Eu

Gora egin du goi-mailako Lanbide Heziketako zikloak ikastea aukeratuko luketen Euskadiko gazteen ehunekoak

2019.eko ekainak 26
  • Gazteen Euskal Behatokia

VG 2019 06 26

Une honetan unibertsitateko karrera bat ikastea edo goi-mailako Lanbide Heziketako ziklo bat ikastea aukeratu behar izango balute, gehiago dira unibertsitatera joatea aukeratuko luketen gazteak (18 eta 29 urte bitartekoen % 51k) goi-mailako Lanbide Heziketako ziklo bat ikastea aukeratuko luketenak baino (% 40k). Gainontzeko % 9k ez dakite edo ez dute erantzun.  

 

Euskadiko 30 urtetik gorako biztanleriaren datuekiko alderaketa eginez gero, ikusten dugu unibertsitatera joatea nahiago luketenen ehunekoa antzekoa dela adin-talde guztietan, baina goi-mailako Lanbide Heziketako zikloren bat egitea aukeratuko luketenen ehunekoak gora egiten duela adinean behera egin ahala. Aitzitik, 30 urtetik gorako biztanleen artean– eta batez ere 65 urtetik gorakoen artean-  erantzun ez dutenen ehunekoa gorantz doa adinarekin batera.  Eta gazteek 2019an eta 2013an emandako erantzunak konparatzen baditugu, ikus dezakegu dezente handitu dela Lanbide Heziketako zikloak ikastea aukeratuko luketen gazteen ehunekoa.

 

2019an Lanbide Heziketako zikloak aukeratuko lituzketenen artean gehien errepikatu den azalpena hauxe da: horrela lana aurkitzeko aukera gehiago daudela (goi-mailako Lanbide Heziketako zikloren bat aukeratuko luketen % 75ek eman dute arrazoi hori).

 

Horrek ez du esan nahi gazteek txarto baloratzen dutenik unibertsitateko hezkuntza. Oro har, gazte gehienen ustez, Euskadiko unibertsitateetako (EHU, Deustuko unibertsitatea eta Mondragon unibertsitatea) irakaskuntzaren kalitatea ona edo oso ona da (% 77) eta ondo edo oso ondo funtzionatzen dute (% 81). Aldi berean, gazte gehienek uste dute hemengo unibertsitateek titulazio aukera handia edo dezentekoa eskaintzen dutela (% 75), irakasleak oso edo nahikoa prestatuak direla (% 68) eta, ikerketari dagokionez, oso edo nahikoa aurreratuak daudela (% 61).

 

Baina ez dute gehiengoa osatzen unibertsitatean sartzea oso edo nahikoa erraza denik uste duten gazteek (% 44k). Eta oso edo nahikoa zaila izaten dela uste dutenen artean gehien argudiatu diren arrazoiak hauexek dira: karrera batzuetara sartzeko oso nota altuak eskatzen direla (hori azaldu dute sartzea zaila dela uste duten gazteen % 52k) eta gastua ere altua dela (% 40k). Izan ere, gazte guztien erdiak baino zertxobait gehiagok (% 54k) uste dute gaur egun egoera ekonomiko ona dutenak bakarrik joan daitezkeela unibertsitatera. Aipatutako datuak Gazteen Euskal Behatokiak aztertu ditu, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak argitaratutakoak oinarri hartuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak