Eu

URAk abiarazi du Busturiako Axpe auzoko Amunategi errekaren ibilgua egokitzeko lanak ezagutarazteko informazio publikoa

2019.eko ekainak 27

URAk abiarazi du Busturiako Axpe auzoko Amunategi erreka ibilgua egokitzeko lanak ezagutarazteko informazio publikoa. Lanok xede hirukoitza dute: zonaldean uholde arriskua murriztea, mehartutako eta estalitako errekaren tarte bat leheneratzea eta gaur estalita den Errotatxo zubiaren balio historikoa erakustea. Erreka tarte horretan uholdeek arazo errepikakor nabarmenak sortzen dituzte; hainbesterainoko non 10 urteko errepikatze denborako uholdeek ere erasanak sortzen dituzten.

Lanok Busturiako Amunategi eta Mape errekak leheneratzeko eta uholdeei aurre egiteko lanak berregiteko proiektuaren pean egingo dira, eta 2009 eta 2011an erreka bi horien tarteetan egindako lanei jarraituko diete. Eremuan ur-goraldiekiko segurtasun-maila handituko dute.

Hartara, orain, estalduraren zati bat eraitsiko da: egun diren 35 metroko tartetik, 12 metroko lurrazpiko galeria batera murrizteko (Amunategi erreka igarotzen duen bideari eusteko baino beharrezkoa ez dena), eta Errotatxo zubia ilunpetik argira aterako da. Beste alde batetik, 90 metro luzerako tarte bat egokitzeko lanak egiten dira, ingurumen eta ur-hustutzearen ahalmenak hobetzeko.

Estalduraren zati baten eraisteari dagokionez, ibai ibilgu tarte berri bat sortzen da, lurrazpian luzera gutxiagoan igaro dadin, eta egungoaren zabalera handitzen da. Halaber, ingurumen-kalitatea hobetzen da: pareta bertikal bat kendu, ezponda etzan, eta ezker ibaiertza birlandatuko da. Nahiz eta Errotatxoko zubiak ondare-kalifikaziorik izan ez, Bizkaiako Foru Aldundiko Ondare departamentuak zubiaren balio historikoaren berri eman zuen. Hortaz, Errotatxoko zubiaren eta lurpeko galeria berriaren artean 1,5 metroko estali gabeko tartea atonduko da, zubia nabarmendu eta ikusi ahal izateaz gain, tarte bera hobetzeko ere.

Beste alde batetik, 90 metrotan erreka-tarte bat egokituko da, zeru zabalera. Egun, eskumako ibaiertzan ura bideratzeko eta ertz bera eusteko paretak egoera eskasean daude, arrakalekin, eta oinarrian harriak falta dituztela. Lanon xedea ere bada horiek guztiak egonkortzea, harri-lubetak baliatuz. Ezkerreko ibaiertzan harri-hormak eta hormigoiz egindako paretak daude; baina horiek erauzi egingo dira zabalera handitu eta paisaia- eta ingurumen-integrazioa handitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak