Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Climate Group-ek Euskadi gonbidatu du arrakasta handiko ibilgailu elektrikoarekin izandako esperientzia Londresen azaltzeko

2011.eko martxoak 31

Bernabé Unda datorren astean joango da EV20ren, hots, ibilgailu elektrikoaren garapenean puntakoak diren enpresek eta nazioko nahiz eskualdeko 20 gobernuek osatzen duten taldearen bigarren bilerara. 

Eusko Jaurlaritzak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jaunaren bitartez, gonbidapen bat jaso du arrakasta handia izan duen ibilgailu elektrikoarekin lotutako bere politika Londresen azal dezan. 

Sailburua apirilaren 6an joango da hitzaldi horretara EV20ren (Electric Vehicle 20) bigarren bileraren esparruan. Ibilgailu elektrikoaren garapenaren alorrean munduko aitzindariak izatea helburu duten gobernuen eta enpresen multzo txiki bat da EV20. Euskadi joan den urtean atxiki zitzaion New Yorken 'lobby' horri, kide sortzaile gisa. 

Londresko jardunaldia The Climate Group-ek eta Polis-ek (berrikuntza tokiko garraioan sustatu eta bultzatzen duen Europako hirien eta eskualdeen sareak) antolatu dute. Hitzaldiak SMMTren (Society of Motor Manufacturers & Traders) egoitzan emango dira. 

Irekiera-saioan 

Bernabé Undak irekiera-saioan parte hartuko du 'Politika egokirako esparrua eraikitzen: Europako hirien eta eskualdeen itxaropenak elektromugikortasunaren etorkizunerako' titulua duen txostenarekin. Sailburuarekin batera, Rotterdameko alkateordea izango da. 

Jardunaldiaren izena honako hau da: 'Ibilgailu Elektrikoa tokiko mugikortasun iraunkorraren irtenbidea', eta oinarrizko hiru gai nabarmenduko ditu: hirietan eta eskualdeko gobernuetan elektromugikortasuna bizkortzeko ahaleginak; gobernuek eta merkataritza-arloak ibilgailuen flota bultzatzea; eta hainbat gobernuk gidatzen dituzten gaur egungo estrategiak. 

Horretaz gain, bilera horren bitartez atzemandako praktika hoberenetako batzuk partekatu nahi dira, baita EV20ko kideen eta hitzaldi horietara joango diren erakundeetako kideen arteko lankidetza sakondu ere. 

EEEko zuzendaria mahai-inguru batean 

Bernabé Unda sailburuaz gain, Eusko Jaurlaritzako beste pertsona batzuk ere bertaratuko dira Londresko jardunaldira. Azken mahai-inguruan, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi José Ignacio Hormaeche jaunak ere parte hartuko du. Foro horretan, Europako hirietan eta eskualdeetan izandako esperientzien inguruan eztabaidatuko da, eta EEEk ibilgailu elektrikoarekin lotuta gauzatutako ekimenak azalduko ditu. 

Ibilgailu elektrikoaren ezarpenean gaur egun lehenak diren herrialdeetako eta eskualdeetako gobernuek eta enpresek osatzen dute EV20a. Besteak beste, honako hauek dira EV20a osatzen dutenak: Frantziako Industriako ministro Christian Estrosi, Quebeceko Garapen Iraunkorreko eta Ingurumeneko ministro Pierre Arcand, New Yorkeko estatuko Ingurumenaren Kontserbazioko komisario Pete Grannis, Parisko Ile de France eskualdeko presidente Jean-Paul Huchon, baita Israelgo Better Place enpresako (ibilgailu elektrikoentzako bateriei buruzko ikerketan enpresa aitzindaria) sortzaile Shai Hagáis, Renault-Nissan aliantzako arduradun Hideaki Watanabe eta PSA Peugeot Citroën Taldeko exekutibo Philippe Varin ere; horietaz gain, beste erakunde batzuetako arduradunek ere osatzen dute, hala nola: Arup, Ener1, Johnson Controls, TNT edo Venturi Automóviles, eta Amsterdameko, Londresko, Rhineko, Westfalia Iparraldeko, Queensland-eko eta Australia Hegoaldeko gobernuek. Talde horren buru Monakoko Alberto printzea da. 

Eusko Jaurlaritza ere gonbidatu zuten EV20ko kide izateko, Euskadik azken hilabete hauetan erakutsi duelako ibilgailu elektrikoaren garapenean Euskadin aurre egitea ahalbidetu duten akordioak abian jartzeko gaitasuna duela. Adibide gisa, ibilgailu elektrikoak kargatzeko sarea hedatzeko Repsol-ekin batera Ibil enpresa sortu izana aipatu behar da. Horretaz gain, Mercedes-en proiektuan hartu du parte, eta horri esker serieko lehen furgoneta elektrikoak fabrikatu ahal izan dira Gasteizen. 

EV20 ibilgailu elektrikoaren ezarpen globala bizkortzeko eratu da. Datozen urteei begira, 2020. urtea izango da lehen muga automozioaren merkatua aldatzeko, eta ibilgailuen flotarekin, finantzatzeko mekanismoekin eta garraio iraunkor mota horri laguntzeko politika publikoekin lotutako ikuspegi berezia izango du. 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 31

Iruzkin bat
  • @idetics
    2011.eko martxoak 31

    Comentario de Twitter:
    Gobierno Vasco Irekia :: Euskadi, invitada por el Climate Group para explicar en Londres su experien http://fb.me/y783ET4s

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda (Consejero de Industria, Innovación, Comercio y Turismo)