Berriak Lehendakaritza
Eu

Quebec eta Euskadiko 80tik gora eragile elkartuko dira ostiralera arte bi herrialdeen arteko kultur harremanean sakontzeko

2019.eko uztailak 03

- 2020. urtean Quebecek hartuko du aurten Etxepare Euskal Institutuak Eskozian antolatu duen kultur denboraldiaren lekukoa, eta hori prestatzeko lehen urratsa izango da topaketa.

- Lehendakariak dibertsitate kultural eta linguistikoaren babesa, berrikuntzaren aldeko apustua eta ingurumenarekiko konpromisoa azpimarratu ditu bi herrialdeek partekatzen dituzten ezaugarrien artean.

Iñigo Urkullu Lehendakariak harrera egin dio gaur goizean, Lehendakaritzan, Quebecetik Euskadira etorri den delegaritzari. Hizkuntza, kultura eta sormen industrien alorreko 19 erakundetako ordezkariek ostiralera arte Gasteiz, Donostia eta Bilbon egingo diren kultur topaketa profesionaletan hartuko dute parte, 60tik gora euskal eragilerekin batera. Ekitaldiak Quebec eta Euskadiren arteko kultur harremanak estutzea du helburu, eta 2020. urtean zehar Quebecen euskal kultura denboraldi bat gauzatzeko lehen urratsa izango da.

Topaketa honek Quebec eta Euskadiren arteko MOU edo Elkar-Ulermenerako Memorandumean du jatorri. Izan are, 2017. urtean Lehendakariak eta Quebeceko Lehen Ministroak sinatu zuten hitzarmenean jasotako lankidetza esparruetako bat da kultura, ingurumena, garapen ekonomikoa eta berrikuntzarekin batera. Lehendakariak adierazi duenez, Quebec “lehentasunezko bazkide” bezala dago identifikatuta Euskadi-Basque Country nazioartekotze estrategian, eta horretarako hiru arrazoi azpimarratu ditu: “dibertsitate kultural eta linguistikoaren babesa, berrikuntzaren aldeko apustua, eta ingurumenarekin eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko konpromisoa”. Halaber, bi lurraldeen arteko harremana duela bost mende hasi zela ekarri du gogora: “euskal baleazaleak Quebeceko kostaldera iritsi zirenean gaur egun mantentzen den harreman bat hasi zen”, esan du.

“Quebec eta Euskadik 2020. urtean topaketa bat prestatzeko nahia partekatzen dugu; kulturatik abiatuta, gure bi nazioen arteko harremana estutzen jarraitzeko historikoa izango den topaketa”, gaineratu du. Lehendakariarekin batera, gaurko bileran izan dira, besteak beste, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria.

Hain zuzen ere, Quebec eta Euskadiko kultur eragileen arteko lankidetza, eta artista, sortzaile eta kultur industrien hartu-emana sustatzeko helburua duen Quebec-Euskadi 2020-2021 egitasmoa da bi herrialdeen arteko lankidetzaren emaitzetako bat. Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak bideratuta, euskal kultur denboraldi bat egingo da Quebecen 2020an. Egitasmoak joan-etorriko ibilbidea izango du, 2021. urtean gauza bera egingo baita quebectar sortzaileekin Euskadin. Egitasmo horren lehen mugarria izango da gaur bertan hasi den kultur topaketa profesionala. Horrela, Quebecek Eskoziaren lekukoa, non euskal sortzaileak euskal kultura munduratzeko aukera paregabea izaten ari diren aurten ‘Scotland goes Basque’ programaren bidez.

Euskadi-Quebec kultur topaketa profesionalak

Gaurtik hasita eta ostiralera arte Quebec eta Euskadiko kultur eragileen arteko topaketa antolatu du Etxepare Euskal Institutuak, elkar ezagutzea areagotu, bi herrialdeen arteko kultur trukaketak sustatu, bi aldeetako sorkuntza eta hedapena bultzatu, esperientzia eta ezagutza trukatu, eta kultur erakusleihoak eratzeko helburuarekin.

Guztira, arte eszenikoen, zinema eta ikus-entzunezkoen, literaturaren, musikaren, artearen eta hizkuntzaren alorreko, hogei bat quebectar eragile, publiko zein pribatu, eta hirurogei bat euskal eragile bilduko dira Gasteiz, Donostia eta Bilbon antolaturiko jardueretan.  

Quebeceko gobernuak, deialdi publiko baten bidez, hautatu ditu Euskadira etorri diren eragileak. Horien artean, batetik, gobernuaren menpeko instituzioetako ordezkariak daude: Frankofonia eta Nazioarteko Harremanetarako Ministerioa, Kultura eta Komunikazioaren Ministerioa, Quebeceko Arteen eta Letren Kontseilua (CALQ), Bartzelonako Quebeceko Delegaritza eta Kultur Enpresen Garapenerako Erakundea (SODEC). Horrez gain, kulturaren azpisektoreetako erakunde eta plataforma ezberdinetako hainbat ordezkari ere etorri dira, euskal kultura ezagutu eta bertako eragileekin lehen kontaktua izatera. Horien artean daude Montrealgo Dantza Garaikidearen Eskola, REGARD zinema jaialdia edota Théâtre la Rubrique erakundea, besteak beste.

Bestetik, Etxepare Euskal Institutuak luzatutako gonbidapenari erantzunez, hirurogeitik gora euskal eragilek eman dute izena topaketa honetan parte hartzeko. Horien artean kultur azpisektore guztietako erakunde, plataforma, konpainia edota norbanakoak ageri dira.

Hiru eguneko topaketa honek agenda anitz eta betea izango du. Gaur, Lehendakariaren harreraren ostean, Quebec-Euskadi lankidetza hitzarmenaren inguruko azalpena eman dute Etxepare Euskal Institutuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Ostera, hiru egunetan, egitaraua antzerakoa izango da: azpisektoreka banatutako euskal eta quebectar kultur eragileen arteko buruz buruko bilerak, hiri bakoitzeko gune kultural garrantzitsuenetara egindako bisitekin tartekatuko dira, hala nola Bilboko Arte Ederren Museoa, Gasteizko Santa Maria katedrala, Pasaiako Albaola Itsas Faktoria edota Donostiako Tabakalera.

Quebec-Euskadi hitzarmena

2017. urteko urrian, Iñigo Urkullu Lehendakariak Quebecera egindako bidaia instituzionalean sinatu zuen Euskadi eta Quebecen arteko MOU edo Elkar-Ulermenerako Memoranduma bertako Lehen Ministro Philippe Couillard-ekin.

Baina Quebec-Euskadi 2020-2021 joan-etorriko egitasmoa ez da bi herrialdeen arteko harreman kulturala sendotu asmoz egingo den proiektu bakarra. Besteak beste, 2018. urteko apirilean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza Quebecen izan ziren, eta bertako McGill Unibertsitatearekin lankidetza hitzarmen bat sinatu zuen Etxepare Euskal Institutuak, etorkizunean bertan euskal ikasketen katedra berri bat martxan jartzeko.

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @fco_granaino
    2019.eko uztailak 03

    Comentario de Twitter:
    @Gob_eus #AGENDA_EJGV
    #ActoOficial de 03/07/2019 ➡️ https://t.co/L3ImrgGoG2

    Poder/cargo público ➡️ Lehendakari, Co… https://t.co/CKYiM4ICtS

  • 2019.eko uztailak 03

    Falta la bandera de España, dado que se utiliza la de la Comunidad Vasca, según nuestra Constitución, artículo 4, http://www.congreso.es/consti/constitucion/indice/titulos/articulos.jsp?ini=4&tipo=2.

    Desprecian la presencia obligada de la bandera de nuestra Nación, jugando a ser un país independiente, pero lo más cerca que están de serlo es llamándose Comunidad Autónoma del País Vasco, y ello en virtud de la misma Constitución que acostumbran a incumplir.
    .
    Sigan soñando, yo seguiré poniendo de manifiesto la realidad, que son España, ni más ni menos.

Ekitaldiko kargudunak