Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Artolazabalek Eskoziako Gobernua enpleguaren eta gizarte-zerbitzuen arloko transferentziei eta berezko kudeaketari esker lortzen ari den ekimenak eta urrats positiboak nabarmendu ditu

2019-06-20
  • Bilera, Aileen Campbell Erkidegoetako ministroekin

Edinburgo, 2019-06-20

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak honako hau esan du: “gure gizarte-politiken garapenera laguntza gehien bideratzen dugun herrialdeok antzeko ekimenak gauzatzen ari gara, eta, horien ondorioz, posizio aurreratuetan gaude Europar Batasunean. Eskozia eta Euskadi, besteak beste, kasu horretan gaude, kudeatzeko dugun gaitasunari esker”.

 

Artolazabalek, gaur, bilerak izan ditu Aileen Campbell Erkidegoetako eta Tokiko Gobernuko eta Shirley-Anne Somerville Gizarte Segurantzako eta Nagusientzako Eskoziako  ministroekin. Edinburgoko “Edinburgh Capital City Partnership St James” enplegurako prestakuntza- eta sustapen-zentroa bisitatu ondoren, atzo Eskoziako Gobernuarekin batera hasitako harremanekin eta lanekin amaitu du.           

“Eskoziako Gobernua nabarmena da pobreziarik eta desparekotasunik gabeko gizartea eraikitzeko duen konpromisoagatik. Horretarako, Eskozia Ekitatiboagoaren Aldeko Ekintza Plana du (Fairer Scotland Action Plan), 2030erako Eskozia bidezkoa, arrazionala eta inklusiboa lortzeko, Europako pobrezia-indize baxuenetako batekin eta guztiontzako aukera-berdintasunarekin”, azaldu dio Beatriz Artolazabali Aileen Campbell Erkidegoetako eta Tokiko Gobernuko ministroak. Aileen Campbellek Eskoziako Gobernuko pobrezia murrizteko estrategia integrala zuzentzen du.

 

2017an, Eskoziako Parlamentuak aho batez onetsi zuen Haur Pobreziari buruzko Legea (Child Poverty Act), eta, horrela, Erresuma Batuan legez haur-pobreziaren aurka borrokatzeko konpromisoa jaso duen alde bakarra da. Legeak zenbait helburu jaso ditu, 2030. urterako, eta horiek urte anitzeko planetan oinarritzen dira.

 

Eskoziako Gizarte Segurantzako sistema berria eskumenak eskualdatzeko historiako aldaketa-programa zabalena eta konplexuena da. “Gizarte Segurantzaren egungo gastuaren % 15en gaineko eskumena eskuratuko dugu. 11 prestazio transferitu ondoren, urtean 3.500 milioi libera esterlina inguruko ordainketak egingo ditugu. Gizarte Segurantzari buruzko Legeak (Eskozia, 2018) gizarte-segurantza giza eskubidea delako lege-printzipioan oinarritzen den Erresuma Batuko lehen  Gizarte Segurantzaren sistema sortu zuen. Helburu orokorra duintasunean, ekitatean eta errespetuan oinarritzen den gizarte-segurantzako sistema sortzea da”, esan du Shirley-Anne Somerville Gizarte Segurantzako eta Nagusientzako Eskoziako  ministroak.

 

Gizarte Segurantzari buruzko Legeak (Eskozia, 2018) ezartzen du ministroek Gizarte Segurantzaren Eskoziako Estatutua garatzea. Helburua da Legearen printzipioen adierazpen xehatua prestatzea, sistemak praktikan aplikatuko direla bermatzeko hartuko dituen neurriak deskribatuko dituena. Horrela, bada, Estatutua banakoen esperientzia hobetzen duten printzipio eta aplikazio praktikoaren arteko zubi gisa uler daiteke.

 

Estatutua, lehenengo eta behin, Gizarte Segurantzaren Batzordeak aztertu zuen, eta Eskoziako Parlamentuak onesteko gomendioa egin zuen; onespena 2018ko abenduan izan zen. Sistema berriaren gainerako alderdi guztietan bezala, Estatutua adituekin lankidetzan diseinatu zen.  Eskoziako Gizarte Segurantzak zerbitzuak ematean Gizarte Segurantzari buruzko Legeak (Eskozia, 2018) eta Gizarte Segurantzaren Estatutuak aurreikusitako printzipioetan oinarritzen da. Printzipio garrantzitsuena pertsonak duintasunez, ekitatez eta errespetuz tratatzeko beharra da.

 

Edinburgh capital city partnership

Udalek eta sektore pribatuak Eskoziako Gobernuarekin dihardute elkarlanean, enplegagarritasun-zerbitzuak diseinatzen eta ezartzen”, esan du Beatriz Artolazabalek, Edinburgh St. James gizarte-izaerako jarduketa ekonomikoko zentro handira eginiko bisitan. Bertan, enplegagarritasun-zerbitzuen prestazioaren adibide bat ezagutu du, Capital City Partnership Edinburgoko Udaleko enplegua sustatzeko agentziaren bidez.

 

Artolazabalek interesa erakutsi du jakiteko nola egiten den lan-kontratazioa enpleguaren sorrera sustatzeko eta pobrezia murrizteko. Berarekin batera, honako hauek izan dira: Rona Hunter Capital City Partnership-eko CEOa; Stephanie Lang FUSE Recruitment & Skills Academy-ko lan-kontratazioko zuzendaria; John Beaton-Hawryluk FUSE Recruitment & Skills Academy-ko Enpresei Laguntza emateko koordinatzailea, Ed Webb Edinburgh St. James/Nuveen-eko garapeneko zuzendaria, eta Anthony Ranger Edinburgh St. James/Nuveen-eko eragiketen zuzendaria.

 

Lankidetza publiko-pribatuak enplegu kalitateduna eta jasangarria lortzeko pertsonei ematen zaien laguntzan dakartzan onurak azaldu dizkigute. St. James Centre nazioartean eragina izango duen merkataritza- eta turismo-garapeneko hiri-proiektua da. FUSE the Retail & Hospitality Skills Academyren elkarlana ezinbestekoa da, merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan enplegu kalitatedunak eta jasangarriak sortzeko.    Edinburgh St James Nuveen-en eta Holanako APG pentsio-funtsen arteko joint venturea da. Nuveen, halaber, proiektuaren garapenaren eta aktiboen kudeatzailea da, eta Laing O’Rourke izendatu da kontratista nagusi gisa.   Edinburgh St James urbanizazio bat da Edinburgo hiriaren erdigunean, 160.000 m2-koa. Allan Murray Architects-ek diseinatu du programa, 1.000 milioi £-koa, eta 79.000 m2-ko merkataritza-espazioa du, Erresuma Batuko bigarren W Hotela, 152 etxebizitza berri, 30 jatetxe, apartahotel bat eta hiriko lehen Everyman zinema.   Eraikuntza 2016ko urrian hasi zen, eta espazioko merkataritza- eta aisia-gunea 2020rako amaituta egotea aurreikusten da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)