Eu

Eusko Jaurlaritzak, Lehiatu Berria eta Lehiatu Promoción programen bidez, 13 milioiko laguntza-ildoak zabaldu ditu

2019.eko uztailak 01
  • Laguntza horiek azken lau urteotan 45 milioi euro izan ziren; tresna garrantzitsua dira basogintzako, nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen eraldaketa, merkaturatzea eta sustapena bultzatzeko.
  • 2016tik Lehiatu Berrian aktibatutako 627 eskabideek 240,6 milioi eurotik gorako inbertsioak lortu dituzte sektore horietan.
  • Basogintza-sektoreari bi milioi euro bideratuko zaizkio aurten, azken lau urteotan eman zaizkion sei milioiri gehitzen direnak.

Datu horiek Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eman ditu, Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearekin batera Bizkaiko Ebaki XXI baso-enpresara, Lehiatu Berria laguntza-programaren onuradunetako batera, egin duen bisitan.

Ebaki XXI enpresak laguntza horiek 20 milioi eurotik gorako inbertsioak finantzatzera bideratu ditu, bereziki puntako makinerian eta abangoardiako sistema teknologikoetan. Zehazki, finantzatutako proiektuak honako hauek izan dira:

  • Hutsak ezabatzeko eta Finger Joint sistemarekin lotzeko zura optimizatzeko eta saneatzeko lerroa.
  • Biomasa-galdarak eta lehortze-unitateak iragazketa-sistemarekin, atmosferara egiten den partikulen igorpena ezabatzeko.
  • Zur lodirako zerraketa-lerroa eskaneatuarekin, optimizazio bolumetrikorako eta kalitateen hautaketa automatikorako.

Ebaki enpresa Bizkaiko Muxika udalerrian dago finkatuta, 1998tik; proiektu globala du zura eraldatzeko eremuan, baso-kateko sektore guztien integrazioan oinarrituta, baso-baliabideen aprobetxamendu optimorako eta eutsirako.

Enbalajearen, kiteko altzarien, Finger Joint zur lotuaren osagaien eta zerra-itxurako zuraren merkatuetan daude. Etengabe hazten ari den eta basogintza jasangarriaren printzipioei jarraikiz kudeatutako basoaren erdian, Ebaki XXI enpresak zura eraldatzeko jarduera garatzen du eta, horretarako, tokiko baliabide natural berriztagarrietatik abiatzen da eta ingurumena errespetatzen du. Gaur egun, 140 enplegu sortzen ditu eraldaketan eta beste 100 baso-ustiapenean. Zura zerratzeko azken teknologia du, eta esportazioa bere fakturazioaren % 20 baino gehiago da.

Bi laguntza-lerro

Aurten Eusko Jaurlaritzak programa horietarako, Lehiatu Berria eta Lehiatu Promoción programetarako onetsitako laguntzak zabalik izango dira uztailaren bukaerara arte eta abuztura arte hurrenez hurren, nekazaritzako, elikagaigintzako eta basoko produktuak eta arrantzako eta akuikulturako ondoriozkoak eraldatzea, merkaturatzea eta sustatzea bultzatzeko.

Lehiatu Berriak, 2019. urte honetarako, 12,6 milioi euro inguruko zenbatekoa du, eraldaketarako eta merkaturatzeko. Horietatik 1.875.000 basogintza-sektorera zuzenduko dira. Kopuru horrekin, 2016tik laguntza horietara bideratutako 43 milioi euroak gainditzen dira; laguntza horietatik 6.434.463 basogintza-sektoreari zegozkion.

Lehiatu Promoción programa dela eta, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan produktuak sustatzea finantzatzera bideratzen da, eta, aurtengo urterako, 500.000 euro dituzte. 2016tik, Eusko Jaurlaritzak 2 milioi euro baino gehiago bideratu ditu laguntza horietara.

Lehiatu Berria

Laguntza horiek elementu garrantzitsua dira Eusko Jaurlaritza elikaduraren balio-kate osoa sustatzeko garatzen ari den politika irmoan; bertan, lehen mailako ekoizpena eta elikagaien kontsumoa sartzen dira, besteak beste, bai eta eraldaketa, banaketa eta merkaturatzea ere, harik eta gastronomiara iritsi arte. Estrategia hori gobernu autonomoak legegintzaldi honetarako eginiko apustu nagusietako bat da, eta Euskadiko Gastronomiarako eta Elikadurarako Plan Estrategikoan jaso da.

Lehiatu Berria programak nekazaritza- eta elikagaigintza-, basogintza-, baso- eta arrantza-industriarentzako laguntzak jaso ditu. Elikadura-katera bideratutako laguntza-programa da; sektore guztiak batzen ditu, eta helburua da funts galdurako laguntzak ematea, nekazaritza-, elikagaigintza- eta basogintza-produktuen eraldaketan eta merkaturatzean inbertsioak egiteko.

Modalitatearen arabera, pertsona fisikoek edo juridikoek eska ditzakete: nekazariak edo nekazarien elkarteak, nekazaritzako kooperatibak edo nekazaritzako elikagaien enpresak, mikroenpresak, enpresa txiki eta ertainak.

2018ra arte, 627 eskatzaile, baso-enpresa, elikadura-sektoreko enpresa, bodega eta abar izan dira programa honen onuradunak; 240,6 milioi eurotik gorako inbertsioak proposatu ditu.

Lehiatu Promoción

Lehiatu Promoción programa Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila Euskadiko nekazaritzako elikagaien kate osoa eta bere kalitateko produktuak nazioarteko merkatuetan bultzatzeko eta sustatzeko garatzen ari den politika irmoan sartzen da. Lehiatu Berriak bezala, Lehiatu Promoción programa Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoan jaso da, eta helburuetako bat du Euskadiren posizionamendua finkatzea mundu-mailan eta, horrela, erreferentziazko lurralde bilakatzea elikaduraren eta gastronomiaren arloan, eta kalitateko turismorako lurralde erakargarri. 2016tik, programa horretara 2,1 milioi euro bideratu dira.

Diruz lagundu daitezkeen ekintzak

Diruz lagundu daitezkeen ekintzen artean, Lehiatu Promoción programan azoketan parte hartzea edo horietan laguntzea daude, bai eta zuzeneko edo alderantzizko merkataritza-misioetan ere, eta sustapen- eta zabalkunde-materialak prestatzea.

Ezin da diruz lagundu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak edo Industriako eta Nabigazioko Merkataritza Ganberek edo kanpo-merkataritzan enpresei finantza-arloan laguntzen dieten antzeko erakundeek standa duten azoketan eta euskal enpresei azoka-espazioa eskaini zaien azoketan parte hartzea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Manuel Araucoa (Ebaki XXIko presidentea); Eduardo Márquez (Ebaki XXIko zuzendari orokorra); Kepa Atutxa (Administrazio Kontseiluko kidea)