Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak azpimarratu du berrikuntza teknologikoak duen garrantzia trafikoaren eta larrialdien kudeaketa aurreraturako, segurtasuna areagotuko duen aldetik

2019.eko ekainak 25
  • Txurdinagako Koordinazio Zentro berrituan 112ren Operazio Gela eta Trafikoa Kudeatzeko Zentroa bisitatu ditu

Lehendakariak, Iñigo Urkulluk, eta Segurtasuneko sailburuak, Estefanía Beltrán de Herediak, Txurdinagako Koordinazio Zentroa bisitatu dute gaur, instalazioak modernizatzeko eta egokitzeko, eta bertatik ematen diren eta, batez ere, bide-segurtasunari eta larrialdiei eragiten dieten segurtasun-zerbitzuak berrantolatzeko, egindako lanak ikusteko. Lehendakariak SOS DEIAK-112 zerbitzuaren Operazio Gela eta Trafikoa Kudeatzeko Zentroa bisitatu ditu. Bi guneak berritu eta eguneratu egin dira larrialdien eta hiriarteko trafikoaren kudeaketa aurreratua egiteko, eta 800.000 euro inguruko inbertsioa egin da.

“Txurdinagako Koordinazio Zentro hau funtsezko elementua da Euskadiko segurtasun-sistema publikoaren funtzionamendu operatibo onerako. Hemendik abiatzen da herritarrek izandako edozein larrialdiri eman beharreko lehenengo erantzuna, eta hemen pilatzen eta koordinatzen da gure errepideetako trafikoaren kudeaketa hobetzeko behar den informazio guztia, azpimarratu du Iñigo Urkullu lehendakariak bere esku-hartzean.

Txurdinagara egin duen bisitan, lehendakariak in situ egiaztatu ahal izan du nola lan egiten duten 112ren operazio-gelan. Gela horretan egunean, batez beste, 2.500 dei jasotzen dira, eta 600 jarduketatik gora bideratzen dira, Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzari Laguntzeko Zerbitzuak koordinatuta. Horrez gainera herritarrak artatzeko 011 telefono-zenbakiaren bidez ematen den arreta eta Euskadiko hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistemak eta ezagutu ditu.

Txurdinagako Trafikoa Kudeatzeko Zentroak berritu egin du Euskadiko errepideetako trafikoa monitorizatzeko sistema, eta energia-kontsumo baxuko laser-teknologiako videowall bat instalatu du. Horrekin Europako merkatuko videowall aurreratuenetako bat bihurtu da. Videowall berrian, eta zuntz optikoaren bidezko konexioen bitartez, Euskadiko hiriarteko sareko errepideetan instalatuta dauden trafikoko 160 kameratik gora monitorizatuko dira.

Trafikoa Kontrolatzeko Gelako videowall hori hobetzeaz gainera, ad hoc sortutako hainbat aplikazio teknologiko ezarri dira, eta horiei esker trafikoaren egoera zein den zehatz-mehatz jakin ahal izango da denbora errealean. Alde horretatik, Estefanía Beltrán de Heredia sailburuak azpimarratu duenez, “teknologia horri esker kontrol-gelan dauden langileen erabakiak aurreratu ahal izango dira, eta bide-sarearen erabiltzaileen mesederako izango da. Azken batean, teknologia trafikoaren kudeaketa aurreratua egiteko eragilea izango da”.

Geotrafic aplikazioak trafikoaren egoerari (auto-ilarei, trafikoaren intentsitateari, puntu kritikoei, errepideko erabiltzaileen portaera-patroien datu historikoei) buruzko ikuspegi grafikoa ematen du; Meteotrafic aplikazioak, berriz, aurreikuspen meteorologikoak kilometro-puntuetara hurbiltzeko aukera emango du. Bi aplikazioek trafikoaren kudeaketa aurreratua egiteko aukera emango dute.

Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren garrantzi handiko beste alderdi bat da Ertzaintzaren Trafikoko Unitateekin koordinatuta ez ezik, Foru Diputazioetako errepide-zentroekin eta Hendaiako CCPArekin, Euskadiko autobideekin eta Frantzia hegoaldeko autobidearekin, eta DGTren mende dauden mugako zentroekin koordinatuta ere jarduten duela.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2019.eko ekainak 26

    La bandera la de mis queridas tierras Vascas sin la de España en acto oficial, no pasa de ser la de Sabino Arana / PNV y un evidente incumplimiento de la Constitución de 1978, artículo 4, http://www.congreso.es/consti/constitucion/indice/titulos/articulos.jsp?ini=4&tipo=2, el cual la legitima y la hace oficial en 1979, en virtud del Estatuto de Autonomía.

Ekitaldiko kargudunak