Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Europako arkitekto gazteen ideiak, lehiaketara

2011.eko apirilak 01

Arriola sailburuak inauguratu du Europako arkitekto gazteei zuzendutako ideia-lehiaketaren Europan nazioarteko topaketa

Ideia-lehiaketa da Europan programa, arkitektura arloan Europako ospetsuenetarikoa. Lehiaketa Europako 18 herrialdetan egiten da batera, eta aukera ematen die arkitekto gazteei berroneratze-, hirigintza- eta etxebizitza-planak diseinatzeko duten talentua eta sormena erakusteko.

Getaria eta Sestao dira hirigintza-plana diseinatzeko Jaurlaritzak proposatutako kokalekuak. Partehartzaileek, dagoeneko gauzatu diren Mina del Morro eta Barakaldoko proiektuak bisitatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak, Sustapen Ministerioko Etxebizitzako Idazkari Nagusi Mª Asunción Romerok eta Europan Europako presidente Thomas Sievertsek ireki dute Europako arkitekto gazteei zuzendutako ideia-lehiaketa garrantzitsuenetakoa den Europan 11 Programaren Batzorde Betearazleen topaketa.

Hiriak berroneratzeko proiekturik onenak hautatzea da ideia-lehiaketa honen xedea, Europako eskualde, hiri edo herri baten garapen ekonomikoan, sozialean eta kulturalean lagunduko dutenak.

Oraingo deialdi honetan, Espainiako Komiteak, Sustapen Ministerioa buru delarik, sei kokapen aurkeztu ditu lehiaketara. Horietako bi Euskadin daude, Getarian eta Sestaon, hain zuzen: Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, Visesa eta Orubide sozietateen bitartez, eta Getariako eta Sestaoko Udalekin lankidentzan, bi kokaleku proposatu ditu. Erkidego berean ez da egon, orain arte, kokaleku bat baino gehiago. Epaimahaiak saritutako ideia osorik gauzatu daiteke edo zati bat, eta Europanen konpromisoa da talde sarituak proiektuaren gauzatze-prozesuko faseren batean inplikatzea.

Lehiaketan izena emateko azken eguna 2011ko ekainaren 10a da eta emaitzak abenduaren 15ean emango dira ezagutzera. Getariarako 12 taldek ematen dute izena dagoeneko, eta Sestaorako, 8 taldek.

Sestaoren kasuan, arkitektoek Vega Galindoko eremuaren hiri-antolamendurako alternatibak planteatu beharko dituzte. Eremu horretan, sustapen publikoko mila etxebizitza inguru eraikitzea dago aurreikusita. Visesa, dagoeneko, 328 etxebizitza ari da eraikitzen San Frantzisko landaren inguruan. 10,67 hektareako azalera du.

Hirigintza-soluzio bat garatu beharko da,  eta litekeena da Sestaoko antolamenduko plan orokorrean aurreikusitako aldaketan sartzea. Hiri-ingurune konplexua da, kontuan hartuta tranbiak, metroak eta aldiriko trenak bat egingo dutela eta hor dagoela Ballontiko saihesbidea ere. Hori guztia, eraikitzea aurreikusita dagoen etxebizitza-multzoa ahaztu gabe.

Getariaren kasuan, Potzuaga Gaina eremua aztertu beharko da. Orubide sozietate publikoak dihardu eragile urbanizatzaile eta 130 etxebizitza eraikiko dira.

Kasu honetan, hiri-ingurunea eta medio fisikoa nola lotu aztertu beharko litzateke, nola gauzatu hiriaren eta espazio naturalaren arteko trantsizioa. Soluzioa eman beharko litzaioke iparralderantz eraikitako etxebizitza-multzoari, itsaso-haizeek gogor jotzen dutelarik, bista ikusgarriak badituzte ere. Proiektu honetan, babestutako etxebizitzak direlarik, irizpide bioklimatikoak eta aurrekontu-mugak hartu behar dira kontuan. Arkitekturak gai izan beharko du lekuaren berezko ezaugarrien kontraesanei soluzioa emateko.

Badira ia hamalau urte (Europan 4a geroztik) Eusko Jaurlaritzak ez zuela zuzenean kokalekurik aurkezten lehiaketa honetara. Europan 5 eta 6 edizioetan Bilbao Ria 2000 sozietateak aurkeztu zuen kokalekua, eta Europan 7 edizioan Gasteizko Ensanche XXI sozietateak beste bat. Beraz, badira ia zortzi urte Euskadi ez dela aurkeztu lehiaketa honetara.

Sortzaile berriei  eta, oro har, sektoreari bultzada emateko, aurtengo edizioan bi kokaleku proposatu dira, hiri-arazo edo -gatazka ezberdinak dituztenak. Biztanleentzat hiriko espazio galduak berreskuratzea ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzarentzat eta ildo horretatik doaz aurkeztutako bi ekimenak.

Hona hemen Espainiako gainerako kokalekuak:

- Alcalá de la Selva: Alcalá erreka ibarraren inguruko esku hartzea, Alcalá de la Selva eta Virgen de la Vega herri-guneen artean. Proposamena Aragoiko Gobernuak eta Alcalá de la Selvako Udalak egin dute. -Proiektuaren eremua, 22 Ha. - Enkargu-mota: Planeamendurako eta eraikingintzarako lankidetza.

- Alcorcón: EN.18 - Alcorcongo Udalaren proposamena da - Azter-eremua, 79 Ha. - Proiektuaren eremua, 28 Ha. - Enkargu-mota: Planeamendurako lankidetza.

- Cerdanyola del Vallès: Parc de l'Alba. - Catalunyako Generalitatearen proposamena da. - Azter-eremua, 29,7 Ha - Proiektuaren eremua, 3,3 Ha. - Enkargu-mota: 50 etxebizitzako etxe-multzoa.

- San Bartolomé: PP. "El Quintero" 2. sektorea. - Etxebizitzaren Kanarietako Institutuaren (Kanarietako Gobernua) eta San Bartolomeko Udalaren proposamena. - Azter-eremua, 50,17 Ha. Plan Partzialaren eremua, 5,112 Ha - Proiektuaren eremua, 9,45 Ha. - Enkargu-mota: Etxebizitzaren Kanarietako Institutuak agindutako sustapen publikoko babestutako etxebizitzak eraikitzeko proiektua idaztea, lur-zatiek orube izaera lortutakoan.

Osteguneko jardunaldian, Nazioarteko Batzordeko kideek eta proiektuak egiteko izena eman duten taldeek, Euskadiko bi kokalekuak bisitatu zituzten, lan egingo duten espazioa bertatik bertara ezagutzeko.

Ostiralean, lehiaketaren aurreko ekitaldietan gauzatutako proiektuak aurkeztu eta bisitatu ziren: Bilboko Mina del Morro eta Barakaldoko Pormetxeta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburu, Mª Asunción Romero, Sustapen Ministerioko Etxebizitzako Idazkari Nagusi, eta Thomas Sieverts, Europan Europako presidente