei aurre egiten ari direnean.

 

Udako ikastaroak

Udako ikastaroa Arartekok antolatu du. Uztailaren 4an eta 5ean izango da, eta Manuel Lezertuak berak inauguratuko du. Hitzaldi horren ondoren, bost mahai-inguru izango dira.

Egitarau osoa

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau