Elkarlan Sariak
Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Berdindu!´ren Jakinarazpena, Sexu-askapenaren Nazioarteko Eguna dela eta

2019-06-28

VG 2019 06 28

 

“Gaur, ekainaren 28an, 50 urte betetzen dira, sexu-askapenaren aldeko borrokak harrotasunik biziena erakutsi zuen gertaerarik garrantzitsuenetik. Pertsona askok, orduan, polizia-basakeriari eta askatasunez maitatzeko, desiatzeko eta izateko aukera ematen ez zuen sistemari egin behar izan zieten aurre. Urteurrenen bidez, atzera begiratu eta memoria egin nahi izaten da. LGTB+ kolektiboaren erresistentziak ez ziren 69ko ekainaren 28 hartan hasi, New Yorken, ez eta duela 40 urte ere, Errenterian, Francis erail zutenean. Zoritxarrez, horiek dira amorruz eta ezintasunez bete eta antolatzeko eta entzun egiten diren ahots gogorrak eraikitzeko indarra hartzeko uneak.

 Berdindu! LGTBI kolektiboarentzako Eusko Jaurlaritzaren informazio- eta laguntza-zerbitzuan, urteurren hau eskerrak emateko aprobetxatu nahi dugu; eskerrak sexu-askapenaren aldeko borrokan jarduteko ahalegin guztia egin duen eta gaur egun, oraindik, antolatzen jarraitzen duen jende guztiari. Eta, halaber, indarra eta animoa bidaltzen diegu isilpean jasaten duten pertsonei.

 Agerikotasun lesbiko, trans edo bisexualaren aldeko, transexualitatearen despatologizazioaren aurkako edota LGTBI+fobiaren aurkako egunek bat egingo dute gaur, garenak eta garen bezalakoak izateko eta desiratzen dugun bezala desiratzeko (bakoitzak bere moduan) harrotasuna aldarrikatuko dugun egunean.

 Berdindu! zerbitzuan garbi dugu adi jarraitu behar dugula. Azken urteotan tolerantziarik ezaren inguruko mugimendu politikoak areagotu egin direla ikusten ari gara, bai eta eztabaida politikoan gure gizartean dagoeneko normalizatuta dauden LGTB+ kolektiboaren eskubideak jartzeko ahaleginak gero eta gehiago direla ere. 2018an, EAEn erregistratutako gorroto-delituen % 30 sexu-orientazioarekin edo -identitatearekin zuen zerikusia; alegia, gorakada egon da, aurreko urtearen aldean.

 Urrunago begiratuz gero, ILGA txostenaren arabera, 70 estatuk sexu bereko pertsonen arteko harremanak kriminalizatzen jarraitzen dute. Zenbait herrialdek, Indiak, Trinidad eta Tobagok eta Angolak besteak beste, lege horiek indargabetu berri dituzte. Aldaketa horiek egin dira teorian, eta espero dugu horiek benetako aldaketa soziala ere ekartzea.

 Baina Berdindu! zerbitzuan, halaber, euskal gizarteak aniztasunaren konpromisoa sinatu duelako harro gaudela adierazi nahi dugu. Urterik urtera, hainbat eremutako pertsonari jarraitzen diegu arreta, prestakuntza eta orientazioa ematen, eta esan dezakegu harrera gero eta hobea dela eta gero eta gehiagok bizi dezaketela beren sexualitatea askatasunez.

 Transexualitatea despatologizatzeko aurrerapenak gero eta handiagoak dira, trans pertsonek, beren familiek, elkarteek eta kolektiboek egiten duten etengabeko lanari esker; ez dute atzerapausorik egiten beren aldarrikapenetan, eta beste kolektibo, erakunde, alderdi politiko, erakunde eta pertsona batzuen laguntza dute. Horrela, aurtengo maiatzaren 15ean, Eusko Legebiltzarrean sexu-identitatearen autodeterminazioa aitortzeko transexualitateari buruzko egungo legea aldatzeko proposamena onartzea lortu dute. Kasu honetan, horrek dagoeneko onarpen soziala du eta legezko aitorpena behar du.

 Hori guztia dela eta, Berdindu! zerbitzuan animatzen zaiztuztegu egun hori aprobetxatzera, sexu-askapenaren alde lortzen ari garen aurrerapen guztiak ospatzeko, eta, aldi berean, gaurko eguna aniztasunaren aldeko borrokan beste egun bat gehiago izatea egiten duten sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldi guztietan parte hartzera”.

 

 

 

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @Gob_eus
    2019-06-28

    Comentario de Twitter:
    🏳️‍🌈 Berdindu!´ren Jakinarazpena, Sexu-askapenaren Nazioarteko Eguna dela eta ➡︎ https://t.co/pmc4QyWnRX https://t.co/FK83AFU06u

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko