Berriak Osasuna
Eu

Nekane Murga Osasun Sailburuak bere sailaren eta Osakidetzaren ildo estrategikoak azaldu ditu eusko Legebiltzarrean

2019.eko ekainak 19

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, eta, bertan, legegintzaldi honen amaiera arte Osasun Saila gidatuko duten ildo estrategikoak aurkeztu ditu. Esan duenaren arabera, estrategia legegintzaldi honen hasieran planteatutako ildo estrategikoekin koordinatuta dago. Helburu nagusiak jarraitzen du gure osasun-sistema publikoa, unibertsala eta pertsona guztientzako kalitateduna babestea izaten.

Nekane Murga sailburuak argi utzi du lehen ildo estrategikoak eta Osasun Sailaren eta Osakidetzaren ekintzaren ardatz nagusiak datozen hilabeteotan pertsonak izaten jarraituko dutela. Horretarako, osasunean dauden desberdintasunei aurre egin eta 2013-2020rako Osasun Planeko politika guztietako osasunaren kontzeptuan sakonduko da. Iragarri duenez, plan horren azken ebaluazioak hurrengo Osasun Planaren –2021-2028 aldirako– oinarriak jartzeko behar den informazioa emango du. Gainera, sailburuak esan du bere Sailak lehen urratsak eman dituela Osasun Publikoaren Legearen aurreproiektua izateko.

Lehen ildo nagusi eta zeharkako horretatik abiatuta, bigarren ildo estrategikoa osasunaren prebentzioari eta sustapenari buruzkoa da; bertan, Nekane Murga sailburuak haurren txertoen egutegia zabaltzea kokatzen du, meningokokoaren aurreko prebentzioa sendotzeko. Prebentzioaren eremuan, umetoki-lepoko minbiziaren baheketa hiru lurralde historikoetara zabaldu izana ere nabarmentzen da. Aldi berean, jaioberrien patologien baheketan, aho-hortzetako osasunean edo GIB/hiesan, STGetan eta C hepatitisean, besteak beste, egiten den etengabeko ahaleginari eutsiko zaio. Osasun sailburuak, gainera, SANO - Haurren Obesitatea Prebenitzeko Plan Berezia gogorarazi du, bai eta hil honen hasieran aurkeztutako Suizidioa Prebenitzeko Euskadiko Estrategia ere.

Zahartzearen, kronikotasunaren eta mendekotasunaren erronkei heltzea da Osasun Sailaren hirugarren ildo estrategikoa; ildo horretarako, Nekane Murgaren iritziz, funtsezkoa da lehen mailako arretaren garapenean sakontzen jarraitzea. Hori horrela, Lehen Mailako Arretarako Estrategian aurreikusitako 35 neurriak zabaltzeko konpromisoa berretsi du (hasi dira dagoeneko zabaltzen), eta berriro ere agertu du bide horretan aurrera egiteko elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko apustua. Sailburuak, halaber, Euskadiko Plan Onkologiko Integrala aipatu du, bai eta Onkologikoa Osakidetzarekin lotu izanak ekarri dituen aurrerapenak ere, oraintsu sortu den Kudeaketa Klinikoko Unitatearekin.

Laugarren ildo estrategikoak osasun-sistemaren modernizazioarekin eta jasangarritasunarekin du zerikusia. Atal honetan, Eibarko Ospitale berriaren zabalkundea erabat amaitzea aurreikusten da, bai eta AUOko zerbitzu orokorren eraikin berria eraikitzea, osasun-zentro berriak egitea Murgian (Araba), Iralan (Bilbo) eta Alde Zaharrean eta Aieten (Donostia), Zallan espezialitateen zentro berria eraikitzea eta hiru lurralde historikoetako zentroetan teknologia eta ekipamendua berritzea ere.

Bosgarren ildo estrategikoa profesionalei buruzkoa da. Kapitulu honetan, berriro ere azaldu du lan-arloarekin elkarrizketan jarduteko prest dagoela, eta aurreratu du, halaber, laster, Eusko Legebiltzarrean, LEPen eredu berriaren proposamena aurkeztuko dela, Osasun Sailak eta Osakidetzak hartutako konpromisoa betetzeko.

Azkenik, osasun-zientzietako ikerketa eta berrikuntza seigarren ekintza-lerroan sartzen dira, Euskadiko osasun-politiken barruan. Biak jotzen dira ezinbesteko tresnatzat, osasun-arloko emaitzak hobetzeko, osasun-sistema eraldatzeko eta euskal gizartearen ekonomia- eta gizarte-garapenean laguntzeko. 

 

MENINGITISAREN AURREAN BABESTEKO ERREFORTZUA

Euskadiko umeak meningitisaren aurrean gehiago babesteko erabakia hartu da azken urteotan Europan eta AEBn eta Kanadan gaixotasun meningogozikoaren epidemiologian –meningitis izenez ezagutzen da– izan den aldaketa egiaztatu ondoren; W eta Y serotipoek eragindako kasuek goraka egin dute, pixkanaka.

Gaixotasun hori prebenitzen duen txertoaren hirugarren dosia 12 urterekin ematen da –lehena 4 hilerekin eta bigarrena 12 hilerekin–; beraz, egutegiko aldaketak datorren ikasturtean dagoeneko 2008an jaiotako umeetan izango du eragina. Beraiei lehen aldiz emango diete txerto berria, baina egutegiaren aldaketak aurretik jaiotakoengan ere izango du eragina, zehazki 2001aren eta 2007aren artean jaiotakoengan. Horiek, nahiz eta C meningokokoaren hirugarren dosiaren txertoa jaso duten, beste txerto bat gehiago jasoko dute. Kasu horretan, txertoak pixkanaka emango dira:

  • 2019-2020 ikasturtea: 2001, 2002 eta 2004an jaiotako gazteak
  • 2020-2021 ikasturtea: 2003 eta 2005ean jaiotako gazteak
  • 2021-2022 ikasturtea: 2006 eta 2007an jaiotako gazteak

Txertoak 2019ko urrian hasiko dira ematen, eta aurreikusten da, datozen hiru urteotan, guztira 215.000 ikaslek hartuko dutela txertoa.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 19a

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2019.eko ekainak 19

    Si claro que tengo algo que decir. Lo he resumido en este Link y no se molesten en constestar, ya no les creo. Gracias https://imanolgomez.blogspot.com/search/label/OSAKIDETZA

Komunikabideek behera kargatzeko