Berriak Osasuna
Eu

Arabako ESIak tratamendu onkologikorako azken belaunaldiko laugarren azeleragailua jarri du, Amancio Ortega fundazioarekin sinatutako akordioan aurreikusitako 5etatik

2019.eko uztailak 01
  • Azeleragailu berriaren bidez, zehaztapen handiko tratamenduak egin ahalko dira, bigarren mailako ondorio gutxiagorekin, eta urtean bostehun bat pazienterekin 

  • Azeleragailua eskuratu da ekipoak berritzeko eta eguneratzeko etengabeko prozesuaren barruan, paziente onkologikoen biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzeko

Nekane Murga Osasun sailburuak, gaur goizean, erradioterapiako azken belaunaldiko azeleragailu lineal berria bisitatu du; hura Amancio Ortega fundazioarekin sinatutako lankidetza-akordioan aurreikusten da. Horrela, laugarren azeleragailua jarri da martxan (lehenengoa Donostiako Unibertsitate Ospitalean jarri zen, 2018ko uztailean, eta bigarrena eta hirugarrena, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, 2018ko irailean eta aurtengo ekainean, hurrenez hurren); 2017ko apirilean Eusko Jaurlaritzaren eta Amancio Ortega fundazioaren artean sinatutako akordioan bost jasotzen dira, eta hau laugarrena izan da. Horrek 14.700.000 euroko inbertsioa ekarri du, gaixotasun onkologikoak diagnostikatzeko eta tratatzeko euskal osasun publikoaren ekipamendua hobetzeko.

Osasun sailburuak Arabako Unibertsitate Ospitaleko instalazio berriak bisitatu ditu, eta Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuko profesionalekin batu da, aurrez aurre ezagutzeko azeleregailu berriak bai profesionalei bai pazienteei ekarriko dizkieten aurrerapenak eta hobekuntzak.

Profesionalekin batu ondoren, Nekane Murga sailburuak honako hau esan du: “jarraitzen dugu prebentzioaren eta detekzio goiztiarraren aldeko apustu irmoarekin konprometituta, eta hala erakusten du dagoeneko Araban eta Gipuzkoan finkatuta dagoen eta Bizkaian ezartzeko fasean dagoen umetoki-lepoko minbiziaren baheketa-programa pilotua edo 2018-2023rako Euskadiko Plan Onkologikoa martxan jarri izanak. Euskadiko Plan Onkologikoak arreta onkologikoaren jarduketa-eremuak zehazten ditu, biziraupena hobetzeko”.

Bularreko, koloneko eta umetoki-lepoko minbizien baheketa-programak ezarriz egiten den detekzio goiztiarrak jarraitzen du Osasun Sailaren eta Osakidetzaren lehentasunetako bat izaten. Jarduketa horiek areagotu egin dituzte gaixotasun onkologikoak dituzten pertsonen biziraupen-tasak eta bizi-kalitatea; horiek jarraitzen dute izaten Euskadin heriotzaren kausa nagusi.

Azeleragailu lineal berriak 2.800.000 euro inguruko inbertsioa ekarri du; azeleragailu konbentzionalen aldean, irudi bidez gidatutako erradioterapiako plataforma integratu moldakorra izango da; hobekuntza esanguratsua ekarriko du pazienteentzat, izan ere, tumoreak eta mugimenduan dauden ehunak oso zehaztapen-maila altuekin trata ditzake. Asteazkenean egongo da martxan, uztailaren 3an.

Ekipo horren bidez, bigarren mailako ondorioak murriztuko dira eta honako tratamendu-teknika hauek beste gailu batzuekin baino zehatzago eta seguruago egingo dira: Intentsitate modulatuko erradioterapia (IMRT) edo arkoterapia bolumetriko modulatua (V-MAT), garezur kanpoko erradioterapia estereotaxiko zatikatua (SBRT), sistema robotizatuen bidezko irudiz gidatutako erradioterapia (IGRT) eta erradioterapia moldagarria.

Aurrerapen teknologiko horrek gaitz lokalizatua eta/edo oligometastasikoa duten paziente onkologikoentzako aukera terapeutiko berri asko ekarriko ditu, morbilitate txikieneko kontrol lokalaren indizerik altuenak lortuz. Azeleragailua eskuratu da Osakidetzako ekipoak berritzeko eta eguneratzeko etengabeko prozesuaren barruan, paziente onkologikoen biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzeko.

Ekipamendu berria datorren uztailaren 3an jarriko da martxan; azeleragailuarekin batera, 1.000 paziente inguru tratatuko dituzte, urtean. Horrela, Arabako Unibertsitate Ospitaleko beste azeleragailuan gaitutako hirugarren txanda amaitzen da, bai eta pazienteak Donostiako Onkologikora bideratzea ere; bideratzea 2018ko azarotik ekipamendu berria ezartzeko prozesuan zehar ezarri zen. Horrek kalitate goreneko arreta bermatu du, eta, horrela, ez da atzerapenik egon minbizia duten pazienteen tratamendurako eta erradioterapiarako.

Ekipamendu berria martxan jarrita, 2018-2023rako Euskadiko Plan Onkologikoarekin bat etorriz –planak arreta onkologikorako jarduketa-eremuak zehazten ditu, biziraupena hobetzeko–, Arabako ESIak teknologia aurreratuagoa izango du eta, horrela, hobetu egingo du Arabako paziente onkologikoek jasotzen duten arreta.

Osasun sailburuak, era berean, honako hau gogorarazi du: “laugarren azeleragailu honen ondoren, erradioterapiarako bosgarren eta azken azeleragailu lineala etorriko da; Basurtuko Unibertsitate Ospitalean jarriko da”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak