Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Langabetuak orientatzeko zerbitzua onartu du Lanbidek, lagun egitea eta arreta pertsonalizatua oinarritzat hartuta

2011.eko martxoak 31

 

  • Euskal Enplegu Zerbitzuak hala behar duen pertsona bakoitzarentzat banakako ibilbidea diseinatuko du, lan-aukera hobetzeko zerbitzuak eta laneratzen lagunduko dioten enpresekiko harremanak barne
  • Orientazio-zerbitzu horren ekintzak finantzatzeko zazpi milioi euroko diru‑partida dago.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak gaur egin duen bileran argi berdea eman dio langabetuentzako orientazio zerbitzu berriari, lagun egitea eta arreta pertsonalizatua oinarritzat hartuta.

Enplegurako orientazio-zerbitzu horren ekintzak garatzeko diru‑laguntzen deialdian zazpi milioi euro eskainiko dira, finantzazio gisa. Horrela, orientazio profesionala ziurtatu nahi da, arlo horretan adituak diren entitateen bidez eta Lanbideren bulego‑sareak eskaintzen dituen baliabideak erabiliz.

Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekintzaren oinarrizko zutabea enplegu-zerbitzuen erabiltzaileei banakako arreta espezializatua ematea da. Banakako arreta hori da bermerik onena, langabezian daudenen lan-aukerak hobetzeko eta lana dutenen enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna lortzeko. Horretarako, ekintza malguen erreferentzia-esparrua ezarriko da, pertsona bakoitzak unean-unean egokitzapenak egin ahal izan ditzan berarekin gauzatuko diren ekintzetan. Lanbidek eskainiko dituen enplegu-orientazioko zerbitzu horiek informazioa, lagun egitea, motibazioa eta aholkularitza sustatzeko neurriak jasoko dituzte, pertsona bakoitzaren egoera profesionala kontuan hartuz, haren gaitasunak eta interesak zehaztu eta ikasketarako banakako ibilbidea diseinatu ahal izateko, lan‑bilaketa edo enpresa-ekimenak kudeatzeaz gainera.

Euskal Enplegu Zerbitzuak, beraren bulegoen eta zentro laguntzaile akredituatuen bitartez, enplegurako banakako ibilbide pertsonalizatua diseinatu, egin eta gauzatuko du hala eskatzen duen langabetu bakoitzarentzat. Horren barruan sartu ahal izango dira enplegurako eta autoenplegurako orientazio- eta informazio-zerbitzuak, kualifikazio profesionala eta lan-aukerak hobetzekoak, eta -laneratzeko laguntza gisa- enpresa, entitate eta erakundeekiko harremanak. Ibilbide hori lan-aukeren balorazioarekin hasten da beti, pertsona bakoitzaren abiapuntuko egoeraren diagnostikoarekin, izaera orokorreko proposamenak bazter utzita.

Enplegurako orientazioko ekintzen hartzaileak langabetuak eta langabezian geratzeko arriskuan edo enplegua hobetzeko prozesuan dauden pertsonak izango dira. Oro har, lan egiteko adinean dauden eta enplegua modu aktiboan bilatzeko interesa duten pertsona guztiak izan daitezke ekintza horien hartzaileak, haien egoera edozein dela ere.

Deialdiak entitate laguntzaile izateko aukera ematen dio orientazioan edo enplegu-politiken kudeaketan eskarmentu nahikoa duen edozein entitateri, haren izaera juridikoa edozein dela ere. Horrez gain, zerbitzuaren berezko osagai gisa sartzen dira enplegu-zerbitzuak; izan ere, enplegu bila dabiltzanei bilaketa horretan laguntzeko baliabideak eta tresnak ematen zaizkien guneak baitira. Guztira 37 enplegu-zentro egongo dira. Horietatik hiru (1 hiriburu bakoitzean) laneratzeko zailtasun bereziak dituzten taldeei laguntzeko entitateek kudeatuko dituzte.

Zerbitzu berri hori abian jartzearekin batera, Lanbiden eta Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan beharrezko gogoeta egiten ari da, Euskadiko Lanbide Informazio eta Orientazioko Sistema Integratua izango denari buruz.

 

Iruzkin bat
  • @esforos
    2011.eko apirilak 04

    Comentario de Twitter:
    #Lanbide aprueba un servicio de orientacion a las personas paradas centrado en el acompañamiento http://www.irekia.euskadi.net/es/news/5549

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan