Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek Euskal Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa aurkeztu du

2019.eko ekainak 27
  • Dokumentuak hezkuntza sistemaren analisia egiten du, etorkizuneko Euskal Hezkuntza Legea osatzeko lanean lagungarri gerta dadin

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso hezkuntza sailburuordearekin eta Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuetakoarekin batera, Euskal Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa aurkeztu du gaur goizez, Hezkuntza Sailak osatu duen lana.

Etorkizuneko Euskal Hezkuntza Legea atontzeko lanean lagungarri izango den analisia egitea du helburu dokumentuak, ikuspegi global eta eguneratu batetik gure hezkuntza-sistemaren uneko egoera zein den aztertzeko aukera emango baitu. Diagnostikoak Euskal Hezkuntza Sistemaren berezitasunak hartzen ditu aintzat, eta honen inguruko datu objektiboak eskaintzen ditu.

Diagnostikoak lehenik, gure hezkuntza sistema osatzen duten elementu nagusien argazki eguneratua eskaintzen du; ikastetxe kopurua, ikasleena, irakasleena, edo zerbitzu osagarrien erabileraren ingurukoak. Ondoren, hezkuntza-adierazle nagusietan jartzen du arreta, jarraian gure hezkuntza sistemaren eremu estrategikoetan sakontzeko, azkenik hezkuntza-inbertsioaren inguruko analisiari leku eginez.

ISEI-IVEIrekin (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearekin) elkarlanean Hezkuntza Sailak adierazle nagusiak eguneratu ditu. Hiru kategoriatan banatzen dira hauek:

  1. Testuinguruko adierazleak

Adierazle hauen artean nabarmentzekoak dira Euskadik adin goiztiarretan (Haur Hezkuntzan) dituen eskolatze-tasa altuak. 2 urterekin, umeen %93,5 eskolatuta daude; eta 3-4-5 urteetan tasa %99tik gorakoa da, erabateko eskolatze-tasa, beraz. Euskal Hezkuntza Sistemak Europan 2020rako hezkuntzan ezarritako lau helmugetako bat betetzen du horrela: 4 urte eta derrigorrezko eskolatze adina duten umeen %95 Haur Hezkuntzan izatea. Gainera, Estatuko eta Europako herrialderik gehienetako batez bestekoak gainditzen ditu Euskadik.

Derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo etapetan ere altuak dira eskolatze-tasak: 16 urterekin %99,7; eta 17 urterekin %97,8. Datu hauek azaltzen dute gure sistemak ikasle gehienen hezkuntza-ibilbidea goi-mailako ikasketetaraino luzatzea lortzen duela, eskola-uztea saihestuz.

30 eta 34 urte arteko biztanleen formazio-mailari dagokionez, Europan 2020rako helburua da adin-tarte horretako pertsonen artean gutxienik %40-k goi mailako ikasketak izatea. Euskadik, %57,1-eko portzentajearekin, helmuga hori soberan gainditua du, Europako Batasuneko batez bestekoa baino 20 puntu gorago kokatuta (%37,1).

  1. Baliabideen adierazleak

Euskadin hezkuntzarako egiten den gastuak gure herrialdearen BPGren %5 gainditzen du (2015),Estatuko eta Europako bataz bestekotik gora, eta ikasle bakoitzeko gastua Estatuko altuena da. Era berean, Euskadik ikasleko gastu handiena du unibertsitatez besteko ikastetxe publikotan: 9.054€ ikasleko.

Ikasle/talde ratioaren bilakaerari dagokionez, 2012-2016 urteen artean ratio jaitsiera sumatzen da Haur Hezkuntzan (16,8), mantendu egiten da Lehen Hezkuntzan (21,5), igoera mailakatua dago DBHn (22,5), eta puntu erdiko jaitsiera Batxilergoan (25,5) azken urtean, demografia-joerekin bat.

  1. Emaitzen adierazleak

Euskadik, %6,9ko portzentajearekin, Estatuko eskola-uzte goitiarreko tasarik baxuena du 2018an, Estatuko batez bestekotik oso behean (%17,9), eta Europako Batasunekotik (%10,6). Tasa hori %10etik behera jaisteak Europako Kontseiluaren jomugetako bat izaten jarraitzen du 2020rako. Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako 15 helburuen artean ezarri zuen Gobernu Programan eskola-uzte tasa %8tik behera jaistea. Helburu biak lortu ditu Euskadik.

Bestalde, Euskadik DBHko graduatuen %85,8ko tasa gordina du, tasarik handiena duen lehenengo autonomia erkidegoa izatea lortuz. Egokitasun-tasa aztertuz gero berriz –hau da, beren adinari dagokion kurtsoan matrikulatuta dauden ikasleen eta adin horretako populazioaren arteko erlazioa aztertuz- tasa horrek eboluzio positiboa izan du Euskadin, 15 urteko adinean bereziki: %76koa da 2015ean, eta ia bi puntu egin du gora aurreko urtearekin alderatuta (%74,1).

Aztertu den beste adierazleetako bat ikasle errepikatzaileen portzentajea da. 2016-2017 ikasturtean, Lehen Hezkuntzan bigarren mailan ikusten da errepikatzaileen portzentajerik handiena (% 3,4), eta bosgarren mailan baxuena (%1,4). Bigarren Hezkuntzan, DBHko lehen mailan dago errepikatzaile portzentajerik handiena (%7,3) eta DBHko 4. mailan txikiena (% 4,4ra jaisten da).

Euskal Hezkuntza Sistemaren eremu estrategikoak:

  • Modernizazioa, ekitate eta bikaintasun handiagoa lortzeko

Europako herrialderik ekitatiboenetakoa da Euskadi, baina badu hobetzeko tarterik bikaintasunari dagokionez, emaitzen ebaluazioen arabera (2015eko PISA; 2017ko Ebaluazio Diagnostikoa). Honetan datza erronka: errendimendu akademikoaren maila aurreratuan ikasleen proportzioa handitzea eta maila baxuenean daudenena gutxitzea.

Sistemak bere osotasunean bikaintasunerantz eta hezkuntzaren kalitaterantz aurrera egiten jarraitu behar duela berresten du honek, hezkuntza-berrikuntza eta eraldaketa prozesu baten bidez, honako eremu hauetan barrena: lidergo pedagogikoan; hezkuntza eremuetan; ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan; edo teknologia-berrikuntzan, besteak beste.

  • Bizikidetza positiboa eskola inklusiboan

Hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei dagokienez, analisiak agerian utzi du aurrerapen handia egin dela hauen detekzioan eta diagnostikoan. Hezkuntza premia bereziak dituen ikasleen kopurua %22,1 hazi da lau urtean, 2014an premiaren bat zuten 6.960 ikasle diagnostikatu izatetik, 8.488 izatera 2018an. Bestetik, lau urte horietan, hezkuntza-laguntzako berariazko premien arteko beste kategoriaren batean identifikatutako 9.116 ikasle izatetik 11.869ra pasatu da, %20,3ko igoera beraz.

Datu hauek isla zuzena dute ikastetxeetara egiten den profesionalen eta berariazko baliabideen esleipena handitzean, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna bermatu ahal izateko.

Bestalde, eskola-ingurunearen errealitate berriak –aniztasun gero eta zabalagoarekin- erronka berriak dakartza bizikidetza positiboari eta eskola-sistemaren kohesioari dagokionez. Jatorri Atzerritarreko Ikasleen Eskolatzearen inguruko Azterlanak egiaztatu du desberdintasun nabarmenak daudela ikasle hauen eskolatzean lurralde batetik bestera, udalerrian artean, sareen artean, eta baita sare bereko ikastetxeen artean ere.

  • Elebitasuna, sistema eleanitzaren esparruan

Diagnostikoak berriro ere nabarmendu du gure gizarteko neska-mutil asko euskalduntzerakoan eskolak egin duen ekarpena; baina aldi berean, egiaztatzen du euskararako sarrera motelduz doala, eta eskolak berak bakarrik ezin duela elebitasuna bermatu. Hau, neurri handi batean, ikasleen profilean izan den aldaketagatik gertatzen da, eta baita honako beste zenbait aldagairen eraginez ere: familia-hizkuntza, ingurune soziolinguistikoa, adin-egokitasuna, edo indize sozioekonomiko eta kulturala.

Hezkuntzako inbertsioaren analisia

Hezkuntza-arloko aurrekontua Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuarekiko %25 baino gehiago da. Gastu publikoaren analisiak erakusten duenez, Hezkuntza Sailak gauzatutako aurrekontuetan oinarrituta, gauzatutako aurrekontuak bilakaera positiboa du 2013az gero, %4,92ko igoeraz 2014 eta 2017 artean, eta %8,18ko gorakadara iritsi da aurrekontu exekutiboan izandako aldakuntza kontuan hartuz gero (2.789 milioi 2017an).  

Laburtuz

Laburpen gisa, nabarmentzekoa da Euskal Hezkuntza Sistemak bikaintasunezko adierazle multzoa duela, bereziki honako tasa hauetan: eskolatze goiztiarrean, graduazioan, adin egokitasunean, eskola-uzte goiztiarrean, edo goi mailako tituludunetan. Adierazle hauetako askotan Europan 2020rako ezarritako helburuak gainditu egiten dira. Gainera, nazioarteko sistemarik ekitatiboenetako bat da.

Era berean, Euskadin hezkuntzarako egiten den gastuak bertako BPGren %5 gainditzen du.

Diagnostiko hau egin beharreko ariketa izan da, balorazio-tresna bat, eta Hezkuntza Sailak espero du eragile guztiei lagungarri gertatuko zaiela Legea onartzeko prozesuak bere dituen hausnarketa eta parte-hartzerako.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak