Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Gemma Zabaleta: “2010. urtean kooperatiba berri gehiago eratu izana sektore horretan enplegua berreskuratuko den seinale da”

2011.eko martxoak 30

 

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Euskadiko kooperatibekin duen konpromisoa berretsi du Legebiltzarrean, eta mugimendu horrek pertsonen zerbitzuan dituen betiko balio eta printzipioak goraipatu ditu.

Gemma Zabaletak Gizarte Ekonomiaren egoeraren azterketa egin du Gasteizko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean, eta, adierazi duenez, "kooperatiben sarea osatzen duten enpresek konponbide partekatuak bilatu eta ardura partekatua sustatzen dute, langileen, enpresaburuen eta gizarte osoaren artean".

Sektoreko enpresen egoera zehazterakoan Zabaletak adierazi duenez, Gizarte Ekonomiako Euskadiko enpresek zikloaren araberako bilakaera izan dute, eta horregatik, enplegua galdu egin da enpresa horietan ere. Hala ere, murrizketa gogorraren ondoren, 2009 eta 2010. urtean igo egin da eratutako kooperatiba berrien kopurua, eta horrek enplegua berreskuratuko dela iragartzen du".

Sailak Euskadiko ekonomiaren sektore horri ematen dion laguntzaren erakusgarri, Gizarte Ekonomia ordezkatzen duten entitateei 2010. urtean laguntzak igo izana aipatu du sailburuak; izan ere, lehenengo aldiz Enplegu Zentro Bereziak, gizarteratzeko enpresak eta fundazioak gehitu baitzaizkie. Azken bi urteetan era horretako enpresentzako laguntzak gehitu egin dira: 2008. urtean 438.000 euro eman ziren, eta 2010. urtean, berriz, 722.300.

Dauzkagun azken datuen arabera (2009. urtekoak), 73.295 langilek lan egiten dute sektore horretan, EAEko langileen % 7,70k, hain zuzen ere. Betiko ekonomiak (kooperatibak eta lan-sozietateak) 59.835 lanpostu sortzen ditu, EZB-ELHABEkoek, berriz, 7.232, eta aurrezki kutxek 5.642.

Joan den urtetik kontratazioaren eta jardueraren gehikuntza izaten ari da sektore horretan. "Lehenengo aldiz gizarte-ekonomiak ez du zikloaren aurkako bilakaera izan, eta hori gizarte-ekonomiako enpresen heldutasun-prozesuaren seinale izan liteke, batez ere kooperatiben kasuan", baieztatu du Zabaletak.

Enplegua industriaren eta zerbitzuen sektoreetan kontzentratzen da. Lehenengo aldiz, hirugarren sektorea industriaren gainetik jarri da, nahiz eta gizarte-ekonomiaren profila euskal ekonomia osoarena baino lotuago egon industriari (% 47,79 eta  % 25,56, hurrenez hurren). Bestalde, Enplegu Zentro Bereziek (EBZ) EAEko 6.300 pertsonentzako enplegua ematen dute, eta, fakturazioa jaitsi dela nabaritu duten arren, enpleguari eusteko gauza izan dira, bereziki desgaitasuna duten langileen kasuan. Aldi berean, GIZATEAn elkartzen diren gizarteratze-enpresetan enplegua eta diru-sarrrerak gehitu egin dira.

Kreditu-kooperatibek eutsi egin diote enpleguari, nahiz eta bulegoen kopurua jaitsi egin den. Aurrezki kutxetan jaitsi egin da 2008 eta 2009. urteetan, finantza-krisiak behartutako leihakortasunaren hobekuntza dela-eta.

Bestalde, OINARRI elkarren bermerako sozietateak nabarmenki gehitu ahal izan du bere bazkideen kopurua, baita emandako abalak ere, Eusko Jaurlaritzaren programetan aktiboki parte hartuz; horrela, Estatuko Elkarren Bermerako bosgarren sozietate gisa finkatu da gauzatutako abalen arabera. 

Azkenik, Enplegu sailburuak adierazi du beharrezkoa dela betiko gizarte ekonomiako enpresetan bildutako esperientzia eramatea desgaituentzako Enplegu Zentro Berezietara eta gizartean baztertuta dauden giza taldeak laneratzeko enpresetara. "Horrez gain, Europarekin dugun balantza orekatzen saiatuko gara, Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen eta Europako Parlamentuak Gizarte Ekonomiaren alde hartu dituzten erabakiak baliatuz, Europako gizarte‑eredua finkatzeari lotuta eta EB 2020KO Estrategian jasotako enplegu‑helburuak lortze aldera", adierazi du Zabaletak.

 

                                        2008               2009               2010

 

Eratutako kooperatibak:         73                   132                 173    

 

Lan elkartuko kooperatibak:     48                   107                 133

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)