Eu

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2.260.000 euro bideratuko ditu aurten ikus-entzunezko ekoizpena bultzatzera (Gobernu Bilera 2019-06-25)

2019.eko ekainak 25
  • Joan den ekitaldian, guztira, 26 ikus-entzunezko proiekturi eman zitzaien babesa dirulaguntza lerro honen bidez

Eusko Jaurlaritzak 2.260.000 euro bideratuko ditu aurten ikus-entzunezko ekoizpena bultzatzera dirulaguntza irekien bitartez. Gobernu Kontseiluak bere gaurko bileran onartu du ikus-entzunezko ekoizpenerako aurtengo deialdia, iaz bezala bost modalitate izango dituena. Pasa den urtean 26 ikus-entzunezko proiekturi eman zitzaien babesa dirulaguntza hauen bidez. 

Deialdi hau ikus-entzunezkoak bultzatzeko Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak duen lerro nagusietako bat da. Ikus-entzunezko ekoizpenerako 2018ko laguntza-deialdiaren bitartez, diruz lagundu ziren fikziozko lau film luze, aurrekontu txikiko fikziozko bi film luze, animazioko bi film luze, sorkuntzako bi dokumental eta, azkenik, hamahiru film labur. Aurten ere modalitate horiek mantenduko dira:

  • Fikziozko film luzeak (1.060.000 euro).
  • Aurrekontu txikiko fikziozko film luzeak (300.000 euro).
  • Animazioko film luzeak (500.000 euro).
  • Sorkuntzako dokumentalak (240.000 euro).
  • Film laburren ekoizpena (160.000 euro).

Laguntza-lerro honez gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektuak garatzera bideratutako deialdi bat du. Horren helburua da garatzen diren ekoizpenen prestakuntza eta diseinua bultzatzea, ekoizpen-fasearen aurretik egindako lanei erreparatuz. Deialdi horretara 300.000 euro bideratzen dira urtero. Halaber, kultura-sorkuntzarako laguntzen deialdiak zinema-gidoiak sortzeko modalitate bat du, eta 104.000 euro bideratzen dira horretara urtero. Era horretan, hiru lerro horien bidez, Eusko Jaurlaritzak 2.634.000 euro bideratzen ditu urtero ikus-entzunezkoa bultzatzera.

Ikus-entzunezkora bideratutako diru-laguntzak nabarmen hazi dira legealdia hasi denetik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dirulaguntzen aurrekontua % 35 igotzea erabaki baitzuen. Hiru laguntza-lerro horiez gain, EiTBk 5 milioi inguru bideratzen ditu urtero zinemagintza eta, oro har, Euskadiko ikus-entzunezkoak bultzatzera. Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak baditu euskal ikus-entzunezkoa indartzea helburua duten bestelako proiektuak, hala nola, Noka Mentoring edo Kimuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko