Eu

Beatriz Artolazabal´ek Eskozia´ko Gobernuarekin kalitateko gazte-enplegua sustatzeko ekimenak aztertu ditu

2019.eko ekainak 19
  • Bilera Derek MacKay Eskoziako Gobernuko presidenteorde eta Finantzetako, Ekonomiako eta Bidezko Enpleguko ministro idazkari nagusiarekin
  • Jamie Hepburn Enpresako, Bidezko Enpleguko eta Trebetasunetako ministroak Eskozian lan-merkatua nolakoa den azaldu dio, zein den digitalizazioak enpleguan duen inpaktua, bai eta Eskozian garatutako enplegagarritasun-programekin zerikusia duten beste zenbait gai ere.

Edinburgo, 2019-06-19

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, bilera izan du Derek MacKay Eskoziako Gobernuko presidenteorde eta Finantzetako, Ekonomiako eta Bidezko Enpleguko ministro idazkari nagusiarekin. Gazte-enpleguari, enpleguko genero-berdintasunari eta desgaitasuna duten pertsonen enpleguari buruzko zenbait alderdiren gainean jardun dute.

Era berean, Susan Aitken Glasgowko Alkate andrea Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari Glasgowko Inklusio Estrategia eta bertako enplegu-programak, udaleko gizarte-zerbitzuak, haurrei eta familiei laguntza emateko gakoak eta etxerik gabekoentzako arreta azaldu dizkio. Aileen Campbell, Erkidegoetako eta Tokiko Gobernuko Ministroa eta Shirley-Anne Somerville, Gizarte Segurantzako eta Nagusientzako Ministroa, Artolazabal sailburuarekin izandako beste topaketa batzuetako protagonista izan dira

Artolazabalek topaketak izan ditu Eskoziako Gobernuko zenbait ministrorekin, enplegurako prestakuntzari eta kalitateko gazte-enpleguari buruzko esperientziak aztertu eta partekatzeko. Jamie Hepburn Enpresako, Bidezko Enpleguko eta Trebetasunetako ministroak Eskozian lan-merkatua nolakoa den azaldu dio, zein den digitalizazioak enpleguan duen inpaktua, bai eta Eskozian garatutako enplegagarritasun-programekin zerikusia duten beste zenbait gai ere.

Topaketetan, halaber, Murok, Lide Amilibiak eta Borja Belandiak ere parte hartu dute; topaketa horiek bere garaian Eskoziako eta Euskadiko gobernuen artean esperientziak trukatzeko sinatutako akordioan sartzen dira. Akordio horren bidez, lan-merkatuko politiken eremuan jardunbide egokien trukea eta elkarrekiko ikaskuntza sustatu nahi da eta, bereziki, enplegu-zerbitzuei, lan ekitatiboari, kualifikazioari eta lanbide-heziketari buruzko esperientzien trukea. Gainera, bi gobernuek sustatzen dute elkarrekiko ikaskuntza gazte-enpleguaren eta desgaitasunen bat duten pertsonen enplegurako laguntzaren eremuetan; horrela, lankidetzarako etengabeko kanalak sortzen dituzte.

“Kasu honetan, gazte-enplegua eta desgaitasunen bat duten pertsonen lan-integrazioa jaso ditugu lehentasunezko lankidetza-eremu gisa; izan ere, Jamie Hepburn ministroarekin izan genituen elkarrizketetan aztertu genituen, Vitoria-Gasteizen bisitatu gintuenean”, esan du Artolazabalek.

Goizeko lehen orduan, euskal ordezkaritzak Skills Development Scotland (SDS) ezagutu du, Eskoziako gaikuntza-agentzia, “Eskoziako Gobernuarentzako Gaikuntzako Estrategia Ekonomikoen zerbitzuak emanez, Eskoziaren hazkuntza ekonomiko jasangarriari laguntzea” helburu duena. Departamentuz kanpoko erakunde publikoa da (DKEP), erantzukizun mugatuko sozietatearen estatusa du, eta administrazio-kontseiluko kideak sozietateko zuzendari ez-exekutiboak dira.  

My World of Work

SDSk Eskozia osotik dauden bazkideekin lan egiten du, Lankidetza Kudeaketako Gaitasunak egiteko zerbitzuak emateko, adin guztietarako lanbide-informaziorako, -aholkularitzarako eta -gidarako zerbitzuaren bitartez; “My World of Work (nire lan-mundua) edo SDSren web-zerbitzua, zeinak pertsonei beren buruaz eta etorkizuneko lan-munduaz gehiago ezagutzen laguntzeko zenbait tresna, funtzionaltasun eta lan-informazio eskaintzen baitizkie; “Modern Apprenticeships (ikaskuntza modernoak), zeinak bitartekoa ematen baitu, enpresek sartzen diren langileei eta dagoeneko bertan daudenei sektoreko araudi aintzatetsien gaineko prestakuntza emateko; Our Skillsforce (gure gaitasunen indarra), zeinak enpresaburuei plantilla trebatua kontratatzeko, garatzeko eta planifikatzeko euskarria ematen baitie, enpresaburuaren gaikuntzako eta ekipoko web-zerbitzuaren bidez; Partnership Action for Continuing Employment (PACE) (enplegu jarraiturako aliantzan oinarritutako ekintza), zeina enplegua galdu dutenentzako laguntzaren prestazioaren buru baita; eta Individual Learning Accounts (banako ikaskuntzaren kontuak), zeinak finantza-laguntza ematen baitu, banako ikaskuntzarako. 

1.500 laguntzaile ditu Eskozia osotik lanean, eskola, lanbide-heziketako zentro eta bazkide laguntzaileen kokalekuetan; SDS “trebetasunen garapenean eta Eskoziako ekonomia modernoari, berritzaileari eta oparoari laguntzen” zentratzen da. SDSk konpromisoa du enpleguan ekitatean eta aniztasunean buru den Eskozia eraikitzeko.

Bazkideekin elkarlanean dihardu eta, horrela, SDSk bermatu egiten du enpresek gaitasun egokiak izatea une egokian goi-errendimenduko lanpostuetan, lanpostu bidezko eta berdinzaleetan, eta pertsona bakoitzak enplegua lortzeko eta lanpostuan aurrera egiteko gaitasun eta konfiantza nahikoak izatea eta, horretarako, bere ahalmen guztia garatzea.

SDSk enpresaburuei ematen dien laguntzaren barruan, plantilla garatzeko gaitasunei eta finantzaketari buruzko aholkularitza pertsonalizatua dago; 27.000 ikastun berrik baino gehiagok hasten dute beren ibilbidea urtero. Horrek enpresei, gizarteari eta ekonomiari ekartzen dizkien abantailak aintzat hartuta, zifra hori areagotu eta 2020rako 30.000 pertsona izateko konpromisoa hartu dute.

SDSk 23 eskola konbentzionalekin eta Edinburgoko behar berezien 9 eskolekin lan egiten du. Taldeko lanaren bidez, eskolatutako gazteek lanbide-kudeaketako trebetasunak gara ditzakete.  Bai eskolan, bai ondoren, my world of work webgunea erabiltzen dute, beren zerbitzuak emateko.          

            

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak