Lehendakariak hezkuntza-azpiegitura berriak bisitatu ditu Bilbon
-
Iñigo Urkulluk Iruarteta ikastetxe publikoa handitzeko lanak bisitatu ditu; baita Pagasarribide IPI-aren Bigarren Hezkuntzako eraikin berria ere
- Eusko Jaurlaritzak 8,2 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du bi azpiegitura hauek eraikitzeko
Iñigo Urkullu Lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea lagun zituela, Iruarteta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea handitzeko lanak bisitatu ditu, Bilboko Miribila auzoan. Eraikuntza proiektu honen arduradunen eskutik lanen martxaren berri izan dute agintariek, eta baita hezkuntza-azpiegitura honen ezaugarri nagusienen ingurukoak ere. Eraikin berriak Iruarteta ikastetxe publikoko Haur Hezkuntzako neska-mutilak hartuko ditu lanak amaitzean.
Jarraian, eta hurbilean bertan, Pagasarribide Ikastetxe Publiko Integralaren Bigarren Hezkuntzako eraikin berria bisitatu dute. Aurrekoa ez bezala, eraikin hau amaitua dago eta 2018ko irailean hasi da martxan, DBHko lehen mailako ikasleek bertan egin baitute amaitu berri den ikasturtea.
Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren helburua ikastetxeak modernizatzea dela, bai irisgarritasunean bai bere espazioen egokitzapenean. 2023 Hezkuntza Azpiegituren Planari erreferentzia eginez, Lehendakariak esan du, aurreikusitakoaren arabera ari dela plana betetzen. “Obra hauekin leku gehiago irabaziko dugu bai barruan bai kanpoan”, adierazi du.
Hezkuntza Sailak 8.278.205,17 euroko inbertsioa egin du bi azpiegitura hauetan. Lanok eragin zuzena izango baitute, zalantzarik gabe, ikastetxe horietako hezkuntza-kalitatean.
Iruarteta: Haur Hezkuntzako eraikin berria, Iruarteta HLHI handitzeko
Bilboko Miribila auzoan kokaturik dagoen Iruarteta ikastetxea handitzeko lanek eraikin berria eraikitzea hartzen dute barne. Eusko Jaurlaritzak 4,8 milioi euroko inbertsioa egin du horretarako. Ikastetxearen egungo gimnasioaren alboan ari da jasotzen L formako eraikin berria. Orotara 2.365,78 metro koadroko eraikitako azalera izango du. Behe solairua eta honen gainean eraikitako beste solairu bat izango ditu eraikinak, ongi bereizitako bi eraikin-gorputzekin. 2 eta 5 urte bitarteko 350 ume baino gehiagorentzako gaitasuna izango du. Hezkuntza Saila lan hauek 2019-2020 ikasturteko Aste Santu ondoren amaitzeko aurreikuspenez ari da.
Eraikin-gorputz nagusian (behe solairua eta gainean beste solairu bat dituena) besteak beste, ikasgelak egongo dira: 17 gela arrunt, psikomotrizitate gela eta erabilera anitzeko gela. Horiei komunak, irakasleen gela eta tutoretza gela ere gehitu behar zaizkie. Beste eraikin-gorputzean, solairu bakarrean, jangela egongo da sukalde eta guzti. Ikastetxeko gurasoen eskaera aintzat hartuta ari da sukaldea egiten. Eraikin-atal honek bere inguru guztian aterpea izango du, estalitako jolastokiarekin bat egingo duen aterpea.
Kanpoan, kirol pista estalia da nabarmentzekoa, ia 1.000 metro koadrokoa. Kirol pistaren estalkiaren gainazala –orubeak duen maldari esker- jolastokitarako baliatuko da, goiko eremuarekin bat egingo baitu. Kirol pista estaliaren ondoan, kanpoaldeko igogailua eta eskailerak kokatuko dira. Komunikazio-lotune honi esker, eraikin berria eta bere ingurunea egungo eraikina dagoen gunearekin lotuko da, batetik bestera dagoen desnibela gaindituz.
Amaitu berri den 2018-2019 ikasturtean Bilboko Iruarteta HLHI-k 700 ikasle pasatxo izan ditu ikasgeletan, Haur Hezkuntzakoak zein Lehen Hezkuntzakoak. Egun, gainera, Bilboko Udala haurreskola egiten ari da alboan bertan, horretarako gorderik zegoen orubean.
Iruarteta ikastetxeko eraikin berriaren ezaugarri nagusiak:
- 5 gela arrunt (2 urtekoentzat)
- 12 gela arrunt (3-4-5 urtekoentzat)
- Psikomotrizitate gela
- Erabilera anitzeko gela
- Jangela eta sukaldea
- Haur-kotxeentzako biltegia
Kanpoan:
- Jolastoki estalia, 225 m²
- Kirol pista estalia, 998,8 m²
- Kanpoko igogailua eta eskailerak
Orotara azalera eraikia: 2.365,78 m² + aterpeak
Hezkuntza Sailak egin duen inbertsioa: 4.867.610,43 €
Pagasarribide: DBHrako eraikin berria
Eraikuntza lanak amaiturik, Pagasarribide Ikastetxe Publiko Integralean DBHko ikasleak hartzen dituen eraikina 2018ko irailean jarri zen martxan, etapa horretako lehen mailako ikasleekin. Datorren 2019-2020 ikasturtean instalazio hauek DBHko lehen eta bigarren mailetako ikasleak hartuko dituzte, 80ren bat neska-mutil. Datozen urteetan berriz, ikasturtez ikasturte, eta ikasle berriak iritsi ahala –gehien bat Pagasarribide ikastetxe publikoan Lehen Hezkuntza amaitzen dutenak- eraikin berri hau betez joango da DBHko laugarren mailara iritsi arte.
Eraikin berri honek erdisotoan, behe solairuan eta lehen eta bigarren solairuetan banatzen ditu instalazio guztiak, orotara 3.326,30 metro koadroko azalera eraikia duelarik. Eusko Jaurlaritzak 3,4 milioi euroko inbertsioa egin du berau eraikitzeko. Oinezkoentzako aireko pasabide estali batek eraikin berria eta Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikina lotzen ditu, beste eraikin hori alboan baitauka, errepidez beste aldera. Era honetan, ikasleak zein irakasleak erabateko segurtasunez pasa daitezke eraikin batetik bestera.
Pagasarribide IPI-aren eraikin berria: ezaugarriak eta instalazio nagusiak
- 8 gela, erabilera anitzekoak
- 2 bikoizte gela
- Tailer gela
- Laguntza gela
- Plastika gela
- Zientzia laborategia
- Musika gela
- Informatika gela
- Liburutegia
- Jangela eta officea
- Kirol pista, 884,10 m²
- Jolastokiko aterpea, 176,65 m²
Orotara azalera eraikia: 3.326,30 m²
Hezkuntza Sailak egin duen inbertsioa: 3.410.594,74 €