Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak politika fiskala norabide berri batetik eramatea proposatzen du etxebizitzen alokairua sustatzeko

2019.eko ekainak 25

Josu Erkoreka bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseilu ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailbururekin eta Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiarekin batera.

“Etxebizitzako politika fiskala norabide berri batetik eramateko proposamena” egin dela jakinarazi du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak, Legebiltzarrak eskatu bezala. Arriolak adierazi duenez, 2015eko Legearen aplikazioak eskatzen duen politika bat da eta, bereziki, etxebizitzarako sarbidean gertatzen ari den premia-egoera eta kezka sozial larriak eskatuta. Zentzu horretan Arriola sailburuak nabarmendu duenez, etxebizitza hutsak alokairu-eskaintzara bideratzearekin batera, alokairu-merkatuan prezioak moderatzeko biderik eraginkorrena da PFEZean jasotako laguntza fiskalak norabide berri batetik eramatea, erreferentziazko prezio baten azpitik alokatzen duen etxejabearen onurarako, eta errenta handiagoa kobratzen duen errentatzailearen kalterako.

Arriolak azpimarratu du proposamenak ez duela efektu-kolperik jasotzen, inpaktu eskasekoak praktikan, horren ordez konponbide eraginkorrak behar baitira. “Gure ustez biderik eraginkorrena izan daiteke, epe motzean, alokairuen goranzko tentsioari azkena emateko; eta epe ertain eta luzean, etxebizitzako politika progresista bat bultzatzeko, parke publikoa handitzea eta alokairuak arrazoizkoak izatea lortze aldera”, adierazi du.

Erlijio-aniztasuna zentroak

Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkari Nagusi Jonan Fernándezek bere aldetik jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du “Euskal Autonomia Erkidegoko Gurtzarako Leku edo Zentroei eta Erlijio Aniztasunari buruzko Legea”, gure gizartean bizikidetza, dibertsitatea eta erlijio-askatasuna babestea helburu duena. “Lege honen asmoa da gizartean sortzen ari den errealitate bati erantzun arauemaile koherente eta bideragarri bat ematea, funtsezko eskubide bati estu lotutakoari; eta bete egiten du herritar guztien berdintasuna ahalbidetzeko agindua aldi berean demokratikoa eta plurala den gizarte baten barruan”, gaineratu du Idazkariak.

Jonan Fernándezek azaldu duenez, Lege-proiektu honek, erregulazio-esparru bat eskaintzen du gurtzarako zentroak ireki eta erabiltzeko, erlijio-askatasunaren funtsezko eskubidea bermatuko duena, diskriminaziorik gerta ez dadin. Gainera, Erlijio arteko Euskal Kontseilua sortzea ezartzen du legeak, Euskadiko erlijio-aniztasuna positiboki kudeatzeko lehentasunezko espazio gisa. “Instituzioen, sinesbide erlijiosoen, erakunde akademikoen eta gizarte zibileko erakundeen arteko elkarrizketarako, akordiorako eta elkarraldirako foro gisa artikulatzen da”, adierazi du.

Udal-eskumenen bikoiztasunei buruzko dekretua

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Udal-eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko jarduera, zerbitzu edo prestazioak egikaritzeari buruzko dekretua onetsi duela. Erkorekak azaldu duenez, arauak hiru helburu ditu: administrazio publikoen artean eskumenak ez bikoiztea eta ez gainjartzea, baliabide publikoak arrazionalizatzea eta udal-politika publikoen finantzaketa egokia bermatzea.

Eskola-jantokiak

Eskola-jantokiei buruz kazetariek galdetuta, Erkoreka sailburuak adierazi duenez errealitatea inposatzen da: Eusko Jaurlaritzak zuzen jokatu duen kasu bat da. “Ez dago kasurik”, gaineratu du. Zentzu horretan Erkorekak azpimarratu duenez, Fiskaltzak artxibatu egin zuen kasua, ez zuelako inolako irregulartasunik ikusi; eta Lehiaren Euskal Agintaritzak bermatu egiten du oraingo Sailaren kudeaketa.

Aurrekontuak

Bestalde, aurrekontuak direla-eta oposizioko taldeekin izango diren kontaktuei buruz galdetuta, Gobernuko bozeramaileak argitu du aste honetan azalduko dela aurrekontuetako gidalerroak biltzen dituen dokumentua. “Aurrekontuetako gidalerroen esparrua haiei azaltzeko dei egin zaie, Legealdi honetako helmugari heltzeko”, zehaztu du. Erkorekak adierazi duenez, Gobernuak elkarraldira bertaratzean izango duen jarrera, beti bezala, errealista, irekia eta konstruktiboa izango da. Bestalde, sailburuak azpimarratu duenez, ekonomia suspertzeko, enplegua sortzeko eta gizarte-zerbitzuak bermatzeko politiketan aurrerapausoak emate aldera, funtsezkoak dira lantzen ari diren kontuak.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak