Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak: “Euskadi prestatzen ari da merkantzien garraio multimodal erakargarri bat eskaini ahal izango duten azpiegitura lehiakorrak hartzeko”

2019.eko ekainak 26
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Bilboko Portuko edukiontzien terminaleko trenbide-zabalkuntzaren inaugurazioan izan da Iñigo Urkullu Lehendakaria. 

Kontuan hartuta euskal industriak gero eta gehiago esportatzen duela eta euskal ekonomia gero eta irekiagoa dela, Lehendakariak adierazi du Euskadi prestatzen ari dela azpiegitura lehiakorrak hartzeko, merkantzien garraio multimodal erakargarri bat eskaini ahal izateko. Zentzu horretan aipatu duenez, abiadura handia, Portuak, Aireportuak eta gune logistikoak aktibo handi bat dira industriaren etorkizunerako.

Euskadik egonkortasun instituzionala eta ekonomikoa duela ziurtatu du Lehendakariak. Hala, gogora ekarri du joan den astean berretsi zirela euskal ekonomiaren hazkundearen itxaropen positiboak, eta beraz, baita kalitate handiagoko enplegua sortzen jarraitzeko aukerak ere. “Gure konpromisoa eta erantzukizuna da gure alde dagoen eszenario hori mantentzea, lankidetza publiko eta pribaturako, inbertsiorako, hazkunderako eta enplegurako”, adierazi du. Zentzu horretan, Bilboko Portua aipatu du lankidetzaren erakusgarritzat.Norabide beretik arraun eginez lortuko dugu azpiegitura logistiko horren erakargarritasuna hobetzen eta Euskadiko ekosistema ekonomikoarentzat lehiakortasuna irabazten jarraitzea”, adierazi du.

Zentzu horretan, Lehendakariak azpimarratu duenez, Gobernua lanean ari da aktibo logistiko industriala garatzen eta nazioartean kokatzen. Hala, adierazi duenez, azpiegitura guztiak eraldatzea eragileetako bat izango da gainera Ezkerraldeko eta Meatzaldeko ekonomia suspertzeko. “Helburu horrek gure aldetik etengabe laguntzea eta ahaleginean parte hartzea merezi du”, gaineratu du.

Cosco Shipping Ports-ek Bilboko Portuan 10 milioi euro inbertitzea erabaki du, eta horrek, Lehendakariak esandakoaren arabera, azpiegitura logistikoan jarritako konfiantza adierazten du. Iñigo Urkulluk azpimarratu duenez, inbertsio horrek indartu egiten du Portuak Korridore Atlantikoan duen posizio lehiakorra. Hau da, merkantzien trafikoa handituko du eta bultzatu egingo du inbertsioa Hegoaldeko Trenbide Saihesbidean, lehen mailako plataforma logistiko horri jarraitasuna emanez. “Portuan egiten ari diren pixkanakako inbertsio guztiak aintzat hartzen ditugu, konfiantza- eta sinesgarritasun-irudi hori nazioartera eramaten dutenak”, gaineratu du. 

Lehendakariak bere jarduna amaitu du nabarmenduz hobekuntza logistikoan inbertitzeak, merkatu globalera zuzendutako ikuspegi batekin, konpromiso partekatu bat adierazten du. “Norabide horri eustea eta elkarrekin batera aurrera egiten jarraitzea da gure erabakia”, esanez amaitu du.

Esandakoen ondoren, plaka estalgabetu dute, eta bertan egin da familia-argazkia.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak