
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak erradioterapia onkologikorako hirugarren azeleragailua eta diagnostikorako erresonantza magnetiko berria ipini ditu
- Iñigo Urkullu Lehendakaria zentroko Onkologia Erradioterapikoko eta Erradiodiagnostikoko zerbitzuko profesionalekin batu da, eta azken belaunaldiko ekipo horiek bisitatu ditu; haiek 4,5 milioi euroko inbertsioarekin ezarri dira, eta Osakidetzako pazienteentzako diagnostikoa eta tratamenduak etengabe hobetzeko prozesuan sartzen dira
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak, Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera, gaur goizean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean ipini diren azken belaunaldiko bi ekipamendu berri bisitatu ditu. Onkologia Erradioterapikorako hirugarren azeleragailu lineala da, Amancio Ortega fundazioarekin eginiko akordioaren ondoriozkoa, eta Erradiodiagnostikorako erresonantzia magnetiko berria.
Lehendakariak nabarmendu duenez, ekipo berri horiek 4,5 milioi euro inguruko inbertsioa ekarri dute, eta horiek Osakidetzako pazienteentzako diagnostikoa eta tratamenduak etengabe hobetzeko prozesuan sartzen dira.
Onkologia Erradioterapikorako azeleragailu lineal berria hirugarrena da, Gurutzetak bazituen-eta beste bi, eta Eusko Jaurlaritzak eta Amancio Ortega fundazioak 2017ko apirilean sinatu zuten akordioak Euskadi osorako aurreikusten dituen bostetatik hirugarrena da; 14.700.000 euro inbertituko dira euskal osasun publikoak gaixotasun onkologikoak diagnostikatzeko eta tratatzeko duen ekipamendua hobetzeko. Aurretik, antzeko bat jarri zen martxan Donostiako Unibertsitate Ospitalean eta beste bat Gurutzetan. Beste biak Basurtoko Unibertsitate Ospitalean eta Arabako Unibertsitate Ospitalean (Txagorritxu) jarriko dira; horiez gainera, bularreko minbiziaren screening-programarako mamografoa ere izango da.
Lehendakariak berak nabarmendu duenez, beste urrats bat gehiago da “gure Gobernuak minbiziaren prebentzioaren eta detekzio goiztiarraren alde egiten duten apustu irmoan”, eta apustu hori 2018-2023rako Euskadiko Plan Onkologikoaren zabalkundean islatzen da, edo umetoki-lepoko minbiziaren baheketa-programaren zabalkundean; azken hori guztiz ezarri da, dagoeneko, Araban eta Gipuzkoan, eta ezartzeko fasean dago Bizkaian. Bularreko, koloneko eta umetoki-lepoko minbizien baheketa-programen ezarpenaren bidezko detekzio goiztiarrak lehentasunezkoa izaten jarraitzen du Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat; horien ondorioz, handitu egin dira, dagoeneko, gaixotasun onkologikoak dituzten pertsonen biziraupen-tasak eta bizi-kalitatea, Euskadin heriotza-kausa nagusia dela aintzat hartuta.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuak Amancio Ortega fundazioari esker sartuko duen azeleragailu lineal berria, azeleragailu konbentzionalen aldean, erradioterapiako eta irudi bidez gidatutako erradiokirurgiako erabilera anitzeko plataforma integratua da, eta tumoreak eta mugimenduan dauden ehunak sekula ez bezalako zehaztapen-mailekin eta abiadurarekin trata ditzake. Gaur egun dagoen azeleragailu lineal zehatzena, fidagarriena eta osoena da, eta, dagoeneko ezarrita dauden beste biek bezala, pazienteen bigarren mailako ondorioak murrizteko aukera ematen du; horrela, gaixotasun lokalizatua eta/edo oligometastasikoa duen paziente onkologikoan aukera terapeutiko berri ugari irekitzen ditu, eta tokiko kontrol-indize altuak lortzen ditu gutxieneko morbilitatearekin.
Hori horrela, hiru dimentsiotako irudi bati esker (CT 3D), azeleragailu berriak pazientea automatikoki posizionatzen du, eta horrek irradiatu beharreko eremuan zehaztasun geometriko eta dosimetriko handiko tratamendua egiteko aukera ematen du, fidagarritasun, zehaztapen eta kalitate handiz.
Hiru azeleragailu horien bidez, urtean, 1.500 paziente inguru tratatu ahal izatea aurreikusten da.
Gurutzetako Erradiodiagnostikoko zerbitzuan sartu den erresonantzia magnetiko berriak urtean 12.000 erresonantzia inguru egiten ditu, eta horren harira bere irudiaren kalitatea nabarmendu behar da; izan ere, horren bidez, zehaztapen handiagoz bereizi daiteke lesio onberen eta gaiztoen artean eta, beraz, diagnostikoa zehatzagoa eta goiztiarragoa da. Hori horrela, ekipamendu horrek hobetu egiten du, esaterako, lehen mailako garuneko tumoreen eta metastasikoen detekzioa, bai eta prostatako tumore txikienak ikusteko gaitasuna ere. Aldi berean, asistentziaren ikuspuntutik, pazienteak erosotasuna irabazten du, bereizmen handiko irudiaren kalitatea denbora laburragoan eskuratzen baitu.
Ekipo berri horrek aurrezpen energetikoaren mekanismoa jaso du, eta aplikazioak eskaintzen ditu kardiologiarako, neurologiarako, ortopediarako, gibeleko eta giltzurruneko ebaluazio kuantitatibo ez-inbasiorako, urografiarako, angiografiarako, prostatarako, bularrerako, etab.