Eu

Autobus elektriko adimentsua aurkeztu da Gasteizen: garraio sistema iraultzaile horrek hiriko 14 auzo konektatuko ditu puntako teknologiako 13 autobus elektrikoren bitartez, zeinak Irizar e-mobility-k ekoitziko baititu

2019.eko ekainak 20

Gaur goizean ezagutu ahal izan da 2020tik aurrera Gasteizen autobus elektriko adimentsuaren zerbitzua emango duen ibilgailu modeloa; 14 auzo konektatuko dira puntuko teknologia duten eta % 100ean elektriko diren 13 autobusen bitartezIrizar e-mobility enpresaren ieTram modeloa da. Urrezko Zeledonen plazan (Postetxearen aurrean) egin da aurkezpena. Alkate Gorka Urtaran, Garapen Ekonomikoaren eta Azpiegituren sailburu Arantxa Tapia, Arabako diputatu nagusi Ramiro González eta Irizar e-mobility-ko zuzendari nagusi Hector Olabegogeaskoetxeak hartu dute parte ekitaldian. BEA ezartzeko lanak Andre Maria Zuriaren jaien ostean hasiko dira, abuztuko bigarren hamabostaldian.

Gasteizko Udalak maiatzaren amaieran sinatu zuen kontratua Irizar E-Mobility, Yarritu eta LKSek eratutako aldi baterako enpresa-elkartearekin, BEA sistema ezartzeko. Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala lankidetzan aritu dira proiektua gauzatzeko. Lakuako gobernuak proiektuaren % 65 finantzatzen du. Aldundiak eta Udalak, berriz, % 17,5 jarriko dute bakoitzak.

Gaur goizean ibili da lehen aldiz Irizar etxearen ieTram ibilgailua Arabako hiriburuko kaleetan barrena. TUVISAk Agirrelandan dituen instalazioetatik abiatu da autobusa, Europa jauregira joateko eta bertan hartu ditu lehenengo bidaiariak: hedabideak eta agintariak. Biltzar jauregitik Urrezko Zeledonen plazara abiatu da ibilgailua. Han egongo da aparkatuta gaur, egun osoan (20.00ak arte), eta bihar, 10.30etik 14.00etara. Horrenbestez, lehenengo ikusnahiak dagoeneko igo ahal izan dira ibilgailura, eta dituen aurrerapen teknologikoak ezagutu dituzte. Argitu beharra dago oraindik hobekuntza eta aldaketaren bat egin beharko dela azkenean Gasteizen zerbitzu emango duen autobusaren behin betiko osaera eta diseinuan. Izan ere, egun hauetan hirira ekarritakoa Irizar e-Mobility-k munduan barrena erakutsi ohi duen modelo estandarra da.

"Bus elektriko adimentsuak benetako iraultzak ekarriko du Gasteizera, eta mugikortasun iraunkorraren alorrean Europako erreferentzia bihurtuko gaitu; aldi berean, gure barne mugikortasuna hobetuko dugu, eta herritarren bizi-kalitatea handituko. Gure lehenengo autobus azkar elektrikoak izango dira, batere emisiorik ez dutenak. BEA etorkizuneko garraio publikoaren sistema izango da: eraginkorra, elektrikoa, edukiera handikoa eta modernoa. Ziur nago xarmatu egingo dituela TUVISAren bidaiariak. Berriro ere erakutsiko dugu euskal erakundeek gure hiriaren, ingurumenaren eta etorkizun hobe baten alde egin duten apustua irmoa dela, Nazio Batuen Erakundeak ezarritako garapen iraunkorreko helburuen ildotik. Azken batean, hiriko auzoak hobeto konektatzea da gure asmoa, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana garatzen jarraitzea eta mugikortasun iraunkorra eta osasungarria sustatzea", nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Arantxa Tapia pozik agertu da “Gasteizen mugikortasun elektrikora aldatzeko egindako urrats sendoagatik, esperientzia arrakastatsu hori pixkanaka Euskadi osora hedatzea aurreikusi baita”; zehazki, Donostiara zabalduko da datozen hilabeteetan. Sailburuak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da "Euskadin ibilgailu elektrikoaren sarrera sustatzea, garraioan energia-eraginkortasuna hobetzeko eta euskal industria-ehunean negozio aukerak handitzeko bitarteko gisa". Azpimarratu du, halaber, "Euskadi mugikortasun eta garraioaren alorreko enpresa adierazgarrienetako batzuen egoitza" dela, eta "sektorearen garapen teknologiko aurreratua" goraipatu du, BEAren proiektuari osagai berritzailea eransten baitio, "euskal enpresak Europako abangoardian kokatzen dituena". Tapiaren hitzetan, "lehentasunezkoa da garraio publikoaren sare integratu eta modernoa izatea, zerbitzu lehiakor eta erakargarria eskaintzeko gauza dena, ibilgailu pribatua baztertzea ahalbidetuz eta eredu energetikoki iraunkorraren alde eginez".

Jarduneko Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek, berriz, Arabako Foru Aldundiak Gasteiz hiriarekin duen konpromisoa nabarmendu du, baita erakundeen arteko lankidetzaren eta akordioen balioa ere. "Gaur aurkezten ari garen autobus elektriko adimentsuak erakusten du hori. Horixe da aurreko agintalditik aplikatzen ari garen formula arrakastatsua: lan irekia, elkarrizketa eta lankidetza. Hau da, XXI. mendean gobernatzeko modua. Hau da, erakundeen arteko akordio politikoak, sozialak, Arabak aurrera joatea ahalbidetzen dutenak. Oraingoan, leku iraunkorrago eta bizigarriagoa bihurtzeko, hiri eraldaketaren eta zerbitzuen hobekuntzaren bitartez”, esan du.

Irizar e-mobilityko zuzendari nagusi Hector Olabegogeaskoetxeak nabarmendu duenez, “proiektu hau oso garrantzisua da Irizar Taldearentzat, Gasteizko eta Euskadiko lehen sare %100 elektrikoa eta zero isurpenekoa izango delako. Giltza eskura erako proiektu bat da, hiri honen beharretara egokitua eta honek harro sentiarazten gaitu. Autobusak eta karga azkarreko azpiegiturak hornitzeaz gain, obra zibila eta komunikazio lanak ere egingo ditugu BEI proiekturako. Horrela, Gasteizko hiria abangoardiako teknologian kokatzen lagunduko dugu hiri mugikortasunaren arloan”.

13 abangoardiako autobus berri

Bea ezartzeko ia 35 milioi euroko inbertsioa egingo da (BEZik gabe). Besteak beste, 18 eta 12 metroko luzerako abangoardiako 13 autobus elektriko berri erostea eskatuko du, zeinek 10 kilometroko trazadura izango baitute, eta 24 geltoki noranzko bakoitzean. Puntako teknologiako ekipoak izango dira, berritzaileak, eta erosoagoak, herritarrentzat. TUVISAk eskainiko du zerbitzua, oraingo 2. linean, zortzi minutuan behingo maiztasunarekin, errei esklusiboak baliatuz ibilbidearen parte handi batean, eta hiriko leku garrantzitsuak lotuko ditu, hala nola Eusko Jaurlaritza, Arabako Unibertsitate Ospitalea eta Mendizorrotza.

Autobus berrien behin betiko osaera, diseinua eta beste xehetasun batzuk oraindik zehazteke daude, baina badakigu unitate txikiek gutxienez 65 pertsona (21 eserita) hartzeko lekua izango dutela, eta artikulatuek, berriz, gutxienez 100 pertsona (30 eserita). Gurpil aulkietarako hiru espazio ere eduki beharko dute, eta artikulatuek, haur-kotxeentzako aparteko lekua. Irisgarriagoak izan daitezen, autobus artikulatuek lau ate edukiko dituzte: bi aurrealdeko zatian, eta beste bi atzealdean. Ateak labainkorrak izango dira, eta barrutik zein kanpotik irekitzeko botoia izango dute, tranbiak bezala. Denek balioko dute sartu zein irteteko, txartelak markesinetan balidatuko baitira.

Hiru led pantaila ere eramango dituzte autobusek, erabiltzaileek ibilbideei, aldaketei, itxarote-denborei, geltokiei eta abarri buruzko informazioa izan dezaten. USB kargagailuak ere jarriko dira erabiltzaileentzat, eta artikulatuek maletentzako kaiola ere izango dute. Gidarien kontsolak, berriz, ibilbideei buruzko informazioa denbora errealean emango dute, baita autobusaren alderdi teknikoei edo gerta daitezkeen gorabeherei buruzkoa ere, eta autobusaren kontrola erosoagoa izango da. Gidariari laguntzeko sistemaz hornituta joango dira, gidatze automatikoz eta geltokira hurbiltzeko asistentziaz, zintarriaren eta ibilgailuaren distantzia txikiena izan dadin. Atzerako ispiluen ordez, kamerak izango dituzte.

Geltokiei dagokionez, markesinak tranbiak dituenen antzekoak izango dira, estetika modernokoak; txartelak erosteko eta balidatzeko makinez gain, informazio multimedia eta denbora errealean eskainiko da. Autobus elektriko adimentsua ezartzearekin batera, hainbat esku-hartze egin beharko dira espazio publikoan. Autobusek errei erreserbatuta batetik zirkulatuko dute, zeina 3,5 metro zabal izango baita, zatirik handienean, oraingo 2. linea periferikoa doan bidetik. Batzuetan, biribilguneak zeharkatuko dituzte, orain lorategi itxura duten lekuetatik. Esku-hartze handiagoak ere aurreikusi dira, esate baterako, Esmaltazioen inguruan, bi biribilgune batu eta biribilgune handi bat sortuko baita.

Bi kargatzeko puntu

Pantografo 2 estazio karga azkar jarriko dira ibilbideko bi puntutan, Mendizorrotzako geltokian eta Boulevardeko geltokian. Horri esker autobusak haien ibilbidean bertan 4 minutuan kargatzeko aukera izango da. Gainera, kotxetegietan 7 kargagailu adimendunak jarriko dira (2x50).

Irizar ie tram modeloa, Irizar Taldeko teknologia duen produktua da, bai elektronikan eta komunikazioetan zein ibilgailuaren sistema nagusietan: power train, baterien moduluak eta karga-sistemak.

Irizar ie tram zero isurpeneko autobus %100 elektrikoa da. Tranbiaren ezaugarri estetikoak ditu, eta uztartu egiten ditu tranbia baten edukiera handia, irisgarritasuna eta barruko zirkulazioa hiriko autobus baten malgutasunarekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea; Ramiro González, Arabako diputatu nagusia; Hector Olabegogeaskoetxea, Irizar E-Mobilityko zuzendari orokorra