Lehendakariak Euskadi Basque Country Egunaren lehen edizioa inauguratu du
Iñigo Urkullu Lehendakariak “Abangoardia maite duen antzinako herria” jardunaldia inaguratu du, honekin Euskadi Basque Country Eguna-ren lehenengo edizioa ospatu da, Euskadi-Basque Country herrialde marka bultzatzeko urteko jardunaldia.
“Euskadi Basque Country Eguna” jardunaldia Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak sustatu du, eta Euskadi-Basque Country herrialde-marka garatzen laguntzen duten erakunde, agente (ekonomiko, kultural, akademiko edo sozial) eta pertsonei zuzenduta dago. Baita nazioarteko agenda garatzen duten pertsonei edota nazioartekotze prozesua hasteko aurreikuspena duten pertsonei ere. Jardunaldiaren helburua bikoitza da: Euskadi marka sustatzea, horren inguruko ahaleginak batzea, eta gure mugetatik kanpo dauden pertsona eta erakundeen esperientzia azpimarragarriak partekatzea.
Bere jardunean Lehendakaria bat etorri da benetako euskal errealitatea, plurala, anitza, irekia eta abegikorra, munduan ezagutzera eman eta sustatzeko asmoarekin. “Aurrera jarraitzea da gure erabaki irmoa, konpromisotik, adostasunetik eta elkarlanetik abiatuta, jakin baitakigu elkarrekin lan egitea dela aukera bakarra gure Herrialdea ezagutzera emateko eta erakargarriago bihurtzeko”, gaineratu du.
Nazioartekotzeko eta kanpora irekitzeko ahalmena ezagutzen duen eta ahalmen hori bizi eta horretan sinesten duen Herrialde gisa definitu du Euskadi Lehendakariak. Hala, adierazi duenez, orain aurrerapauso bat gehiago eman dugu Euskadi Basque Country markaren erabilera zabaltzera eramaten gaituen bidean. Lehendakariak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da euskal gizarteak partekatutako balioak, besteak beste, ahaleginaren kultura, konpromisoa, gainditzeko gaitasuna, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna eta justizia soziala, Euskadiren irudiarekin lotzen laguntzea eta “nazioartean aurkezteko gure nortasun-agiria izatea”.
Lehendakariak iragarri duenez, datorren urtetik aurrera, Egun honen esparruan, “Euskadi Basque Country Lagunak” sariak emango dira: Euskadi Basque Country irudia kanpoan indartzen laguntzeagatik nabarmentzen diren pertsona fisikoei edo juridikoei ematen zaien saria.
Jardunaldiak hogei parte-hartzaile inguru bilduko ditu. Ekintzak Argentinako brandingeko aditu eta FutureBrand agentziako zuzendari Gustavo Koniszczer-ek esparru-hitzaldi bat izan du lehendabizi. Bertan, Euskadi markari eta haren ikurrei buruz egindako azterketa zabalaren emaitzak eta markak eraldaketa-tresna gisa eskaintzen dituen aukerak jakinarazi ditu.
Ondoren, Euskadi markaren pertzepzioa hainbat esparrutatik abiatuta aztertu da hiru mahai-ingurutan.
Lehen mahai-ingurua gizarte-kohesioari, lankidetzari eta autogobernuari buruzkoa izan da, eta Euskadik elkartasunaren arloan gure mugen barruan zein muga horietatik kanpo egiten duen jardueran eredu propio bat izateak duen eragina aztertu da bertan. Mahai-inguruaren moderatzailea Olatz Arrieta izan da, ETBko korrespontsala Bruselan. Bertan hitz egin dute, honako hauek: Global Sharpers Bilbao ekimenaren koordinatzaile Estíbaliz Arenzana, eta Deustuko Unibertsitateko irakasle Leyre Arrieta.
Bigarren mahai-inguruan, ETBko kazetari Vanessa Sánchez aritu da moderatzaile-lanetan, eta Euskadi-Basque Country herrialde-marka aztertu da benetakotasunaren, kulturaren eta erakarpenaren ikuspegitik. Parte hartu dutenak honako hauek dira: Eneko Atxa sukaldaria, Boiseko Unibertsitateko itzultzaile Nere Lete, Musika Bulegoko zuzendari Miryam Miranda eta Guggenheim Bilbao museoko zuzendari Juan Ignacio Vidarte.
Hirugarren mahai-inguruan, berriz, Euskadi-Basque Country herrialde-marka aztertu da lehiakortasunaren, hezkuntzaren eta talentuaren ikuspegitik, eta parte hartu dutenak honako hauek dira: CAFeko presidente Andrés Arizkorreta, DIPCko zuzendari Ricardo Díez Muiño, BCBLko eta Ikerbasqueko ikertzaile Clara Martín, eta Amarenak-eko ekintzaile Ohiane Pardo.
Jardunaldian, Kirmen Uribe poetak (New Yorketik) eta Ion Ander Beloki artistak ere parte hartu dute. Haien guztien arte-ibilbideek ospe handia izan dute nazioartean.
Kanpo Harremanetarako Idazkari Marian Elorzak itxi du jardunaldia. Itxierako ekitaldiko diskurtsoan, Marian Elorzak azpimarratu duenez Euskadi ordezkatu eta balioa emango dion marka bat sendotzea benetako lan korala da. “Hori lortzeko autentikotasuna, iraunkortasuna eta lankidetza behar ditugu”, adierazi du. Bestalde, Kanpo Harremanetarako Idazkariak azpimarratu du euskal gizartearen berezitasunak eta milurteko kulturak, eta balioek, ezaugarriek eta indarrek aukera-eremuak eskaintzen dituztela modu sinesgarri, iradokitzaile eta bereizi batean Euskadi munduan aurkezteko.
“Euskadi Basque Country Eguna”, nolanahi ere, nazioartekotzearen arloko ardatzak eta ildoak zehazten dituen Nazioartekotzeko Esparru Estrategia 2020: Basque Country Estrategiaren barruan aurreikusitako ekintzetako bat da.
Bizkaia Aretoan ospatu den ekitaldian izan dira honako sailburu hauek: Josu Erkoreka, Arantxa Tapia, Iñaki Arriola, Nekane Murga, Sonia Pérez, Bingen Zupiria, Cristina Uriarte eta Mª Jesús San José; eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako Idazkaritzako arduraduna eta jardunaldiaren sustatzailea. Baita Bakartxo Tejeria Parlamentuko lehendakaria, Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Foru Diputatua, Juan Mª Aburto Bilboko Alkatea eta Gorka Urtaran Gasteizko Alkatea.
-
2019-06-19
¿Y por qué no estaba la bandera de España junto al presidente vasco https://twitter.com/Gob_eus/status/1141304611866910720?
Alguien podría suponer que las Vascongadas ya son independientes o que aquí las leyes no se cumplen, empezando por la Constitución, http://www.congreso.es/consti/constitucion/indice/titulos/articulos.jsp?ini=4&tipo=2