Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzak Euskaditik lideratutako ikerketaren arloko trakzio-proiektuak Europan hobeto aurkezten lagunduko du (Gobernu Bilera 2019-06-25)

2019.eko ekainak 25
  • Helburua Europako Batzordearen laguntzak eskuratu nahi dituzten Euskadiko erakundeek proposatutako ikerketa-proiektu handien arrakasta-maila hobetzea da

Eusko Jaurlaritzak Euskaditik lideratzen diren eta Europako Batzordeak Horizonte 2020 programaren baitan ematen dituen laguntzak eskuratu nahi dituzten ikerketa-proiektu handiak Europan hobeto aurkezten lagunduko du. Helburu horrekin, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileei (besteak beste, unibertsitateei, zentro teknologikoei eta ikerketa-zentroei eta osasun-ikerketako bioinstitutuei) zuzendutako laguntzak arautzen dituen dekretua.

Laguntzen oinarrizko helburua da Euskadiko erakundeek lideratzen dituzten eta Europako Batzordeak egindako lehenengo ebaluazio-fase baten ondoren lehen hautaketa gainditu duten ikerketa-proiektuen proposamenen aurkezpena eta, ondorioz, arrakasta-maila hobetzea. Proiektu horiek 4 milioi eurotik gorako dimentsioa izan behar dute, eta gutxienez Euskadiko enpresa bat izan behar dute.

Laguntzak gehienez 30.000 eurokoak izango dira eskaera bakoitzeko, hainbat urtetarako izango dira eta horretara bideratuko dira Lehendakaritzak kudeatzen duen Berrikuntza Funtseko 1,2 milioi euro inguru, 2019an eta 2020an banatuta. Inbertsio horren Euskadin eragin ekonomikoa 6 milioi eurokoa izatea aurreikusten da, Euskadiko bazkideek lideratutako Europako 10 proiektu handi kontratatzea ekar baitezake, horietako bakoitzak 600.000 euro izanik.

Laguntza-programa honek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta Hezkuntza Sailaren beste batzuk osatzen ditu; programa horiek, orokorrean, ikerketaren eta berrikuntzaren arloko euskal eragileek Horizonte Europa programan parte hartzen laguntzen badute ere, ez daude berariaz Euskaditik lideratutako trakzio-proiektu handiak sustatzera zuzenduta.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko