Berriak Lehendakaritza
Eu

Monika Hernandok migrazioaren erronkari aurre egiteko Euskadin abian jarritako politikak aurkeztu ditu Bruselan

2019.eko ekainak 25

• Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak Auzolana, Herritartasunaren, Kulturartekotasunaren eta Immigrazioaren esparruan jarduteko Plana eta SHARE proposamena aurkeztu ditu mintegi batean

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernandok migratzaileak eta errefuxiatuak lurralde txikietan integratzeari buruzko mintegi batean parte hartu du Bruselan. Mintegiaren antolatzaileak ziren Eskualdeen Batzordea (CdR), ELGE, Europako Kontseiluko Garapenerako Bankua, Migrazioaren Nazioarteko Batzorde Katolikoa (ICMC), Europako udalerrien eta eskualdeen kontseilua (CEMR), birkokatzeen aldeko SHARE sarea eta EBko Hiri Agendako migratzaileak eta errefuxiatuak gizarteratzeko elkartea.

Topaketa CdR Batzordeak duela gutxi abian jarritako Hiriak eta eskualdeak migratzaileen integrazioaren alde ekimenaren baitan antolatu da, besteak beste, migratzaileak eta errefuxiatuak gizarteratzen laguntzeko eta udalerri txikiei eta hiri ertainei ahotsa emateko helburuarekin. Orain arte 105 hirik eta 20 eskualdek egin dute bat ekimen honekin (horietako bat Euskadi da).

Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak mintegiko paneletako batean parte hartu zuen, eta bertako eztabaidagaia izan zen migratzaileak hiri ertain eta txikietan eta landa-inguruetan integratzea eskualdearen eta tokian tokiko garapenerako faktore bat izatea nola lor daitekeen. Panel horretan Frantziako, Portugalgo eta Suediako hainbat hiritako, Europako Batzordeko eta Migratzaileei buruzko Europako Aholku Batzordeko (EMAB) ordezkariek ere parte hartu zuten.

CEMReko presidente den Lambertzek irekiera hitzaldian aipatu ditu Okzitania eta Euskadi, migrazioen integrazioen eredu bezala.

Monika Hernandok Euskadik atzerritarrak iristen direnerako eta atzerritar horiek hartzeko dituen mekanismoak, tresnak eta baliabideak aurkeztu zituen. Baliabide horiek honako proiektu hauetan gauzatuta daude: Auzolana I eta II, nazioarteko babesaren onuradun diren pertsonen harreraren eta integrazioaren arloan jada martxan dagoen Babes Komunitarioko Esperientzia Pilotua sustatzekoa; Herritartasunaren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren esparruan jarduteko Plana; eta SHARE proposamena, migrazioaren erronkaren aurrean erantzukizunak partekatzeko mekanismoak adostea proposatzen duena.

“Euskadiko erakundeok eta tokian tokiko erakunde sozialak migrazio-fenomenoei erantzun antolatua eta solidarioa emateko sistema ari gara sortzen Euskadin. Ez da sistema perfektua, eta ez dago amaituta, baina asmoa da sistema integrala izatea eta erantzunak ematen saiatzea konplexua eta aldakorra den errealitate bati. Eta, gainera, horrela egin nahi du inperatibo normatibo bat, gure betebeharra eta gure erantzukizuna dela uste duelako, baina baita elkartasunaren aldeko inperatibo etikoa delako ere, guztion ongia indibidualismoaren aurretik jarrai behar baita”, adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko