Berriak Segurtasuna

Segurtasuneko sailburuak eta Basauriko alkateak Ertzain-etxearen hurbiltasuna, irisgarritasuna eta ikusgaitasuna hobetuko dituzten lanak bisitatu dituzte

2019-06-21

Hasierako lanen bidez aparkalekua egokitu eta konpondu da, perimetroko itxitura kendu da eta hiri-bilbean ia 400 metro integratu dira

 

Basauri, 2019ko ekainak 21.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, Basauriko alkate Asier Iragorrik lagunduta, gaur goizean bisitatu ditu Basauriko Ertzain-etxea goitik behera berritzeko lanak. Lanei 2018an eman zitzaien hasiera, Ertzaintzaren Azpiegituren Kudeaketa Plan Orokorraren baitan. 1992an eraiki zen eraikina birmoldatzeko eta modernizatzeko lehenengo fasean aparkalekua egokitu eta konpondu da, perimetroko itxitura eta sarrerako markesina kendu dira eta 335 metro integratu dira hiri-bilbean, eraikinaren irisgarritasuna eta ikusgaitasuna hobetzeko.

 

“Basauriko Ertzain-etxea zaharberritzeko lana Segurtasun Sailak Ertzaintzaren eraikinak modernizatzeko abian jarritako planaren baitan ari gara gauzatzen, irisgarritasun unibertsala, hiri-ingurunean integratzea, instalazioen jasangarritasuna eta energia-efizientzia, eta hiritarrei arreta hobea ematea helburutzat hartuta, eta hiritarren arreta hobetzeko, esate baterako, gela bereziak izango dira etxeko indarkeriaren eta genero-indarkeriaren biktimak artatzeko”, adierazi du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak zaharberritze-lanetara egin duen bisitan.

 

Ertzain-etxea sailburuarekin eta alkatearekin batera bisitatu dute Herritarren Babeserako Ataleko buru Josu Bujanda intendenteak, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren zuzendari Guadalupe Caminok, Azterlanak eta Proiektuak Alorreko buru Ignacio Basañezek eta Proiektuen Ataleko buru Josu Martinezek, eta hauek arduratu dira lanak azaltzeaz.

 

2018an ekin zitzaion birmoldaketaren lehenengo fasean Ertzain-etxeko aparkalekua egokitu eta konpondu da, perimetroko itxitura eta sarrerako markesina kendu dira eta 335 metro hiri-bilbean integratu dira, eraikinaren irisgarritasuna eta ikusgaitasuna hobetzeko.

 

Bigarren fasea 2019an gauzatuko da, eta herritarrei arreta emateko guneak zabalduko dira. Horrela, 60 metro karratuko atondoa egingo da eta etxeko eta genero indarkeriaren biktimentzat eta, zehazki, haiekin joaten diren adingabe edo adindunentzat, gela bereziak jarriko dira. Asmoa da arreta zuzena ematea, beirazko mostradorerik gabe. Era berean, 2020an eraikin barruko hobekuntza-lanak egingo dira, eta, esate baterako, igogailu bat jarriko da eta solairu guztietatik aretoetarako sarbideak hobetuko dira.

 

Basauriko Ertzain-etxea zaharberritzeko lanak Azpiegiturak Kudeatzeko Plan Orokorraren baitan egingo dira. Plan horren barruan Ondarroako Ertzain-etxea, herritarren arretarako Zabalburuko bulegoa eta Loiuko aireportukoa ere birmoldatuko dira, eta helburu berberekin: gune irekiak ezartzea, hormarik eta itxiturarik gabe, hiri-bilbean integratuta, irisgarritasuna eta herritarren arreta hobetzeko eta, era horretara, Ertzaintzari ikusgaitasuna emateko.

 

2019an gauzatuko den bigarren fase horretan aurreikusitako inbertsioa 412.000 eurokoa da.

 

Polizia-lankidetza

 

Ertzain-etxera egindako bisitan, Basauriko alkate Asier Iragorrik azpimarratu du bertan egiten ari diren hobekuntza-lanek herritarrengana hurbilduko dutela. Era berean, balorazio positiboa egin du Ertzaintzak basauriarrei ematen dien zerbitzuaz, bereziki prebentzioarekin, hezkidetzarekin eta parte-hartzearekin zerikusia duten alderdietan, “Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz” programaren baitan ematen diren hitzaldien bidez.

 

Bestalde, Iragorrik aipamen berezia egin dio erakundearteko lankidetzari, eta adierazi du lankidetza horren baitan eskatu diola Basauriko Udalak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari azken hiru LEP bateratuetan udaltzainak hautatzeko eta prestatzeko prozesua kudeatzea (2 udaltzain lehenengoan, 1 bigarrenean eta 6 hirugarrenean).

“Garrantzizkoa da erakundeok ahaleginak bateratzea eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetza aktiboa sakontzea, herritarren segurtasuna alderdi guztietan sustatzeko prebentzio-neurriak aztertu eta hartzeko”, adierazi du Basauriko alkateak.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Asier Iragorri