Eu

Villabonako kale nagusiaren eta Oria ibaiaren artean doan kolektorearen urak kolektore nagusira bideratzeko lanak lizitatu berri ditu URAk

2019.eko ekainak 20

Villabonako kale nagusiaren eta Oria ibaiaren artean doan kolektorearen urak kolektore nagusira bideratzeko lanak lizitatu berri ditu URAk; hartara, hondakin-urok Adunako araztegira bideratu daitezen, eta Oriara isuri aurretik ondo tratatuak izan daitezen. Lanon lizitazio-aurrekontua  188.742,75 eurokoa da.

Lanon xedea da Udaletik Zubimusuko zubira doan tartean Oria ibaiaren parean doan kolektorearen kota igotzea, 174 metroko tarte batean, eta kale nagusitik doan kolektore nagusiarekin konektatzea, tratatu gabeko ur beltzak Oriara isurtzea saihesteko.

URAko teknikariek ikusi zuten bazela ibaiaren parean doan kolektore horren kota igoarazteko aukera,  tarte horretako etxebizitzetako ur beltz horien loturen kotak aztertu eta gero. Dena dela, lotura horiek konektatzeko, kolektore berriak egungoak baino malda txikiagoa izan beharko du, eta partzela pribatu batzuetan atontze lanak egin beharko dira, etxebizitza horien lotune-puntua igoarazteko.

Kolektore berria Villabonako udaletxe aurrean hasi, eta ibaiaren paretik egingo du aurrera, kale nagusiko zenbaki bikoitietako etxebizitzetako hondakin urak biltzeko. Etxebizitza horien eta ibaiaren artean dagoen ibaiertzeko pasealekuaren azpitik joango da kolektorea, Erreka tabernara arte. Bertan, kolektorean bira egingo du, Kale Nagusiko kolektore nagusiarekin lotzeko. Puntu horretan lotzeko, kolektore metro batzuk oinezkoentzako pasabidetik pasako dira, kalearen kota berdinean, ibaiertzeko pasealekua eta Kale Nagusia lotzen dituen igarobidetik.

Villabonako saneamendua hobetuko duten lanak dira, 2016an URAk egindako lanen ondorengoak: 4.000 biztanleren tratatu gabeko hondakin urak Oriatik kentzeko, eta Gipuzkoako Urak-ek kudeatzen duen Adunako araztegira bideratzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak