Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzak hurrengo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren oinarriak aurreratu ditu, eta I+G proiektu estrategikoak eta eteen berrikuntza indartuko ditu

2019.eko ekainak 25
  • 2030erako ZTBPren oinarri ekonomikoen eta estrategikoen aurrerapena Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemako eragile nagusiekin kontrastatuko da, Kontseiluaren hurrengo bileran onar dadin.

  • Kontseiluak balorazio positiboa egin dio RIS3 Euskadi estrategiaren hedapena osatu izanari. Aurrekontu-exekuzioa jada % 90ekoa da, eta ikerketaren emaitzetan eta efizientzian hobekuntza hauteman da.

  • Gaurko bileraren ardatz nagusia izaera zientifikoa, teknologikoa eta enpresariala duten 5 ikerketa-proiekturen aurkezpena izan da, eta ikerketa estrategikoak Euskadiren etorkizunerako duen garrantzi kritikoaren adibide gisa jarri da.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilua Jaurlaritzako, foru-aldundietako, unibertsitateetako, zentro teknologikoetako, enpresetako eta I+G+b sustatzeko beste hainbat antolakundetako ordezkariek osatzen dute, eta gaur arratsaldean elkartu da Lehendakaritzan hurrengo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren oinarrizko lerroen aurrerapena aurkezteko, jada abian baitago plana gauzatzeko prozesua.

2030erako ZTBPk, Europako Horizonte Europa oinarrizko ikerketa-programa berriarekin lerrokaturik, Euskadi berrikuntzaren arloan aurreratuenak diren Europako eskualdeen artean kokatu nahi du, Euskadik dituen gizarte-erronka nagusietako batzuei erantzuna emanez: osasunari, enpleguari, digitalizazioari, klima-aldaketari eta genero-indarkeriari, alegia, NBEren 2030erako Garapen Jasangarriaren Helburuekin bat eginda.

Beste hainbat helbururen artean, Plan berriak gizartean eta ekonomian eragin handia izaten ari diren hiru eraldaketa global eta nagusiri erantzun nahi die: teknologiko-digitalari, ekologiko-ingurumenekoari eta demografikoari. Horretarako, Planak handitu egin nahi du I+G-ren arloko enpresetako inbertsioa, lankidetzan oinarritutako ikerketaren arloko trakzio-proiektu handiak sendotuta. Horrez gainera, ETEen berrikuntza ere sustatu nahi du, eta, horretarako, “azken miliara” arte hurbildu nahi du merkaturatzearekin, antolaketarekin eta negozio-eredu berriekin lotutako berrikuntza teknologikoa eta, batez ere, berrikuntza ez-teknologikoa.

Aurrekontuaren ikuspegitik, Plan berriaren aurrerapen honek Jaurlaritzaren konpromiso bat ere barne hartzen du: I+G+b-ri laguntzeko kontu-sailak urtean % 5 gehitzeko egungo tasari eustekoa, edota tasa hori gehitzekoa.

Aurkeztutako oinarrizko lerroen aurrerapen horretatik abiatuta, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemako eragile nagusiekin kontrastatzeko eta aberasteko txandari ekingo zaio, eta asmoa da urtearen amaieran Kontseiluan aurkeztea eta behin betiko onartzea.

Kontseiluak balorazio positiboa egin dio RIS3 Euskadi estrategiaren hedapena osatu izanari. Aurrekontu-exekuzioa jada % 90ekoa da, eta ikerketaren emaitzetan eta efizientzian hobekuntza hauteman da.

Kontseiluak balorazio positiboa egin du indarrean dagoen 2020rako ZTBPren balantzeaz; izan ere, jada osatu da RIS3 espezializazio adimentsurako estrategiaren hedapena, eta aurrekontu-exekuzioa % 90ekoa da. Eusko Jaurlaritzaren inbertsio-ahalegina, berriz, % 105ekoa da.

Horrez gainera, inbertsio horiekin batera nabarmen hobetu da sistemaren efizientzia globala, emaitzetan neurtuta:

  • Enpresa-produktu berrien salmentek gora egin dute.
  • Goi teknologiako eta teknologia ertaineko sektoreetako esportazioek gora egin dute.
  • Gora egin dute argitalpen zientifiko indexatuek eta horien eraginak.
  • Positiboa da I+G-ko Europako lehiakortasun-funtsen itzulkinaren tasa.

Bestalde, Kontseiluak egiaztatu du Euskadik oraindik badituela hainbat erronka lortu gabe, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berrian heldu beharko zaiela:

  • I+G-n inbertsio handiagoa egitea, Europako batez bestekoaren gainetik, dagoen arraila txikitzeko.
  • I+G-ren arloan enpresa-inbertsioak sustatzea, oraindik ez baitira suspertu krisiaz geroztik.
  • Berrikuntzaren arloan, bai berrikuntza ez-teknologikoan bai berrikuntza teknologikoan (ez I+G-n), ETEek duten ahulezia gainditzea.
  • Emakumearen eginkizuna sustatzea zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloan.

Balantzea positiboa den arren, Kontseiluaren ustez ez da autokonplazentzian jausteko unea. Berrikuntzari buruzko Europako azken txostenaren arabera, Euskadik gauzak gainerakoek baino hobeto eta azkarrago egin behar ditu, Europan erreferentziako eskualde berritzailetzat har dezaten nahi badu. Eta iraupen-lasterketa hori irabazteko modu bakarra dago: denok, administrazio publikoek, enpresek eta euskal gizarte osoak, elkarrekin lan egitea.

Gaurko bileraren ardatz nagusia izaera zientifikoa, teknologikoa eta enpresariala duten 5 ikerketa-proiekturen aurkezpena izan da, eta ikerketa estrategikoak Euskadiren etorkizunerako duen garrantzi kritikoaren adibide gisa jarri da.

Kontseiluaren bileraren gai nagusia ikerketa estrategikoa eta Euskadiren etorkizunerako duen garrantzia izan da, eta argibideak emateko Kontseilua osatzen duten antolakundeek lideratzen dituzten eta ikerketa zientifikoaren, teknologikoaren eta industrialaren arloan gauzatzen ari diren proiektu batzuen adibideak eman ditu:

  • ‘COSMOHOS proiektua. Nuevo sistema de conducción de sobre-alimentación turbo para motores híbridos y súper-eficientes – Motor hibrido eta super-efizienteentzako turbo gainelikaduraren kondukzio-sistema berria’ (Cikautxo- Mondragon Korporazioa eta Mondragon Unibertsitatea).
  • ‘WASTE4THINK proiektua. Avanzar hacia el pensamiento del ciclo de vida mediante la integración de sistemas avanzados de gestión de residuos – Bizi-zikloaren pentsaerara hurbiltzea, hondakinak kudeatzeko sistema aurreratuak integratzearen bitartez’ (Deustuko Unibertsitatea).
  • ‘AIGeCo proiektua. Agregador Inteligente de Generación y Consumo eléctrico ­­– Argindarra sortzeko eta kontsumitzeko agregatzaile adimentsua’ (Petronor, Tecnalia).
  • ‘EMPATHIC proiektua. Entrenador virtual avanzado, empático y expresivo para mejorar los años de vida saludables independientes de las personas mayores – Entrenatzaile birtual aurreratua, enpatikoa eta adierazkorra adinekoen bizitzako urte osasungarri eta independenteak hobetzeko’ (UPV/EHU).
  • ‘Cold Hot 4.0’ eta ‘Centro de Excelencia de Vehículo eléctrico 4.0 – Ibilgailu elektrikoaren bikaintasun zentroa 4.0’ proiektuak (Gestamp).

Eusko Jaurlaritzaren Hazitek laguntza-programa ere aurkeztu da. Proiektu honek, 2016tik, I+G-ren esparruko 3.150 enpresa-proiektutik gora lagundu ditu, 307 milioi euro eman ditu laguntzatan eta inbertsioen bolumen osoa 1.121 milioi eurotik gorakoa izan da. Laguntza horien erdia inguru RIS3 Euskadi estrategiarekin lerrokaturiko I+G-ren arloko enpresa-proiektu estrategikoei laguntzeko izan da.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2019.eko ekainak 26

    Falta la bandera de España, incumpliendo con ello la Constitución, artículo 4, http://www.congreso.es/consti/constitucion/indice/titulos/articulos.jsp?ini=4&tipo=2.
    Tienen Uds una muy mala costumbre.

Ekitaldiko kargudunak