Eu

Kontroleko osoko bilkura (2019/06/28)

2019.eko ekainak 28

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, Kontroleko Osoko Bilkuran talde parlamentariek egindako galderei eta interpelazioei erantzun diete.

Galdera, Jone Berriozabal Bóveda Eusko Alderdi Jeltzalea taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, 2018ko apirilean onetsitako Euskadi Basque Country Agenda 2030aren betearazpen-mailari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritza izan da Estatu osoko lehenengo Administrazio Publikoa bere egiten Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak betetzeko konpromisoa. Hala, azaldu duenez, Agenda 2030ak 100 xede eta 93 konpromiso biltzen ditu Gobernu Programari lotuak eta, gainera, 50 adierazleren panel bat gehitu da. Adierazle horiek Garapen Jasangarrirako 17 Helburuekin daude lotuta. “Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan aurrerapausoak emateak Euskadi hobeago baterantz aurrera egitea esan nahi du, baita mundu igualitarioago eta solidarioago batean ere”, adierazi du.

Lehendakariak azpimarratu duenez, nabarmena da egin den aurrerapena ondoko helburuetan: pobrezia-tasa jaistea, negutegi-efektuko gasen emisioak murriztea, enplegu-aukerak sortzea, eskola-uzte tasa jaistea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egitea. Gainera, Lehendakariak jakinarazi duenez, uztailean onetsiko da Euskadin Garapen Jasangarrirako Helburuak zein neurritan betetzen diren adierazten duen txosten berri bat, eta Ganberara igorriko da.

Nazio Batuen “High Level Political Forum” konferentzia dela eta, Agenda 2030aren aurrerabidearen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, azaldu duenez, Konferentzian Nazio Batuen Erakundearen aurrean aurkeztuko da Estaturik gabeko Nazio baten errealitatea, maila anitzeko subsidiariotasuna eta gobernantza defendatzen dituena, eta mundu global batean bere espazioa irabaztea helburu duena.

Galdera, Pello Urizar Karetxe EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, estatus politiko berri baten premiari buruz.

Lehendakariak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak defendatu egingo du Autogobernua, legatu ukaezintzat aintzatetsia. Bestalde, azpimarratu duenez, Gobernuak bere konpromisoari eutsiko dio Estatus berri bat lortzeko akordioak zabaltzeko helburuz: Estatuko nahiz Europako oraingo testuinguruari egokitua; euskal gizarteak eszenario global berri honetan aurre egin beharreko premiei eta erronkei erantzungo diena. “Akordio zabal bat lortzeko aukera dugu, gure berezitasuna errespetatuko duena, Euskadiren errealitate nazionala aintzatetsiko duena eta Estatu plurinazional baten esparruan, bermeekin, harreman bilateral efektibo bat gaituko duena”, adierazi du.

Galdera, Lander Martínez Hierro, Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskadiren egoera politikoari eta ekonomikoari buruz.

Lehendakariak argitu duenez, bileren aldiak noiz hasi eta amaitzen diren alde batera utzita, “Estrategia, Gobernu Programa eta Kudeaketa Plan” bat du Gobernuak zehaztuta, eta erabateko gardentasunaz ematen du horren berri. “Gainera, gutxiengoan gaudela jabetuta, akordioak lortzeko eta lankidetza bultzatzeko nahiarekin planteatzen ditugu helburuak”, adierazi du. Zentzu horretan, aurrekontuetako Gidalerroak aipatu ditu Lehendakariak horren adibide gisa. Hala, datozen hilabeteetako funtsezko helburuak nabarmendu ditu: Soldata-arrailaren aurka borroka egitea, zerbitzu publikoak hobetzea eta kalitateko enplegu gehiago sortzea. Hortaz, dei bat egin du Lehendakariak, abuztuaren ondoren, denek lanak eginda etor daitezen, horrela jarraitu ahal izango baitugu aurrerapausoak ematen pertsonen bizi-kalitatearen eta ongizatearen hobekuntzan. “Hori da, hain zuzen, Gobernuak egunero erakusten duen borondatea, aurrekontuen baliabidea funtsezko da eta zabalik dago “ekarpenak egiteko atea””, adierazi du.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Alderdi Popularra taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Europako Batzordeak aurkeztutako eskualde-berrikuntzari buruzko txostena dela eta.

Iñigo Urkulluk pizgarri berri bat bezala ikusten du Txostena, berrikuntza bultzatzen jarraitzeko. Hala, adierazi duenez, Txostena baliagarria da hartzen ari diren hobekuntza-erabakiak sendotzeko, baita Euskadi goi-berrikuntzako Europar Eskualde bat izateko helburua berresteko ere. Lehendakariak aitortu egin du bi eremu hauetako aldagaietan aurkitzen dela ahultasuna: Berrikuntza enpresa txikietan eta ertainetan; eta Inbertsio publikoa I+Gan exekutatua. Hala, Gobernuak hobetzen jarraituko duela azpimarratu du Lehendakariak. Horren erakusgarri gisa, gogora ekarri du aste honetan bertan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluak erabaki egin duela ahulezietan posizioak berreskuratzeko aukera emango duten ekimenak bultzatzea.

Berrikuntzari buruz, Lehendakariak adierazi duenez, lau erronketako bat da Herrialde gisa; beraz, beharrezkoa da etengabeko hobekuntzarako lankidetzaren eta ebaluazioaren printzipioak aplikatuz jardutea. “Eutsi egiten diogu Berrikuntzarekin hartua dugun konpromisoari eta horren erakusgarri ditugu 2020ko Aurrekontuak”, adierazi du.

Galdera, Eukene Arana Varas Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Irungo eta Hondarribiko alardeei, emakumeen eskubideei eta berdintasunari buruz.

Lehendakariak ziurtatu duenez, nabaria da Eusko Jaurlaritzak Alarde igualitarioak babesten dituela. “Gure konpromisoa irmoa da giza eskubideekin eta emakumeen eta gizonen erabateko berdintasuna bermatuko duten Alarde batzuk erdiestearekin”, gaineratu du. Hala, Lehendakariak nabarmendu duenez, Gobernuaren jarrera beti izan da proposamenak egitekoa eta, Legeak jasota bezala, bere erantzukizuna da “bultzatzea, aholkatzea, planifikatzea eta ebaluatzea.” Iñigo Urkulluk aitortu egin du ez dela helburua lortu, eta beraz, bide berriak arakatzen jarraitu beharko dela errespetuan, berdintasunean eta bizikidetzan aurrerapausoak emateko.

Lehendakariak aldarrikatu egin du eragile guztien erantzukizun politikoa eta soziala elkarrizketaren bidea jorratzeko, Lehendakariaren arabera, hori baita balio duen bide bakarra gatazka hori konpontzeko. “Jarrera konstruktibo bat behar dugu herri horietako instituzioen eta eragileen aldetik”, adierazi du. Iñigo Urkulluk azpimarratu duenez, konponbide iraunkorra ez da etorriko “inposizioz”, elkarrizketaren eta adostasunaren bitartez baizik. “Hori da bultzatzen jarraituko dugun bidea korporazio berrien aurrean eta eragile inplikatuek, errespetu handienarekin, eutsi egingo diogu erabateko berdintasuna bermatuko duten Alarde bat lortzeko helburuari”, gaineratu du.

Galdera, Antonio Damborenea Basterrechea Alderdi Popularra taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundi berrien arteko koordinazio politikoari buruz.

Lehendakariak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundi berrien arteko koordinazio politikoari irizpide hauekin heltzen dio: diagnostikoa eta estrategia partekatua, lankidetza, etengabeko hobekuntzarako ebaluazioa, harmonizazioa, gardentasuna eta eraginkortasuna. “Emaitza positiboak ekartzen ari den koordinazio-politika”, gaineratu du. Lehendakariak esandakoaren arabera, lankidetza- eta koordinazio-esperientzia eraginkorra izaten ari da, bereziki harmonizazio fiskalaren eremuan, Zerga Koordinazioko Organoaren bitartez. “Akordio bat mantentzen dugu Foru Aldundi berriekin diagnostikoa partekatzeko eta etapa berrian elkarrekin batera lanean jarraitzeko”, gaineratu du. Gainera, Lehendakariak adierazi duenez, heldu beharreko gai bat ekarpenen lege berria izango da, baita azken erreforma fiskalaren emaitzen ebaluazio partekatua ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak