Eu

Kooperatiben Nazioarteko Eguna: “Kooperatibak, lan duinaren alde”

2019.eko uztailak 05

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoko jarduerak aurkeztu ditu, uztailaren 6an, “Kooperatibak, lan duinaren alde” goiburupean egingo den Kooperatiben Nazioarteko Eguna dela eta.

San José sailburuak kooperatibismoaren eta gizarte-ekonomia osoaren garrantzia azpimarratu du, oinarrizko sektorea den aldetik hazkunderako, gizarte-kohesiorako eta Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzeko. “Europako erakunde guztiok dugu –erantsi du– programen, proiektuen eta arloa osatzen duten erakundeak suspertzeko, sustatzeko eta garatzeko funtsen bidez gizarte-ekonomiari laguntzeko konpromisoa eta borondatea. Euskadi Europako eta mundu osoko kooperatibismoaren erreferentea da bertako lan-elkartuko kooperatibei esker, eta horrek oraindik eta gehiago behartzen gaitu gure kooperatibak sendotzeko politiken alde egitera”.

Hain zuzen ere, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak jardunaldi bat antolatu du Euskadiko kooperatibek garapen jasangarriarekin hartuta duten konpromisoaren inguruan. Jardunaldia datorren ostegunean, uztailaren 11n, egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian. Jardunaldia María Jesús San José sailburuak inauguratuko du, eta Iñigo Urkullu lehendakariak emango dio amaiera.

María Jesús San José sailburuak eman duen prentsaurrekoan Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Jon Azkuek eta Gizarte Ekonomiaren zuzendari Jokin Díazek ere esku hartu dute. Azken honek zehaztu ditu Euskadin gizarte-ekonomia sustatzera bideratzen diren jarduketak, eta azpimarratu du dirulaguntzak etengabe joan direla gehitzen eta aurten, esate baterako, 4,5 milioi eurotik gorakoak izango direla.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak