Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak profesionalek genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen kasuetan jarduteko gida sortu du

2019.eko ekainak 21

Dokumentu osoaz gainera, bertsio laburragoa ere banatuko da, erantzun azkarra eta arina eman ahal izateko, beren arreta behar duten kasuetan 

Helburua da tresna bat ematea, asistentzia-maila guztietan prebentzioa, detekzio goiztiarra eta, indarkeriaren kasuan, jarduteko eta segimendua egiteko protokoloa izateko

 

Osasun Sailak eta Osakidetzak profesionalek genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen kasuetan jarduteko gida sortu dute. Gidaren helburua da osasun-arloko langileak kasu horien detekzio goiztiarrean inplikaraztea eta, era berean, esku-hartze profesionalerako irizpide batzuk eta arazo hori bizi duten emakumeei arreta integratua eman eta, horrela, egoerari aurre egin ahal izateko baliabideak eskaintzea. Gida gaur aurkeztu dute Nekane Murga Osasun sailburuak, Izakun Landaida Emakundeko zuzendariak, Juan José Aurrekoetxea Osasun Publikoko zuzendariak eta Maite Paino Osakidetzako lan-koordinatzaileak.

Osasun-sistemak funtsezko eginkizuna du emakumeen aurka gauzatutako indarkeriaren aurrean prebenitzeko eta jarduteko. Indarkeria-mota hori jasan dutenek normalean lehen instantzian jaso ohi dute arreta, osasun-zentroetan. “Beraiek adierazi dute osasun-langileengan izango luketela konfiantzarik gehien, horrelako egoeraren bat jasanez gero. Hori dela eta, lehen mailako laguntza-erantzuna behar da, kasu horiei aurre egiteko”, esan du sailburuak. Hori dela eta, egoera horiek detektatzeko mekanismoen eta horietan esku hartzeko baterako estrategien ezarpenean lan egiten ari da.

2018an, Osakidetzak 944 genero-indarkeriaren kasu detektatu zituen, guztira, bere lehen mailako arretarako sarearen eta Larrialdietako ospitale-zerbitzuen bidez. % 10 baino gehiago hazi da detekzio-kopurua, aurreko urtearen aldean.

 

 

2015

2016

2017

2018

LEHEN MAILAKO ARRETAN DETEKTATUTAKO GI KASUAK

375

435

400

456

OSPITALEKO LARRIALDIETAN DETEKTATUTAKO GI KASUAK

386

418

450

488

GUZTIRA

761

853

850

944

 

Gaur aurkeztu den jarduketa-gidaren bidez, 2008an argitaratu zen dokumentua eguneratzen da, eta, hartan, prebentzioaren, detekzio goiztiarraren eta esku-hartzearen eremuan osasun-arloko langile guztientzako jarduketa-urratsak eskaintzen dira. Urrats horiek, gainera, asistentzia-testuinguruen arabera garatzen dira: etxeko arreta, lehen mailako arreta, larrialdiak, ospitalizazioa edo osasun mentala.

Dokumentua bi formatutan argitaratu da. Batetik, gida oso bat, Interneten eskuragai; hark, egoera zehatz batzuetan jarduteko urratsez gainera, beste kontzeptu batzuk ere jaso ditu, besteak beste, indarkeria-zikloa, datu epidemiologikoak, seme-alaba inplikatuak dauden kasuetan esku hartzea edo baliabide soziosanitarioekin koordinatzeko mekanismoak. Eta, bestetik, inprimatu den gida azkarra, 36 orrialdekoa, gauzatu beharreko jarduketaren erantzun azkarra eta berehalakoa emateko, algoritmoen eta erabaki-zuhaitzen bidez.

 

HIRU JARDUKETA-MAILA

Horrela, beraz, osasun-sisteman jarduteko hiru maila ezartzen dira:

 

  • Lehen mailako prebentzioa; horretarako, ahultasun bereziko egoerak identifikatzen dira.
  • Bigarren mailako prebentzioa edo detekzio goiztiarra. Gomendatutako estrategia da detekzioa areagotzeko kasuen bilaketa aktiboa; horrela, gidan osasun-arloko langileek pazienteari egin diezazkioketen galdera batzuk ageri dira.
  • Hirugarren mailako prebentzioa. Kasua detektatu denean, jarduketa-protokoloa ezartzen da; hura hasierako oinarrizko jarduketa batean eta laguntzarako eta segimendurako jarduketa batean datza. Oinarrizko hasierako jarduketan, aldi berean, honako fase hauek jaso dira: entzutea, harrera egitea eta enpatia, arriskuak baloratzea, jarraipena egin eta bideratzea, jarduketa historia klinikoan erregistratzea eta, azkenik, lesioen partea ematea, hala ezartzen bada.

 

Era berean, gidak sexu-erasoen arretari heltzeko atal berezia jaso du, bai oraintsu gertatu diren kasuetan, bai bost egunetik gora igaro direnetan.

Azkenik, harremanetarako telefonoak ere jaso dira, eta horiek erabilgarriak izan daitezke bai emakumeentzat bai beren seme-alabentzat, indarkeria horren biktima ere badira eta.

 

PRESTAKUNTZA-PLANA

Gida hori abian jartzean, Osakidetzako profesionalei genero-indarkeriaren arloko prestakuntza emateko plana ere abiarazi da. Aurten, prestakuntza-programetan 1.194 pertsonak parte hartuko dutela aurreikusten da. Programa horietan hainbat alderdi aztertuko dira: lesioen partea prestatzea, alderdi etikoak, kulturen artekotasunari lotutako genero-indarkeria, emakumeen genitalen mutilazioa etab.

Hori horrela, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak honako hau esan du: “emakumeen aurkako indarkeria jasaten duten emakumeei arreta ematen dieten langileen prestakuntza funtsezko konpromisoa da detekzio goiztiarrean eta prebentzioan aurrera egiteko, bai eta arreta hobean aurrera egiteko ere. Prestakuntza horrek, ikuspegi feministatik, emakumeei erreparaziorako eta ahalduntzeko bidean laguntzeko oinarriak ezarri behar ditu”. 

Euskadiko profesionalentzako genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen kasuetan jarduteko gida Osakidetzako ESIetako profesionalen talde batek eta Osasun Sailak prestatu dute, baina haren berrikuspenean beste erakunde batzuei lotutako adituek ere parte hartu dute. Aditu horiek honako erakunde hauei daude lotuta: Emakunde, UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea edo Vitoria-Gasteizko Udala.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 21a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Maite Paino, Osakidetzako koordinatzailea