Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak LGTBIren esparruko barneko sentsibilizazio eta kontzientziazio jardunaldi bat egin du

2019.eko ekainak 19

Gorroto Delituen Prebentzioari buruzko polizia-jarraibidetik sortu da jardunaldia

Ertzaintzak LGTBIren esparruko dibertsitateari buruzko barneko sentsibilizazio eta kontzientziazio jardunaldi bat egin du gaur Bilbon, aginte-eskala goreneko eta exekutiboko kideei zuzenduta. Gorroto Delituen Prebentzioari buruzko polizia-jarraibidetik sortutako ekintza izan da, eta Iñigo Lamarca legelariak, Jesús Estomba psikologoak eta LGTBI elkarteen ordezkariek parte hartu dute bertan. Ertzaintzaren zuzendariak jakitera eman du “Gorroto-delituen aurrean, salatu, beti entzungo dizugu” izenburua duten hiru mila liburuxka banatuko direla.

Diskriminaziorik ezaren printzipioa ezartzea, diskriminazioaren aurrean tratu-berdintasuna aldeztea, funtsezkoa da elkarbizitza bermatzeko, eta gorroto-delituak jazartzeak horregatik du lehentasuna Ertzaintzarentzat, erakundearen polizia-jarraibideetako batean jasota dagoen moduan. Esparru horretan egin da LGTBIren arloko barneko sentsibilizazio eta kontzientziazio jardunaldia, aginte-eskala goreneko eta exekutiboko kideei zuzenduta (komisariordetik hasi eta superintendentera bitartean).  Jardunaldiak ateak zabalik izan ditu segurtasunaren arloko Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz dibulgazio-programan borondatez parte hartzen duten eta herritarren kolektiboei hitzaldiak ematen dizkieten ertzainentzat ere.

Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondok eman dio hasiera Bilboko Casinoan egin den topaketa honi, eta ehun ertzainetik gora izan dira bertan. Lehenengo hitzaldia Iñigo Lamarca legelariak, Ararteko ohiak, eman du “Ertzaintzaren aldetik nola babestu behar bezala LGTBI pertsonen eskubideak” izenburupean. Jarraian, BERDINDU sarearen arduradunak, Jesús Estombak, esku hartu du. Berdindu sexu- eta genero-aniztasunari buruz informazioa eta arreta emateko zerbitzua da, Eusko Jaurlaritzak sustatua, eta bi kontzeptu horiek azaldu ditu Jesús Estombak bere saioan.

Esku hartzen hirugarrena Isabel Tapia, 2006an sortutako Gaylespol – LGTBI+ Polizia Elkartearen lehendakaria, izan da, eta “Polizia eta LGTBI kolektiboa” izan da bere azalpenaren izenburua. Azkenik, mahai-inguru batean esku hartu dute Sarai Montesek, Errespetuz – Pertsona Transexualen Defentsarako eta Integraziorako Elkartearen izenean; Elena Olartuak, Aldarte elkartearen zerbitzu juridikoaren izenean; Aratz Castrok, 2013an sortu zen eta gizartearen, kulturaren eta irakaskuntzaren esparruan programak garatzen dituen irabazi asmorik gabeko Ortzadar elkartearen izenean; eta Isabel Tapiak berak, Gaylespol elkartearen izenean.

Topaketari goizean bertan eman zaio amaiera ondorio nagusiak ateratzeko tartetxo baten ondoren.

 

Salatu, beti entzungo dizugu

Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondok jakitera eman du Ertzaintzak informazio-liburuxka bat prestatu duela “Gorroto-delituen aurrean, salatu, beti entzungo dizugu” izenburupean. Euskaraz eta gaztelaniaz dauden 3.000 ale banatuko dira ertzain-etxeetan, LGTBI elkarteetan eta Bizkaiko hiriburuan ekainaren 20tik 23ra bitartean egingo den Bilbao Bizkaia Harro jaialdian.

Horrez gainera, Gervasio Gabirondok gogoratu du Ertzaintzak antzeko kontzientziazio-jardunaldi bat egin zuela joan den apirilean Zarautzen, immigrazioaren esparruko dibertsitatearen inguruan. Era berean, era honetako beste bi barne-jardunaldi antolatzeko asmoa dago. Bat, mugikortasun fisikoaren eta esparru intelektualaren arloko dibertsitate funtzionalari buruzkoa eta bestea, ijitoen herriaren errealitateari buruzkoa. Polizia-kidego honen baitan egiten den kontzientziazio eta sentsibilizazio lan horren bitartez, aginte-eskalentzat ez ezik ertzain guztientzat ere antolatuko dira ekintzak.   

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau